Sariak
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Eli Tolaretxipik, Matias Mujikak, Jon Gerediagak eta Mikel Ayestaranek ere jasoko dute Euskadi Literatura saria

Gaztelaniazko Literatura, Euskararako Literatura Itzulpena, Euskarazko Saiakera eta Gaztelaniazko Saiakera modalitateetan saritu dituzte, hurrenez hurren, Cuerpos pasajeros, Odisea, Izena eta izana: (hitz poetikoari buruz) eta Historias de Gaza: la vida entre guerras lanengatik. Ixiar Rozas, Yolanda Arrieta eta Kike Ibañez saridunei batu zaizkie gaur iragarritakoak.
Andoni Iturbe, Mikel Ayestaran, Jon Gerediaga, Matias Mujika, Eli Tolaretxipi, Ana Lopez Asensio
Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea, Mikel Ayestaran, Jon Gerediaga, Matias Mujika, Eli Tolaretxipi eta Ana Lopez Jaurlaritzako Kultura sustatzeko zuzendaria

Cuerpos pasajeros –Eli Tolaretxipi–, Odisea –Matias Mujikaren itzulpena–, Izena eta izana: (hitz poetikoari buruz) –Jon Gerediaga– eta Historias de Gaza: la vida entre guerras (Mikel Ayestaran) lanek irabazi dute Euskadi Literatura saira Gaztelaniazko Literatura, Euskararako Literatura Itzulpena, Euskarazko Saiakera eta Gaztelaniazko Saiakera modalitateetan, Ana Lopez Asensio Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako zuzendariak gaur iragarri duenez.

Joan den astean iragarritako saridunei batu zaizkie, hortaz, gaur iragarritakoak; hots, Narrugorrik (Ixiar Rozas), Zurtz (Yolanda Arrieta) eta El diablo sobre ruedas (Kike Ibañez) Euskarazko Literatura, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura eta Literatura Lanaren Ilustrazioa modalitateetako irabazleei.

Sariak

Ixiar Rozasek, Yolanda Arrietak eta Kike Ibañezek jasoko dituzte Euskadi Literatura sariak

Euskarazko Literatura, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura eta Literatura Lanaren Ilustrazioa modalitateetan saritu dituzte, Narrugorrik, Zurtz eta El diablo sobre ruedas lanengatik. Urriaren 21ean iragarriko dituzte Gaztelaniazko Literatura, Euskararako Literatura Itzulpena eta Euskarazko Saiakera eta Gaztelaniazko Saiakera modalitateetakoak.

Ixiar Rozas Euskadi Literatura sariaren irabazlea

Epaimahaiak Cuerpos pasajeros Eli Tolaretxipiren poemategiaren (Ediciones Trea) “kalitatea eta egilearen gaitasun linguistiko eta sortzailea” nabarmendu ditu, “sustrai surrealistako zenbait irudi iradokitzaile eta eguneroko errealitatearekin lotutako erretratuak uztartzeko duen trebetasunagatik”.

Eli Tolaretxipi (Donostia, 1962) Donostiako HEOko ingeleseko irakaslea, poeta eta itzultzailea da. Hainbat poema-liburu argitaratu ditu, besteak beste, Amor muerto-Naturaleza muerta, Los lazos del número, El especulador, Edgar, Incidental eta Clapotis. Itzultzaile gisa, Sylvia Plath, Elizabeth Bishop, Patti Smith, Aurelia Arkotxa eta Itxaro Borda bezalako egileen lanak jarri ditu gaztelaniaz.

Euskararako Literatura Itzulpenaren Saria Matias Mujika Franco de Medinacelik jaso du, Odisea lanagatik (Balea Zuria argitaletxea). Epaimahaiak “literatura unibertsaleko monumenturik handienetako baten itzulpen monumentala” dela adierazi du, eta “testu erraldoi bati euskarazko forma literario zaindua emateko erakutsitako sormen-gaitasuna” ere nabarmendu du.

Era berean, epaimahaiak azpimarratu du itzulpenak euskal klasikoen eta bertsogintza tradizionalaren ezagutza sakona erakusten duela, eta greziar literatura klasikoko obra nagusietako bat irakurleari modu atsegin eta erakargarrian hurbiltzea lortzen duela. Halaber, hitzaurrean itzulpen-prozesuari buruz egindako hausnarketa balioan jarri du.

Matias Mujikak hainbat egileren lanak itzuli ditu euskarara frantsesetik, ingelesetik, alemanetik eta italieratik: Goethe, Boccaccio, Maupassant, Joseph Roth eta Louis-Ferdinand Céline. 2017an ere jaso zuen Euskadi Literatura saria, François Villonen Testamentua lanaren itzulpenagatik.

Euskarazko Saiakeraren Saria Jon Gerediagak jasoko du Izena eta izana: (hitz poetikoari buruz) Pamiela argitaletxeak kaleratu duen lanagatik. Epaimahaiak azpimarratu du “egileak hitz poetikoaren boterean murgiltzeko eta esanahien eraikuntzari buruzko hausnarketa partekatzeko duen gaitasuna”.

Epaimahaiaren ustez, “kalitate handiko literatur saiakera da emaitza, tradizio poetiko jakin baten ezagutza sakona erakusten duena eta irakurlea hausnarketara biltzea lortzen duena”.

Jon Gerediaga Goitia (Bilbo, 1975) poeta, antzerkigilea eta antropologian doktorea da. 2024an Euskadi Literatura Saria irabazi zuen Euskarazko Literatura modalitatean, Zeru-lurren liburua lanarekin.

Gaztelaniazko Saiakera modalitatean, Mikel Ayestaran EITBren berriemailea saritu dute, Historias de Gaza: la vida entre guerras lanagatik (Peninsula). Euskaraz ere irakur daiteke lana, Alberdania argitaletxeak argitaratu zuen Ibon Plazaolaren itzulpenean.

Epaimahaiaren arabera, lanak “kazetaritzaren zorroztasuna eta kalitate literarioko narrazio-eraikuntza” uztartzen ditu. Halaber, epaimahaiak nabarmentzen du “lanak gatazkaren erdian bizi diren pertsonengan jartzen duela arreta, errealitate historiko eta politiko konplexu bati buruzko hurbilketa etiko eta gogoetatsua eskainiz”.

Euskadi Literatura sariak emateko ekitaldia azaroaren 20an izango da, 18:00etan, Bilboko Euskal Museoan. Saridun bakoitzak 18.000 euroko diru-saria jasotzen du. Horrez gain, saritutako lana beste hizkuntza batean argitaratzen bada, 4.000 euroko laguntza osagarria ere jaso dezake. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X