El Cuarteto de Nos: 'Mahaiari ostikada eman eta zerotik hastea gustatzen zait'
El Cuarteto de Nos uruguaitar taldearen aurkezpen orria harrigarria da: hogeita hamar urtetik gorako ibilbidea; hamalau disko, tartean Uruguain inoiz gehien saldutako rock lana (Otra navidad en las trincheras, platinozko lau disko jaso ditu); eta, oroz gaindi, rock, hip hop eta doinu tropikalen nahasketa gustagarria, hitz zorrotz, landu eta, batik bat, ironikoen oinarri.
El Cuartetok, azken hiru diskoetan boskote bihurtua, Dabadaba Donostiako aretoan (ekainak 9) eta, biharamunean, Azkena Bilboko aretoan aurkeztuko du Apocalipsis zombie bere disko berria, zeinetan hainbat pertsonaiaren begietatik begiratzen baitiote gaur egungo gizarteari.
Hori dela eta, Roberto Musso gitarrista eta abeslariarekin, taldeko konposatzaile nagusiarekin, hitz egin dugu.
Ekoizle berriaz gain, zer aldaketa gehiago dakartza Apocalipsis zombie lanak? Zer aldatu duzue aldatzeko?
“Ya no sé qué hacer conmigo” kantuan esaldi bat esaten dugu, “vos siempre cambiando, ya no cambiás más”, eta hori da, gutxi-asko, Cuartetoren leloa aspaldidanik.
Askoz disko barnerakoiago batetik (Habla tu espejo) gentozen, hitzak “barne ni” batetik abiatzen ziren lan horretan, eta Apocalipsis zombie-n “ni” hori sakabanatu dut, beren ikuspegitik hitz egiten duten hainbat pertsonaiatan.
Nola bizi garen erradiografia batean islatu nahi izan dugu, pertsonaia horien bidez gizadi gizagabeari begiratu. Eta musikari dagokionez, oso disko eklektikoa da: kantu bakoitzak bere unibertso musikala du, eta hori asko landu genuen Cachorro Lopez ekoizlearekin.
Zuen musikan, eboluzioa eta aldaketa aldarrikatzen dituzue diskorik disko. Erosotasuna da sortzailearentzako mehatxurik handiena? Nola egiten zaio aurre?
Bai, guk uste osoz sinesten dugu aldaketan, nork bere burua berriz asmatzean. Nik beti idatzi ditut kantuak neure adin biologikotik, eta, idazteko orduan, ez zaizkit interesatzen 19 urte nituenean interesatzen zitzaizkidan gai berak. Beti gustatu zait pasatzen ari zitzaidanetik idaztea.
Gaur egun, Cuartetoren kontzertuetara etortzen den publikoaren % 80 hogei urtetik beherako neska-mutilak dira, eta ikus-entzuleen berriztapen hori ezinezkoa zatekeen, formula bakarrarekin saiatu izan bagina.
Abesti mota jakin bat idazteko modua mugara eramaten dudanean, mahaiari ostikada eman eta zerotik hastea gustatzen zait.

Hitz egingo balu, zer esango lizuke ispiluak 30 urtetik gorako zure musika ibilbideaz?
Cuartetoren ibilbideko unerik onena islatuko lukeelakoan nago, urte asko daramatzagun arren indarrean dagoen talde bat baikara. Uruguaitik kanpo talde berria gara oraindik, nahiz eta urte asko daramatzagun jotzen.
Gure publikoa berriztatu dela esan dizut, eta horrek ondo erakusten du osasuntsu gaudela. Beraz, nire ustez, ispiluak berdin jarraitzeko esango liguke.
1996an zuen kantu bat zentsuratzen saiatu ziren, hemen eta orain pil-pilean dagoen gai bat…
1996an, “El día que Artigas se emborrachó” kantua atera genuen. Artigas Uruguaiko heroi nazionala da, eta kantuak beraren balentria libertarioa kontatu nahi zuen, jenerala mozkorturik zegoela irudikatuta.
Politikariek ez zuten batere ondo hartu, ezker muturrekotik eskuin muturrekoraino, politikaren gris guztietatik igarota, eta botere politikoa zentsuratzen saiatu zen, baina kontrako efektua lortu zuten, jende guztiak entzun nahi izan baitzuen kantua. Zoramena izan zen.
Kantua askoz ospetsuagoa egin zen gertakari horregatik, horrelakoetan ohikoa denez, nire ustez. Kantuak baino ez dira: entzun nahi ez duenak irrati katea aldatzea besterik ez du, edo etxean ez jarri.
Patuak eta zentsurak orain arteko kantu entzunena egin dute.

Oso talde ezaguna zarete Uruguain, Argentinan eta Ameriketako beste herrialde batzuetan, hala nola Kolonbian. Zelan aurreikusten dituzue Atlantikoaz honaindiko kontzertuak?
Garrantzi handia eman diogu beti merkatu berriak geureganatzeari. Gu oso indartsu egin ginen Uruguain eta gero Argentinan, logikoa denez, eta ondoren apurka-apurka hasi ginen Latinoamerika osoan.
Orain, azken bisitatik hamar urte pasatu direnean, Espainiara itzuli nahi izan dugu, jarraitzaile talde oso handia utzi baikenuen bertan.
