Anne Carsonek irabazi du Literaturaren Nobel saria
Poeta kanadarrak jasoko du saria, “tradizio klasikoarekiko elkarrizketa jostagarriz, literatura garaikiderako forma berriak sortu dituen obra ausart eta irudimentsuagatik”.
Anne Carson. Argazkia: Efe.
Anne Carson kanadarrak (Toronto, 1950) irabazi du Literaturaren 2026ko Nobel saria, “tradizio klasikoarekiko elkarrizketa jostagarriz, literatura garaikiderako forma berriak sortu dituen obra ausart eta irudimentsuagatik”.
Euskaraz, Gorriren autobiografia: Nobela bat olerki lerrotan irakur daiteke, Joxe Mari Berastegik itzulia eta Igela argitaletxeak 2024an argitaratua. Gainera, Izaskun Etxebestek The Glass Essay (Kristalezko saiakera) lana euskaratu zuen Egan aldizkarirako.
Poeta, saiakeragilea, itzultzailea, irakaslea eta literatura klasikoan, batik bat Grezia klasikoan, aditua da Carson. Doktoretza egin zuen, Torontoko Unibertsitatean, Hizkuntza Klasikoetan, eta Grezia klasikoaren itzala nabaria da bere obran.
Poesia berritzailea idatzi du Carsonek, estiloak, erreferentziak eta formatuak uztartuta. Kultura greko-latindarra, Erdi Aroko erreferentziak eta kultura garaikidea nahasten ditu bere idatzietan, eta “malgutasun lirikorik eta zorroztasun sentimentalik” ez izatea egotzi dio bere buruari zenbaitetan.
Eros, the Bittersweeten ondoren, Short Talks (1992), Plainwater eta Glass, Irony and God (1995) argitaratu zituen, eta hurrengo lanarekin, Gorriren autobiografia: nobela bat olerki lerrotan”hitz neurtuz idatzitako Gerionen mitoaren bertsio garaikidearekin, arrakasta handia erdietsi zuen 1998an.
Ondoren iritsi ziren Economy of the Unlost: Reading Simonides of Keos with Paul Celan (1999), Men in the Off Hours (2000) eta The Beauty of the Husband (2001).
Itzultzaile modura, If Not, Winter: Fragments of Sappho (2002) argitaratu du, poeta grekoaren txatalen bilduma.
Gerora etorri ziren Decreation: Poetry, Essays, Opera (2005) eta Grief Lessons: Four Plays by Euripides (2006), lau tragedien itzulpena.
2009an, Eskiloren, Sofoklesen eta Euripidesen itzulpenak elkartu zituen An Oresteian, PEN Award for Poetry in Translation saria ekarri zion lanean, eta Nox argitaratu zuen.
Antigonick (2012) idatzi zuen gero, Sofoklesen Antigonaren bere bertsioa. Hiru urtera Ivo van Hoveren antzezlan baterako itzulpena ere egin zuen, eta Juliette Binoche zuen protagonista.
2013an, Gorriren autobiografiako petsonaia berreskuratu zituen Red Doc lanean, eta ondoren argitaratu ditu The Albertine Workout (2014), Float (2016), The Trojan Women: A Comic (2021) eta Wrong Norma (2024). Norma Jean Baker of Troy lanean (2019), bi ikono jarri zituen aurrez aurre, Marilyn Monroe Hollywoodeko izarra eta Helena Troiakoa.
1901etik, 119 aldiz banatu du saria Suediako Akademiak, 123 pertsonari guztira, 104 gizoni eta 18 emakumeri. Azken irabazleak László Krasznahorkai, Han Kang, Jon Fosse eta Annie Ernaux izan dira.