Erabatera, artifiziokeriaren antipodetan
Supertalde deritzenek, hainbat talde ezagunetatik etorritako kideek osatutako talde berriek, inguruan izan ohi duten dirdiratik urrun, fokuen itzalean, jaio zen Erabatera proiektua. Gaizka Salazar bateria (Gatibu) gogor astindu zuen aitaren heriotzak duela bost bat urte, eta kantuak idazteari ekin zion terapia gisa, mina estaltzen saiatzeko.
Etxeko bakardadean doluari erauzitako kantuak zirriborratutakoan, horiei forma emateko adiskide bila hasi zen Salazar, kantuotan sinetsita, eta Mikel Caballero aspaldiko laguna (baxua, Gatibu), Beñat Serna (gitarra, Ken Zazpi) eta Jurgi Ekiza (ahotsa, Willis Drummond) batu zitzaizkion proiektura, Antipodetan diskoa osatzen duten pop rock kantuak gauzatzeko abenturara.
Orain, “naturalki”, artifizialtasunaren antipodetan, sortutako kantu zintzo horiek besapean hartuta, azaroaren 8tik aurrera zuzenean aurkeztuko dute Erabatera, taldekideen agenda estua gorabehera epe ertain eta luzera begira jaiotako taldea.
Gatiburen disko berriaren grabazioa dela eta AEBtik iritsi berritan, Gaizka Salazar geurera bertaratu da taldeari buruz solastatzera.
Zer har asetzera dator Erabatera?
Duela bost urte, aita hil zitzaigun, eta oso esperientzia gogorra izan zen niretzat. Handik urtebetera edo bi urtera, musikaren bidez hasi nintzen pilatutakoa kanporatzen.
Gitarra hartu nuen, nahiz eta lehendik ez nuen jotzen, riff eta melodia batzuk sortu nituen, eta hainbat letra idatzi. Hori izan zen abiapuntua, oso modu naturalean sortu zen.
Eta zer dago Antipodetan izenburuaren atzean?
Abesti baten izenburua ere bada, baina diskoaren izenburuan ni une hartan nola sentitzen nintzen islatu nahi izan dut. Ni naizenaren antipodetan nengoen.
Pertsona alai eta dinamikotzat daukat neure burua, eta horren bestaldean nengoen konposatzen hasi nintzenean, Martin Etxaurik diseinatutako portadan ere ikus daitekeenez.
Nahiz eta nagusiki gitarrarekin konposatu, bateria-jotzailea izanik, bateria ere buruan izan duzu edo ez duzu horretan hainbesterainoko arreta jarri?
Ez dut baterian pentsatzen konposatu. Argi dago ni oso erritmikoa naizela, eta nabari da konposizioetan, baina bateriari ez diot garrantzi berezirik eman. Dena landuta nuen estudiora joan aurretik, eta bateria azkenerako utzi dut.
Hiru musikari eduki nahi izan dituzu ondoan proiektu honetan. Lehenengoa Mikel Caballero da, Gatibun ere ondoan duzun baxu-jotzailea. Zer garrantzi du bateria-jotzaile batentzat baxu-jotzaileak?
Askotan esaten da harreman berezia sortzen dela, eta topikoa dirudi, baina errealitate bat da. Ezinbestekoa da bateriaren eta baxuaren artean harreman estua egotea, eta Mikelek eta biok aspaldidanik ezagutzen dugu elkar. Niretzat anaia bezalakoa da, eta badakigu nola jo.
Ni zerbait jotzen ari banaiz, begirada batekin nahikoa izaten da. Taldean nahi nuen, laguna dudalako eta berme bat delako baxuan bera edukitzea.

Gitarrarako, Beñat Serna (Ken Zazpi) aukeratu duzu, eta arrasto azpimarragarria utzi du Sernak diskoan (efektuak, atmosferak…). Ken Zazpin egiten duen lanetik zerk eman zizun arreta, Erabaterara ekartzeko?
