“Zazpi etxe Frantzian”-en Biljana Isailovicen itzulpenak irabazi du Etxepare saria
Isailovicek Atxagaren zortzi lan itzuli ditu serbierara, eta Treći Trg argitaletxeak horietako bost argitaratu ditu. Zazpi etxe Frantzian eleberriaren itzulpenaren “kalitate bikainak” eman dio Etxepare-Laboral Kutxa itzulpen saria.
Biljana Isailović itzultzailea.
Zazpi etxe Frantzian Bernardo Atxagaren eleberriaren serbierazko itzulpenak (Sedam kuća u Francuskoj. Treci Trg, 2025) eskuratu du Etxepare-Laboral Kutxa itzulpen saria. Biljana Isailović itzultzaileak eta lana argitaratu zuen Serbiako Treći Trg argitaletxeak jaso dute, hortaz, Etxepare Euskal Institutuak eta Laboral Kutxak antolatzen duten sariaren hamabigarren edizioko aitortza.
Jokin Gorriti Laboral Kutxaren ordezkariak, Imanol Otaegi Etxepare Euskal Institutuko Euskal Kultura Sustatu eta Hedatzeko zuzendariak, Elizabete Manterola EHUko irakasle eta EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteko kideak eta Mikel Lasa Etxepare Euskal Institutuko Marka eta Komunikazio arduradunak osatu dute epaimahaia, eta erabilitako hizkuntza “irakurle serbiarrarentzat naturala eta arina” dela nabarmendu du.
Epaimahaiak aintzat hartu du, halaber, Isailovicek Bernardo Atxagaren obra Serbian ezagutarazteko egin duen ekarpena; idazlearen zortzi liburu itzuli ditu, hiru argitaletxek plazaratu dituztenak.
Itzulpen saria 2015ean sortu zuten, jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako literatur lanen itzulpena eta argitalpena aitortzeko. Sariak 6.000 euroko ekarpena du, itzulpenaren arduradunak eta argitaletxeak erdibana egiteko, eta bi aldeek 3.000 eurora arteko laguntza gehigarria eskura dezakete lana argitaratu den herrialdean zabalkunde ekintzak egiteko: aurkezpenak, publizitate kanpainak edo bestelako sustapen jarduerak.
Biljana Isailović Serbiako literatur eta ikus-entzunezko itzultzailea da. 1985ean Espainiar Filologian lizentziatu zen Belgradeko Unibertsitatean, eta, besteak beste, Pio Baroja, Miguel de Unamuno, Jorge Luis Borges, Gustavo Adolfo Bécquer, Benito Pérez Galdós, Javier Cercas eta Carmen Martín Gaiteren liburuak jarri ditu serbokroazieraren Serbiako aldaeran.