Zer jakin behar dute Donostiako eta Bilboko zuen kontzertuetara joango direnek? Nolakoak dira zuen emanaldiak?
Gure showek adrenalina maila oso handia dute, energia handiz bizi izaten dira, emozioen errusiar mendi batean egongo bazina bezala: rock gogorra dago, hip hopera eta rapera jotzen duten beste une batzuk, kantu lasaiagoak…
Kontzertua oso landuta dugu, kantu zerrendari ingeniaritza aplikatzen diogu: probatu, aldatu, doitu… Gainera, kantuen antzezpenari ere garrantzi handia ematen diogu, eta hori gehiago gozatzen da areto txikietan, Donostian eta Bilbon izango ditugunetan bezala.
Are gehiago, errepertorio berezia prestatzen ari gara bira honetarako, gure ibilbidearen errepasoa egiteko.
Eta aretotik irtendakoan, publikoak lehen ez zeukan zer edukitzea gustatuko litzaizuke?
Gure asmoa entzule berriak irabaztea da beti, beren bihotza Cuartetoren zonbifikazioak helduta gelditzea eta atzera bueltarik ez edukitzea.
Jendeak ahoz aho zabaldu duelako hazi da Cuarteto, eta inora joaten garen bakoitzean arreta handiagoa jasotzen dugu lagunek edo dena delakoek elkarri gomendatzen diotelako Cuarteto entzutea. Jendeak sekula halakorik ikusi ez duela esaten du, gure kontzertuetatik irtetean, hitzengatik eta taldeak emanaldian egiten duen apustuagatik. Ikuskizun ezberdina da, eta originaltasun horrek ezberdintzen gaitu egungo mainstream-ean nagusi denetik.
Zure interesekoa izan daiteke
Macklemore rap abeslaria Ed Sheeranen biratik kanporatu dute Palestinaren aldeko aldarriak egiteagatik
Rap kantariak salatu duenez, Robert Kraft diruduna, New England Patriots taldearen jabea, da errudunetako bat; izan ere, kontzertuak izan behar ziren estadioetako jabeen artean babesa lortzea leporatu dio, estadio horietan Macklemorek ez jotzeko presioa egin zezaten.
Erramun Martikorenak "Atzar Gaiten" diskoa aurkeztu du Baigorrin
"Atzar gaiten" bere azken albumeko abestiak kantatzen entzun dugu igande honetan Erramun Martikorena Baigorrin Osasun arazoak dituen arren, 83 urterekin pozik agertzen da beti taula gainean. Ia mende erdiz, Euskal Herri osoan ibili da, baita Estatu Batuetan ere. Garai batean 35 kantaldi eskaini ohi zituen urtero, baina orain askoz gutxiago. Horregatik publikoak ez du huts egiten bere emanaldietan.
Silvio Rodriguezek Bilbo liluratu du bere abestiekin
Silvio Rodriguez kubatar musikariak kontzertua eman du larunbat honetan Euskalduna Jauregian, Bilbon. Bere ibilbide musikalaren zati bat errepasatu du bertan bildutakoen aurrean.
Silvio Rodriguezek geldialdia egin du Bartzelonan, Euskal Herrirako bidean
Kubatarrak kontzertua egin du bart Liceun, irailaren 12 eta 13an Bilboko Euskaldunan aritu aurretik.
Zuzenean: Basking Beat & Bite
Basking Beat & Bite jaialdiaren edizio berri bat egingo da abuztuaren 29an, Miami, Santiago de Chile, Helsinki eta Tbilisin aldi berean eskainiko diren kontzertuekin. Euskal musikaren egungo lau proposamen bilduko ditu programazioak: Merina Gris, Mirua, Sua eta Idoia.
ETS taldeak hankaz gora jarri du Europa parkea, "Badator Marijaia" abesten
37.000 lagun inguru Arabako taldearen kontzertuan izan dira, eta aho batez abestu dituzte kanta guztiak. ETSk harrituta utzi ditu Europa parkera joandakoak, Aste Nagusiko Badator Marijaia jo dutelako.
Dolly Parton hil da, country musikaren izar ospetsua
Abeslari eta konpositore estatubatuarra 80 urte zituela hil da. Azken hilabeteetan gaixorik ibili zen eta kontzertu batzuk bertan behera utzi zituen.
Zea Mays, Leire Martinez, Bebe, M-Clan... Aste Nagusiko kontzertu guztiak
Aste Nagusiak musikaz beteko du Bilbo aste osoan zehar, hiriko hainbat agertokitan banatutako kontzertu-programazio zabalarekin. Hauek dira jaietako musika-eskaintzaz gozatzeko emanaldi eta ordutegi nagusiak.
ETS taldeak dantzan jarriko du gaur Bilbo, Europa parkeko kontzertuen lehen gauean
Hitzordua 00:00etan da, Europa Parkean. Horrez gain, beste musika proposamen batzuk ere izango dira, besteak beste, Bilboko Udal Bandaren emanaldia, Serafin Zubirirekin batera, 23:30ean, Abandoibarran.
Leire Martinezek 13.000 lagun bildu ditu Abandoibarran, gau ahaztezin batean
Abeslari donostiarrak bere bakarkako ibilbidearen lehen lana aurkeztu du Aste Nagusian: “Historias de aquella niña”. Emozioz eta nostalgiarako tartez betetako kontzertua izan da, aro berri bati ekiteko.