Diskoa entzunda igarriko zenuenez, kantu guztiek ez diote ildo berari jarraitzen, kolore ezberdinak dauzkate: rocka, popa… Beraz, mundu hori guztia kolorezta zezakeen norbait behar nuen, riff gogorrak jo eta kantuak atmosferez janzteko gauza zen musikari bat.
Beñat doinu horietara guztietara egokitzen da, eta uste dut % 100ean asmatu dudala. Gainera, kamikaze bat izan zen: deitu nionean, berehala esan zidan egingo genuela.
Jurgi Ekiza aukeratu duzu ahotserako, eta Willis Drummonden baino erregistro pausatuagoan entzuten dugu Erabateran. Zergatik aukeratu zenuen bera?
Oso gustuko dut aspaldidanik, eta etxean kantuak sortzen ari nintzenean ohartu nintzen oso antzeko tesitura nuela. Gainera, bakarkako bere diskoa entzunda nuen, eta banekien atsegin zuela erregistro lasaiago eta sentituago batzuetan ere kantatzea.
Gehiago kostatu zitzaidan baiezkoa ematea, Willis Drummond ere hirukote moduan gelditu berri zelako… Baina azkenean baiezkoa eman zuen, eta guztiz entxufatuta dago orain.
Jotzeko zeure moduari begira, espero zitekeen, bakarkako diskoa izanda, askatasun handiagoa ematea zeure buruari danborren atzean, baina neurritsu aritu zara, kantuaren mesedetan beti. Irudipen bera duzu?
Erabat. Kantuari begiratu diot.
Zure-zureak diren kantuak kideen eskuetan jarri eta gero, zelan bizi dituzu orain? Zer ziren eta zer dira Antipodetan-eko zure bederatzi kantu hauek?
Melodiak, harmoniak eta erritmoak hastapeneko bertsioetakoen berdinak dira ia, egitura aldetik ere ezer gutxi aldatu da, baina nik uste Beñaten gitarrek paper garrantzitsua izan dutela.
Nik oso gordin jotzen nuen dena etxean, The Strokesen soinua zuten kasik maketek, eta Beñatek asko zaindu du soinua, eta mami handiz jantzi ditu kantuak. Nik kantuak eginda bidaltzen nizkion, eta harrituta gelditzen nintzen gitarra sartuta itzultzen zizkidanean. “Eztanda” kantuko riff indartsua entzun nuenean, txundituta gelditu nintzen.
Ekoizpenean, ez zara laukotera mugatu: teklatuak (“Aurrez aurre”), hariak (“Oinak”), metalak (“Paktua”)…. erabili dituzu. Rock laukotearen mugetatik askatu nahi zenuen nolabait?
Ez da propio bilatutako ezer izan. Argi nuen hasieratik, adibidez, “Oinak” kantuak hari laukotea behar zuela; aita du ardatz hitzetan ere, eta aitak izugarri maite zuen musika sinfonikoa. Hari boskote batek jotzen du azkenean, eta horietako bat nire iloba da, gainera.
Beñatek orkestratu zituen nik etxean egindako harmoniak, eta Fernando Velazquezek boskoterako egokitu zituen.
Eta “Paktua” kantuan, burura etorri zitzaidan lehenengo doinua metalek egiten dutena da. Akatz taldean haize instrumentua jotzen duten musikariei deitu nituen, lagunak dira eta, eta horiek ere berehala eman zidaten baiezkoa. Alde horretatik, esker ona adierazi behar dut, zerbait eskatu dudan bakoitzean berehala jaso baitut baiezkoa.
Grabazioa Lorentzo Records eta Muxikon estudioetan egin duzue_
Bai, eta azpimarratu nahiko nuke Iñigo Etxebarrieta Pitu-ren lana. Teknikari gisa ez ezik, ekoizpenean ere lagundu dit, Beñatekin batera, eta lan oso fina egin du. Oso trebea da soinua ateratzen: anplifikadoreak, pedalak, gitarra ezberdinak…
New Yorken masterizatu dugu, eta oso gustura gelditu naiz diskoaren soinuarekin.
