Heriotza
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Ismail Kadaré albaniar idazlea hil da

88 urte zituela hil da "Ametsen jauregia"ren eta beste hamarka eleberriren egilea. Totalitarismoen eta norbanakoaren arteko harremanean sakondu zuen fikzioan errealitateko gertakariak eta mitoak tartekatzen zituen idazleak.
Ismail Kadaré, 2002an. Argazkia: Lars Haefner, CC BY-SA 3.0 , via Wikimedia Commons
Ismail Kadaré, 2002an. Argazkia: Lars Haefner, CC BY-SA 3.0 , via Wikimedia Commons

Ismail Kadaré albaniar idazlea zendu da gaur goizean, astelehenarekin, France Presse albiste agentziak iragarri duenez. Tiranan hil da, 88 urte zituela, bihotzeko krisi baten ondorioz.

Olerkiak idazten hasi zen Kadaré, baina eleberrigintzak eman zion nazioarteko ospea. Berrogei nobela inguru idatzi ditu, tartean "Ametsen jauregia", "Apiril urratua", "Hiru arkuko zubia", "H. dosierra"… Euskaraz, "Hiru arkuko zubia" (Juan Mari Arzallusek itzulia) eta "H. dosierra" (Juan Mari Arzallusek eta Antton Olanok itzulia) irakur daitezke.

Kadareren eta Enver Hoxhak Albanian 1944an ezarritako erregimen komunistaren arteko harremanek zeresan handia eman dute; Kaderek totalitarismoaren aurka idatzi zuen (Ametsen jauregia da horren adibiderik behinena), baina Hoxharen erregimen zorrotzak lasai samar jokatu zuen haren obrarekin, halere.  

Hoxha hildakoan, Kadare Frantzian erbesteratu zen 1990ean eta Albaniara joan-etorrian ibili zen, harik eta 1999an bere jaioterrian ezarri zen berriz. "Diktadura eta benetako literatura ez dira bateragarriak. Idazlea diktaduraren berezko etsaia da", esan zuen.

Kadareren literatura lotuta dago errealitatearekin, benetako gertakariekin (Kosovoko lurralde afera edo Stalinek Boris Pasternaki 1934an egindako telefono deia, esaterako), baina errealismo sozialistatik oso urrun dago, bere jatorria (Maksim Gorki Literatura Institutuan, Moskun, ikasi zuen, 1961ean Albaniak SESBekiko harremanak hautsi arte) gorabehera; Kadareren liburuetan, dena gertatu ohi da lurralde lauso batean, mitoetatik eta kondairetatik edaten duen unibertso batean.

Zure interesekoa izan daiteke

Las escritoras ganan presencia: el feminismo ha traído nuevas voces, cuerpos y temas
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Emakume idazleek presentzia irabazi dute: ahots, gorputz eta gai berriak ekarri ditu feminismoak

Feminismoak aldaketa sakonak ekarri ditu azken urteotan, baita literaturan ere, eta gai, begirada, ahots, gorputz eta narratiba berriak ekarri ditu. Duela mende erdi emakumezko idazle gutxi zeuden, eta bigarren maila batera baztertuta zeuden, gainera. Orain, berriz, oso garrantzitsua da horien presentzia, eta, besteak beste, sariak eta bekak irabazten ikusten ditugu.

Miren Agur Meabe, Andres Urrutia eta Mikel Ayllon
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Euskaltzaindiak eta EIEk hitzarmena sinatu dute, idazle gazteei laguntzeko

Euskaltzaindiak eta Euskal Idazleen Elkarteak (EIE) lau urterako akordioa adostu dute. Euskaltzaindiak urtean bi ikastaro emango dizkie EIEren bazkideei, bekak deituko ditu eta mentoretza programa abiatuko du. Andres Urrutia euskaltzainburuak, Mikel Ayllon EIEko zuzendaritza batzordeko kideak eta Miren Agur Meabe idazle eta Euskaltzaindiaren idazkariak hartu dute parte ituna sinatzeko ekitaldian. 

Gehiago ikusi
Publizitatea
X