Loiu eta Bartzelona arteko hainbat hegaldi bertan behera gelditu dira Mediterraneoko denboralearen ondorioz
Penintsulako hego-ekialdean, batez ere Valentziako Erkidegoan eta Tarragonan, bizi duten denboralea eragina izaten ari da euskal aireportuetan, zehazki, Bartzelona eta Bilbo arteko aire-trafikoan. Egunean zehar, atzerapenak izan dira bi hiri horiek lotu dituzten zenbait hegalditan. Arratsaldean, zehar berriz, bertan behera utzi dituzten lehen bi hegaldien berri eman dute. Hurrengoak dira:
- 19:50ean Loiutik Bartzelonako El Prat Josep Tarradellas aireportura zihoana
- 23:00etan Bartzelonatik Loiura etortzekoa zen hegaldia
Izan ere, AEMET meteorologia agentziak eguraldi makurra iragarri du gaurko eta biharko penintsulako hego-ekialdean. "Egoera oso txarra" izango dela ohartarazi du. Egunean zehar, laranja koloreko abisua izan du indarrean baina, egoerak okerrera egingo duelakoan, alerta gorria ezarri du 18:00etatik aurrera Valentziako erkidegoan eta Tarragonan.
Valentziako Generalitateak Es-Alert bat bidali du goizean, joan-etorriak saihesteko eta sakanetatik urruntzeko eskatuz. Era berean, eskolak bertan behera utzi dituzte Valentziako eta Castelloko ikastetxe askotan, eta 2024ko DANAk kaltetutako udalerriek uholdeen aurkako hesiak jarri dituzte.
Ostiralean, denboralea goi-ordokietara eta Aragoira zabalduko da.