Ez duzu ezer gorde, beraz
Bada, ez. Hasieran, neure buruarentzat idatziriko kantuak ziren, baina proiektua dimentsioa hartzen joan da, eta aurrera egin dut.
Eta asmoa ez etetea da. Jarraitu egin nahi dugu, Erabateraren jarduna gure taldeenarekin tartekatuta.
Pop tradizionalean koka ditzakegu Antipodetan-eko kantuak, rock ukituarekin batzuetan (“Eztanda”, “Piztia destripatu”), eta leloak dira kantuaren erdigunea (“Antipodetan”, “Aurrez aurre”, “Isilean”…). Kontu bereziz zaindu dituzue berorietako koroak eta (“Egun berria”)?
Ez naiz ibili milaka melodia probatzen leloen bila. Nahiko era naturalean atera zaizkit, “Antipodetan” eta “Isilean” kantuetakoak bat-batean etorri zitzaizkidan, esaterako. Ez naiz lelo komertzialen bila aritu.
Eta zeri buruz hitz egiten dute kantuek?
Zazpi kanturen hitzak nik idatzi ditut, eta beste bitan Iker Olabarrieta adiskide eta bertsolariak lagundu dit.
Batzuetan, kostatu egin zait hitzak idaztea, ez baineukan ohiturarik. Mila gauza esanda daudela iruditzen zait, mila eratara gainera, eta ez da erraza.
Azaroaren 8an ekingo diezue kontzertuei. Nolakoak izango dira? Diskokoez gain, zer kantu joko dituzue?
Disko osoa eta bost kantu berri joko ditugu, oraintsu konposatutakoak. Ildo berekoak dira kantuok, nahiz eta batek kutsu indieagoa duen, sintetizadore eta guzti.
Entseguetan, zer sentsazio izan dituzu?
Oso gauza berezia gertatu zaigu. Lokalean lehenengoz elkartu ginenean, ia elkar ezagutu barik, “Paktua” kantua jotzen hasi ginen, eta lehenengo aldian soinu onarekin eta feeling handiarekin atera zen. Oso une berezia izan zen.

Zuzenekoetan, Miguel Moyano eta Josu Aginaga izango dituzu alboan. Zeren bila jo duzu beraiengana?
Josuk gitarra joko du, eta Miguel sintetizadoreez arduratuko da, bi kantutan gitarra jotzeaz gain.
Sintentizadoreek beste testura bat ematen diote kantuari, soinu lodiagoa.
Gatiburekin lan egiteari ez diozu utzi, eta disko berria grabatu duzue Santi Garcia ekoizlearekin (Standstill, Nothink, Delorean, La Habitación Roja…), Texasen. Zergatik joan zarete AEBra? Zer aurreratu diezagukezu lan berriaz?
Sonic Ranch estudiora joan gara, bai, Garciak berak proposatuta. Berarekin lan egin nahi genuela esan genionean, estudio bat aukeratzeko esan genion, eta Galesko bat eta Texaskoa hautatu zituen.
Oso erabaki egokia izan zela ikusi dugu, estudio ikaragarria baita, estudioen disneyworld bat: lau edo bost bateriaren artean aukeratu ahal izan dut grabatzeko, gitarra eta anplifikadoreekin berdin, grabazio kabina pabiloi handi bat da, grabatu dugun mahai berean Motown diskoetxearen diskoak grabatu dituzte, baita Madonnaren, Red Hot Chili Peppersen eta Rolling Stonesen diskoak ere…
Eta zer ildo musikal izango du lanak? Nabaritzen al da Santi Garciaren rock ukitua?
Bai. Dantzarako bizpahiru abesti alaiago ere badaude, “Aske maitte” edo “Euritan dantzan”en ildokoak, baina Santi Garciaren eragina nabari da: gauzak proposatu dizkigu… Gatibu da, baina zerbait desberdina gehituta.
