Alerta euriagatik penintsulako ekialdean, 150 l/m² baino gehiagorekin Castellon
Euriteek alerta egoeran mantentzen dute Mediterraneoko kostaldearen zati handi bat, bereziki Valentziako Erkidegoan eta Katalunian, ES Alert abisuak aktibatu baitituzte prezipitazio handiak izateko arriskuagatik. Castellon, Ainen metro koadroko 153,8 litro pilatu dira, eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoak Tortosa inguruan uraldiak izateko arriskuaz ohartarazi du.
Azken orduetan, Larrialdi Zerbitzuek gutxienez hiru ES Alert abisu eman dituzte Valentziako Erkidegoko hainbat gunetan, euri-jasa handiak izateko arriskuagatik.
Associació Valenciana de Meteorologia (Avamet) erakundearen datuen arabera, Ainek izan du metatutako kopururik handiena, 153,8 l/m²; ondoren Eslida (132 l/m²), Corbera (123,7) eta Xodos (112,8) daude. Zenbait tokitan metro koadroko 90 litro baino gehiago erregistratu dira ordubetean.
Tavernes de la Valldignan (96 l/m²), Yatovan (93,2) eta Alziran (90,4) ere pilaketa handiak izan dira.
Ikastetxeak itxita eta garraioa bertan behera
Valentzian, Udalak ikastetxeak ixtea erabaki zuen atzoko 15:00etatik aurrera, eta kalera ez ateratzeko gomendatu zien herritarrei. Gainera, kiroldegietan aterperik gabeko pertsonentzako guneak prestatu zituen.
Renfek 18:00ak aldera eten zuen aldiriko trenen zerbitzua. Erabaki horrek langile asko garraiorik gabe utzi zituen etxera itzultzeko, eta arazoak eta pilaketak eragin zituen hainbat tokitan.
Bartzelonako aire-zirkulazioan ere eragina izan du denboraleak, eta Loiun gutxienez bi hegaldi bertan behera geratu dira.
Abisuak Katalunian eta urak gora egiteko arriskua
Katalunian, bi ES Alert abisu igorri dira Tarragonako eta Bartzelonako herrietan, milioi bat pertsona inguruk jaso dute.
Ebroko Konfederazio Hidrografikoak, gainera, Tortosa inguruan uraldiak izateko arriskuaz ohartarazi du, bertan izan baitira gertakariko zaparradarik handienak.
AEMETek alerta gorria mantenduko du gaur Tarragonako hegoaldearen eta Castelloko hegoaldearen arteko kostaldean prezipitazio handiengatik. Halaber, Bartzelona hegoaldearen eta Murtziaren arteko kostaldea abisu laranjan egongo da euriteak eta ekaitzak izateko arriskuagatik.
Zure interesekoa izan daiteke