BIZKAIA ALERTA LARANJAN

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Euriteek uholdeak eragin dituzte Bilboko Zazpikaleetan eta Artatzako errepidea itxi dute

Arratsaldean gogotik bota du, eta Arrigorriagan eta Bilbon metro koadroko 60-70 litro pilatu dira. Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren arabera, SOS Deiak zerbitzuak 150 bat abisu jaso ditu euriteekin lotuta.

Iragarkia
18:00 - 20:00

Euri jasa handiek uholdeak eragin dituzte Bilboko Zazpikaleetan eta Kale Nagusian. Leioan, berriz, Artatzako tunelak itxi behar izan dituzte, ur putzu handiak sortu direlako. Euriak zirkulazio arazoak eragin ditu Bizkaiko hainbat tokitan.

Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren arabera, SOS Deiak zerbitzuak 150 bat abisu jaso ditu 20:30era arte, gehienak Bizkaian. Hainbat lekutan, uholde txikiak eta ur putzuak izan dira.

Bilbon 137 gorabehera zenbatu dituzte, gehienak euriteekin lotuta, uholdeak eta putzuak izan baitira. Arratsaldeko zaparraden eraginez, urak Zazpikaleetako hainbat kale hartu ditu.

Leioan, Artatzako tuneletako zirkulazioa eten dute, ura pilatu baita. Euriaren ondorioz, beste gorabehera batzuk ere izan dira Getxon, Basaurin, Laudion, Galdakaon, Sestaon eta Erandion.

60 litro baino gehiago 12 orduan

Prezipitazio iraunkorrak izateko arriskuagatik ezarritako abisuak igande goizaldera arte jarraitu du. 06:00ak bitartean, 60 litro baino gehiago pilatu daitezke metro koadroko 12 orduan.

Igandeko lehen orduetan, egoerak pixkanaka hobera egingo du, aurreikuspenen arabera. Hala ere, abisu horia 06:00ak arte egon da indarrean.

Jasotako datuak

Ekaitzek indar handiz jo dute batez ere lurraldearen mendebaldean, Aiaraldean eta Enkarterrin bereziki.

Gardea Laudioko estazio meteorologikoan, esaterako, 11,4 litro pilatu dira metro koadroko 10 minutuan. Betelurin, Arrigorriagan, 9,2 litro jaso dituzte epe berean; Urduñan, berriz, 7,4 litro.

Zallan, 5,9 litro pilatu dira 10 minutuan, eta kopuru bera jaso dute Aretan ere, Araban.

Euskalmetek iragarrita zuen arratsaldean zaparrada ertainak eta trumoitsuak izango zirela. Zenbait tokitan, gainera, zaparrada gogorrak edo oso gogorrak izan zitezkeela ohartarazi zuen. 

Meteofrancek ere abisu horia izan du indarrean Iparraldean, ekaitz arriskuagatik. Abisua larunbateko 20:00ak arte egon da indarrean.

Azken orduan, 18,8 milimetro pilatu dira ordubetean Dulantzin, 17,9 milimetro Berriatuan, 16,1 Oletan eta 15,5 Arkautin.

Larunbat arratsaldeko datuak

Metatutako kopuru handienak Bizkaiko mendebaldean pilatu dira. Arratsaldean, metro koadroko 30 litro inguru pilatu dira Getxon eta Bilbon, eta Arrigorriagan eta Bilbon, berriz, metro koadroko 60 eta 70 litro artean.

Besteak beste, Betelurin, Arrigorriagan, 73,2 litro metro koadroko, eta Abusuko estazioan, Bilbon, 60 litro.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X