Zure interesekoa izan daiteke
Chris Isaakek abiatuko du Bilbao BBK Legends
Ekainaren 26an eta 27an nazioarteko rock musika estilo ezberdinetako izen handiak bilduko ditu BBK Legends jaialdiak. OSTIRALA, EKAINAK 26 19:30 - DEA MATRONA 20:50 - CRACKER 22:15 - CHRIS ISAAK LARUNBATA, EKAINAK 27 19:30 - GRAVEYARD 20:55 - BEAT 22:50 - TOM MORELLO (Bertan behera geratu da) Chris Isaak 22:15ean izango da Bilbao Arenan, Miribillan, eta bere 70. urtebetetzea ospatzeko tartea ere izango du, seguru.
Tom Morellok bertan behera utzi du BBK Bilbao Music Legends-eko emanaldia, familia arrazoiak direla eta
Bere ama, Mary Morello, ospitaleratu egin dute eta artista AEBra itzuliko da, haren zaintzan laguntzeko. Ahal bezain laster Europako agertokietara itzultzeko nahia adierazi du artista ezagunak.
Bilbao BBK Livek hiriko erdigunera eramango ditu Belen Aguilera, Ana Curra eta Merina Gris
“Bereziak” kontzertu programak Las Petunias, LaBlackie, Raly, Gara Duran eta joseluis ere programatuko ditu Bilboko hainbat txokotan, uztailaren 9tik 11ra.
Gasteizko jazz jaialdiak 50 kontzertu eskainiko ditu
Musika topaldiaren 49. edizioko izar nagusia Ruben Blades panamar musikaria izango da; uztailaren 17an arituko da Mendizorrotzan.
EHZ, engaiamendua eta dantza 30 urtez
Festibalariek Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren 30. urtebetetzea ospatuko dute Arberatze-Zilhekoan, Niko Etxartek, Xakek, Merina Grisek, DAMek, Anestesiak, Belek, Silitiak eta Etzakitek hauspotuta.
Donostiako Jazzaldiak David Murray, Joe Lovano eta Miguel Martín sarituko ditu
Uztailaren 22tik 26ra, 77 kontzertu eskainiko ditu Donostiako musika jaialdiak; 47, doakoak. Bi saxofonista handiek eta 1984tik 2026ra Jazzaldia zuzendu duen pertsonak jasoko dituzte Ohorezko sariak.
Olaia Inziartek "Gereziak" grabatu du, BOSekin batera
Nafar musikariak "Lehengo lepotikan burua" diskoko kantua grabatu du gaur goizean Bilbao Orkestra Sinfonikoko musikariekin batera, Fernando Velazquezen gidaritzapean. Ura Bere Bidean kontzertuan parte hartuko du urriaren 22, 23 eta 24an.
Pantxoak eta Peiok jaso dute aurtengo Adarra saria, Donostiako Victoria Eugenian
Epaimahaiaren arabera, Pantxoak eta Peiok 60ko hamarkadatik gaur arte “kantuaren plazera” gozarazi diete hainbat belaunaldiri, interpretazio zainduak, melodia kantagarriak eta konpromiso soziala uztartuta. Saritutako bikoteak emanaldia egin du saria jaso eta gero.
Zetak taldeak hiru egun iragarri ditu Gasteizen "Km0" ikusteko: urtarrilaren 16a, 22a eta 23a, Buesa Arenan
Iragarpenak ikusmin handia piztu du taldearen jarraitzaileen artean, eta Zetaken ibilbidean etapa berri bati hasiera emango dion proiektuari buruzko informazio gehiago jasotzeko zain daude. Sarrerak igande eguerdian jarri dituzte salgai.
Guztira 270.000 ikuslek egin zuten bat ETB2n eta ETB ONen San Mameseko "Mitoaroa III" ikuskizun historikoarekin
Mitoaroa trilogiaren amaierako kontzertu handia ikusgai dago ETB ONen eta PRIMERANen, berriro ikusi nahi dutenentzat edo zuzenekoa galdu zutenentzat.