Ixiar Rozasek, Yolanda Arrietak eta Kike Ibañezek jasoko dituzte Euskadi Literatura sariak
Narrugorririk Ixiar Rozasen liburua, Zurtz Yolanda Arrietarena eta El diablo sobre ruedas Kike Ibañezena irabazi dituzte Euskadi Literatura sariak, Euskarazko Literatura, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura eta Literatura Lanaren Ilustrazio modalitateetan, Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak gaur Donostian egindako agerraldian iragarri duenez.
Iragartzeko gelditzen diren modalitateetako irabazleen izenak, Gaztelaniazko Literatura, Euskarazko Literatura Itzulpena eta Euskarazko Saiakera eta Gaztelaniako Saiakera ataletakoak, urriaren 21ean iragarriko dituzte.
Narrugorrik lanetik (Consonni), “egileak egiten duen literatur esplorazio lana” azpimarratu du epaimahaiak, “hizkuntzaren bidez adierazteko modu berriak bilatuz eta literatura-generoen artean mugituz”.
Halaber, epaimahaiak nabarmendu ditu “hizkuntzaren soinu- eta forma-esperimentazioa, baita egileak proposamen berritzaile bat garatzeko duen gaitasuna ere; aldi berean, euskal tradizioan sustraitzen da eta ahozkotasunaren eta idazketaren arteko mugan barrena dabil”.
Ixiar Rozasek (Lasarte-Oria, 1972) narratiba, poesia, arte eszenikoetarako testuak eta testu kritikoak idatzi ditu. Gaur egun, arte-hezkuntzako irakaslea da Mondragon Unibertsitatean, eta Arabako Lasierran dagoen AZALA sorkuntza-espazioko kidea ere bada.
Yolanda Arrietak Zurtz lanean (Denonartean) “umezurtztasunaren kontzeptuari ematen dion esanahi zabala eta iradokitzailea” azpimarratu du Euskarazko Haur eta Gazte Literaturaren sariko epaimahaiak: “Eleberriak sentiberatasunez jorratzen ditu hazkundearekin, nortasun propioaren bilaketarekin eta desberdina sentitzearekin lotutako bizipenak”.
Irakaslea, antropologoa eta idazlea da Yolanda Arrieta (Etxebarri, 1963).
Kike Ibañez Fernandez saritu dute Literatura Lanaren Ilustrazioaren modalitatean, Abuenpaso argitaletxeak argitaratutako El diablo sobre ruedas lanagatik.
Literatura Lanaren Ilustrazioaren modalitateko epaimahaiaren ustez, El diablo sobre ruedas Kike Ibañez Fernandezen lanak (Abuenpaso) “aparteko kalitate artistiko eta narratiboa erakusten du, eta ilustrazioak ez direla testua laguntzera mugatzen azpimarratu du; aitzitik, haren mezua aberasten dute eta irakurlearen esperientzia emozionala indartzen dute”.
Kike Ibáñez Fernández (Donostia, 1980) ilustratzailea, artista bisuala eta idazlea da. Diseinu grafikoan eta ilustrazioan trebatu ondoren, haur eta gazte literaturaren esparruan garatu du bere ibilbide profesionala.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak urtero ematen ditu Euskadi Literatura sariak, eta saridun bakoitzak 18.000 euroko diru-saria jasotzen du. Horrez gain, saritutako lana beste hizkuntza batean argitaratzen bada, 4.000 euroko laguntza osagarria ere jaso dezake.
Euskarazko Literatura ataleko lan finalistak hauek izan dira: Bazter utzietan (Karlos Linazasoro), Enarak (Bernardo Atxaga), Barne zerbitzuak (Katixa Agirre), Amorante frantsesa (Miren Agur Meabe), Haize beltza (Amaiur Epher), Beste zerbait (Danele Sarriugarte), Dena zulo bera zen (Eider Rodriguez), Silueta (Harkaitz Cano), Iragan atergabea (Julen Belamuno).