Bilboko Aireportuaren izenari Agirre lehendakariarena gehitzea eskatu du Eusko Legebiltzarrak
Hala, Eusko Jaurlaritzak Euskadi eta Estatuaren arteko Aldebiko Aireportu Organoaren esku utziko du azpiegituraren izena aldatzeko eskaera, Aenak baitu oraindik horretarako eskumena.
Eusko Legebiltzarreko gehiengo zabal batek babestu du gaur Bilboko aireportuari Agirre lehendakari izena gehitzea, Eusko Jaurlaritzaren lehen lehendakariaren omenez.
Aena sozietatearena da gaur-gaurkoz aireportuaren eskumena, eta, beraz, hark du azpiegituraren izena aldatzeko ahalmena. Hori dela eta, Eusko Legebiltzarrak berriki sortutako Euskadi-Estatua Aireportuen Aldebiko Organoan parte hartzen duten euskal erakundeei eskatu die foro horretan proposa dezatela eta egin beharrekoa egin dezala Bilboko aireportuak, haren identifikazio geografikoari eutsiz, Agirre lehendakaria izena har dezan.
Imanol Pradalesen Gobernuak hainbat ekitaldi antolatu ditu azkenaldian Jose Antonio Agirre buru izan zuen lehen Eusko Jaurlaritzaren 90. urteurrena ospatzeko.
Onartutakoa EAJren eta PSEren zuzenketa batean jasotzen da. Zuzenketa horrek hainbat ñabardura gehitu dizkio atzera bota den jatorrizko lege proposamenari, EH Bilduk aurkeztutakoari.
Kontrako boto bakarra izan da, Voxena, eta PP eta Sumar abstenitu egin dira. EAJk, PSEk eta EH Bilduk babestu egin dute ekimena, eta aldeko 66 boto batu dituzte.
Izena aldatzeko gestio horiek eskatzeaz gain, Legebiltzarrak, zuzenketak jasotzen duen bezala, lehenengo Eusko Jaurlaritzaren ibilbidea aitortu du aniztasunaren eta desberdinen arteko ulermenaren adibide gisa, euskal autogobernua, demokrazia, askatasuna eta justizia soziala defendatzearen adibide gisa eta bakearen aldeko apustu irmoa eta indarkeria mota guztien gaitzespena nabarmendu ditu.
Hain zuzen ere, gobernu horren ezaugarri izan zen ezberdinen arteko elkar ulertze hori nabarmendu du Pello Otxandiano EH Bilduren Legebiltzarreko bozeramaileak, ibilbide politiko oso desberdineko alderdiekin osatu izana eta autogobernuaren eta askatasun demokratikoaren alde egin izana azpimarratuz.
Joseba Diez Antxustegi EAJren bozeramaileak eta Susana Corcuera sozialistak gerra garaiko lehen Eusko Jaurlaritzaren izaera askotarikoa eta bakearen aldeko apustua azpimarratu dute.
PP abstenitu egin da, aireportuak izen hori izatea gaizki iruditzen ez zaion arren, ez duelako babestuko "Bilduk ezarritako bideari jarraituko dion" ekimen bat, adierazi du Santiago Lopez legebiltzarkideak.
Talde Mistoan, Jon Hernandez (Sumar) ere abstenitu egin da. Adierazi du Agirrek aitortza merezi duela, baina Euskadi faxismoaren aurrean defendatu zuten milaka miliziano eta gudari ere gogoratu behar direla. Amaia Martínez Voxeko legebiltzarkideak, berriz, "mozolokeria" horren aurka bozkatu du.