Tere Irastortzaren poemen katalanerako itzulpenarentzat, Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen saria
Glosak·Glossar el Món Tere Irastortza idazleak 1980. eta 2023. urteen artean sortutako poemen hautaketaren katalanezko itzulpenak irabazi du Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen saria.
Liburua Ediciones Contrabando Valentziako zigiluak eman zuen argitara iaz, katalana-euskara edizio elebidunean, Manel Rodríguez-Castellóren itzulpenarekin.
4.000 euro jasoko dituzte, itzultzaileak eta argitaletxeak erdibana, eta 2.000 euroko laguntza gehigarria, irabazleek literatura-lana argitaratu den herrialdean sustapen lanekin (aurkezpenak, publizitate kanpainak, etab.) jarraitzeko.
Tere Irastortzaren (Zaldibia, 1961) 43 urteko ibilbide poetikoa jasotzen du liburuak, eta epaimahaiak nabarmendu du “bikaina” dela itzulpena, “hizkuntzari dagokionez akatsik gabea, arin irakurtzekoa eta jatorrizko testuaren estiloarekiko leiala”.
Saria 2015ean sortu zuten, euskaraz idatzi eta argitaratutako literatur lanen itzulpena aitortzeko, eta aurretik Uxue Alberdiren (katalanera), Miren Agur Meaberen (ingelesera), Katixa Agirreren (nederlandera), Bernardo Atxagaren (japonierara), Eider Rodriguezen (gaztelaniara), Joseba Sarrionandiaren (katalanera), Gabriel Arestiren (ingelesera), Bernardo Atxagaren (ukrainerara), Kirme Uriberen (japonierara) eta Joseba Sarrionandiaren (galegora) lanen itzulpenak saritu dituzte.
Manel Rodriguez-Castelló (Alcoy, 1958) Filologia Hispanikoan lizentziaduna da Valentziako Unibertsitatean, eta katalan irakasle aritu zen Bigarren Hezkuntzan 1983tik 2018ra. Euskaratik egin zuen lehen itzulpena ‘Muga’ liburukia izan zen (Pruna-Edicions del Buc argitaletxea, 2021), lau euskal poetaren poemak biltzen zituena: Felipe Juaristi, Juan Ramon Makuso, Pello Otxoteko eta Aritz Gorrotxategi. Valentziako Laurak Bat Euskal Etxeko bazkidea da.