EUSKARA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Gizarteak euskararekin duen harremana hobeto ulertzeko entzute prozesua abiatu du Eusko Jaurlaritzak

Ikerketak Euskal Herriko zazpi lurraldeetako ahotsak bilduko ditu, banakako 600 elkarrizketa eta 12 talde fokalen bitartez, euskararen inguruko esperientziak, emozioak eta narratibak ezagutzeko.

Euskararen ahotsak, entzute sozialeko prozesua, Jauzia gara

"Euskararen Ahotsak" entzute prozesuaren aurkezpena, gaur goizean. Argazkia: Irekia

Eusko Jaurlaritzak "Euskararen Ahotsak" izeneko entzute prozesua jarri du abian,  gizarteak euskararekin duen harremana nola bizi duen hobeto ulertzeko eta irudikatzeko, eta arlo horretako politika publikoak hobeto bideratzeko, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak ostegun honetan egin den aurkezpenean azaldu duenez. 

"Euskararen Ahotsak" ekimenak Euskal Herriko zazpi lurraldeetako ahotsak bilduko ditu (Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoa), banakako 600 elkarrizketa eta 12 talde fokalen bitartez, euskararen inguruko esperientziak, emozioak eta narratibak ezagutzeko.

"Jauzia Gara" prozesuaren baitan kokatuta dago "Euskararen Ahotsak" ekimena. Prozesuak euskararen erabileran aurrera egiteko beharra planteatzen du, politika publikoak eta gizartearen inplikazioa uztartuz, eta, aldi berean, hizkuntzaren dimentsio emozionalean ere jartzen du arreta.

Bengoetxeak azaldu duenez, entzute ariketa horren helburua "gizartearen kezkak, esperientziak eta desioak hobeto ulertzea da, politikak hobeto bideratzeko".

Azken 40 urteetan euskararen ezagutzan egindako aurrerapenak azpimarratu ditu Bengoetxeak, baina "eguneroko hizkuntza bihurtzeko nola egin behar dugun" aztertu behar dela uste du. 

Entzute prozesua uztailera arte luzatuko da

Landa-lana 2027ko otsailera arte egingo da, eta, ondoren, analisi- eta interpretazio-fasea hasiko da. Hori dela eta, prozesua 2027ko uztailera arte luzatzea aurreikusten dute. Horrela adierazi dute gaurko aurkezpenean parte hartu duten Mikel Agirre eta Miren Olasagasti (Ikertalderen eta Osoigoren ordezkariak), garapen metodologikoaren arduradunek. 

Helburua izango da esperientzien eta narratiben mapa bat eraikitzea, errealitate soziala hobeto ulertzeko eta tentsioak, zailtasunak eta oztopoak ez ezik, euskararen inguruan dauden topaguneak eta aukerak ere detektatzeko.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X