EAJk lehen dekretuaren alde eta bigarrenaren aurka bozkatuko du
Ostiralean bozkatuko da Diputatuen Kongresuan Espainiako Gobernuak bultzatutako bi etxebizitza dekretuen gainean. Neurri horiek banan-banan bozkatuko dituzte. Podemosek, azkenean, aldeko botoa emango du.
Ostiralean bozkatuko da Diputatuen Kongresuan Espainiako Gobernuak bultzatutako bi etxebizitza dekretuen gainean. Neurri horiek banan-banan bozkatuko dituzte, eta, osoko bilkurarako egun bat falta denean, taldeak euren botoak argitzen joan dira.
PSOEk eta Sumarrek, Espainiako Gobernua osatzen duten bi alderdiek, bi dekretuak babestuko dituztela adierazi dute. Aurreko egunetan, gauza bera egin dute EH Bilduk, ERCk eta BNGk, kontrako iritzia dutela adierazi dituzten arren. Gaur, Podemosek ere alde bozkatzeko erabakia hartu du.
EAJk gaur argitu du bere erabakia. Ohar batean esan duenez, babes "kritikoa" emango dio lehenengo dekretuari, eta bigarrenaren kontra bozkatuko du.
Juntsek iluntzean hartuko du erabakia, 21:00etan egingo duen bilera telematiko batean.
EAJren babes "kritikoa" lehenengoari, eta kontrako botoa bigarrenari
Jeltzaleek baiezkoa emango diote lehen dekretuari, "gabezia handiak" dituen arren. EAJren ustez, arazoari "irtenbiderik emango ez dion adabakia" da, baina egoera ahulean dauden pertsonei mesede egiten die, eta, gainera, hobekuntzak dakartza jabe txikientzat; esan dutenez, "neurri handi batean, alokairu-merkatua horien mende dago".
EAJk horrela azaldu du bere babes "kritikoa". "Espainiako Gobernuak ezin du bi egunean konpondu zortzi urtean konpondu ez duena", gaineratu du.
Era berean, alokairuak automatikoki berritzeko bigarren dekretuaren aurka bozkatuko dutela iragarri dute, "jabe txikiaren aurkako erasoa delako eta eskaintza atzeratuko duelako".
Podemosek iragarri du alde bozkatuko duela, sindikatuarekin bildu ostean
Ione Belarra Podemosen idazkari nagusiak iragarri du bere alderdiak alde bozkatuko duela. Belarrak TVEn egindako elkarrizketa batean azaldu du bi dekretuei babesa emango diela, Maizterren Sindikatuen Konfederazioak eskatu dielako, gaur goizean egin duten bileran.
Espainiako Gobernua, kideak estutu nahian
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak presioa egin nahi izan die Kongresuko talde parlamentarioei dekretuen bozketaren bezperan, eta etxeetan bizi nahi dutenen ala etxeekin dirutzak irabazi nahi dituztenen alde egiteko aukera dutela esan die.
Sanchezek Instagramen zabaldu du mezua, eta politikaren helburua jendearen bizitza hobetzea dela esan du.