Alan Griffin musikaria zendu da
Alan Griffin musikari eta ikertzaile irlandarra hil da, 71 urte zituela. Ennisen jaioa 1952an, 1984an iritsi zen Euskal Herrira, Donostiara, literatura alorreko doktoretza bat egitera eta laster hasi zen euskal musikara gerturatzen, hartan zeharo murgildu eta, aritzearen aritzez, lau hamarkadatan zehar, ekarpen itzela eginez euskal musikagintzari, musikari gisa ez ezik, baita ikertzaile gisa ere.
Joxan Goikoetxea musikari eta lagunak eman du Griffinen heriotzaren berria: "Ez adiorik, Alan Griffin. 1952.01.22 - 2023.12.05. Biotzean min dut, min etsia, zotiñik-gabeko negar-miña. Alatsu txoriak, udaondoz, negua du galazi-eziña", idatzi du Goikoetxeak sare sozialetan.
1980eko hamarkadan ekin zion hainbat kantari eta taldeekin kolaboratzeari, izan diskoen grabaketetan, nahiz zuzeneko emanaldietan. Hasiera batean Txomin Artola eta Amaia Zubiriaren Folk-Lore Sorta proiektuan eta geroztik Xabi San Sebastian, Juan Mari Beltran, Joxan Goikoetxea, Gorka Knörr, Benito Lertxundi, Olatz Zugasti, eta Xabier Euzkitzerekin, besteak beste.
1994an eratutako Alboka folk taldeko sortzaileetako bat, (Joxan Goikoetxearekin Txomin Artolarekin eta Josean Martin Zarkorekin batera), urte asko eman ditu proiektu honekin euskal musika herrikoiaren esparruan kantutegiko doinu argitaragabeak eta ezezagunak bilatzen eta, kutsu zaharreko kantu eta dantzak sortzen. Alboka taldearekin bost disko sortu, ekoiztu eta grabatu ditu eta ehunka emanaldi eskaini ditu Euskal Herrian bezala, baita Europako, Amerikako eta Afrikako hainbat jaialdi esanguratsutan ere. Albokaren Lau Anaiak diskoa mundu mailako folk disko onenen zerrendan jarri zuen Folkworld aldizkari alemaniar entzutetsuak. 2017an kaleratu zuen Alboka taldeak azken diskoa, Lurra Ur Haize, Joxan Goikoetxearekin eskuz esku ondua, eta hainbat lagunen kolaborazioekin osatuta.
Haizezko instrumentuetan nabarmendu da Griffin, txirula mota desberdinak eta alboka jotzeko izan duen aparteko abileziagatik, batez ere. Griffinek sortutako hainbat doinu: Jauntxoa (fandangoa), Txakur berdea, eta Hi, zelta!(arin-arinak), Fitaren bila (kalejira), Adarra (mazurka) edo Hanka hotzak (ezpatadantza), esaterako, gaur egungo albokarien ohiko errepertorioan aurkitu daitezke baita 2013. urtean Juan Mari Beltran-ek argitaratutako Alboka: Inguru folklorikotik eskolara liburuan ere. Horrez gain, 2016. urtean, Halfway to hell - Albokarako 33 doinu - 333 Tunes For The Alboka liburua argitaratu zuen.
Ekarpen garrantzitsuak ikerketan
Azken bi hamarkadatan, euskal kantu narratiboen esparruan murgildu da Alan Griffin, eta ikerketa sakona egin du doinu zaharren inguruan. 2006. urtean Aintzina taldea sortu zuen, Juanjo Otxandorena, Arkaitz Miner eta Zigor Sagarna musikariekin, hain zuzen, argitara inoiz atera gabeko kantuak berreskuratu eta genero horretarako doinu berriak konposatzeko. Bi lan argitaratu zituen Aintzina taldeak Griffinen gidaritzapean: Suitian, 2009an, eta Kosinatik kanberala, 2011an, biak ere Aztarna zigiluarekin.
Aurten bertan argitaratu du Griffinek azken lana, La puerta abierta – Baladas vascas e internacionales (Aztarna, 2023), euskal musikaren jatorri, oinarri eta eboluzioari buruzko ikerketaren alorrean lan garrantzitsua. Liburu mardul honetan, euskal balada herrikoien eta beste hizkuntza batzuetakoen arteko loturak, antzekotasunak eta desberdintasunak aztertu ditu Griffinek eta, egileak berak nabarmendu zuenez, "lotura harrigarriak agertu dira, euskal tradizioaren eta europarren artean, bai testuetan, bai melodietan". Bibliografia zabala ere badakar liburuak, generoaren ikertzaile eta maitaleentzat baliagarria.
Lan honen ekarpenaren garrantzia dela eta, liburu hau ingelesez argitaratuko du Renoko Unibertsitateko Center for Basque Studies erakundeak.
Azken hilabeteak gaixorik eman baditu ere, lanean jardun da Griffin ia azken egunera arte, eta amaituta utzi du liburu bat, 44 sasibalada izenekoa.
Zure interesekoa izan daiteke
Olaia Inziartek "Zerrautsa" diskoa aurkeztu du Bilbao Basque Festen
Olaia Inziarte abeslariak Zerrautsa izeneko bere bigarren diskoa aurkeztu du Bilbao Basque Fest jaialdian. “Zerrautsa” bere barrura egindako bidaia bat da, ahultasunari eta emozioei tartea eginez.
Lan Eskaintza Publikoa egingo da, Donostiako Jazzaldiaren zuzendari berria hautatzeko
Lanpostua aldi baterako betetzeko hautaketa prozesuak ez du emaitzarik eman, bi hautagaik uko egin baitiote lanpostua aldi baterako betetzeari. LEP bidez, behin betiko beteko da postua orain.
Ura Bere Bidean jaialdiak hirugarren emanaldi bat izango du urriaren 22an
Aurresalmentan urriaren 23ko eta 24ko emanaldietarako sarrerak agortu ondoren, antolatzaileek hirugarren bat gehitzea erabaki dute, urriaren 22an, osteguna. Besteak beste, Olaia Inziartek, Eñaut Elorrietak, Zea Maysek edota Pantxoa eta Peiok hartuko dute parte aurtengo edizioan.
Korrontzik BECen amaituko du nazioartean egingo duen 50 kontzertuko birari
BECeko kontzertua "Mundua Dantzan" biraren amaiera izango da. Hain zuzen ere, 50 kontzertuko bira izango da, eta, besteak beste, Malaysia, Kanada eta Txekia Errepublikara iritsiko da.
"Agur esan barik" dokumentala aurrestreinatuko du Gatibuk
Gatiburen ibilbideko azken urtean filmatutako lanak taldearen bideari begiratzen dio, Jabi Elortegi zuzendariaren ikuspegitik. Gaur aurrestreina egingo dute Bilbon, eta irailetik aurrera egongo da ikusgai, zinema jaialdietan eta Primeran plataforman.
Juan Diego Flórez, Sokolov eta Juanjo Mena, Donostiako Musika Hamabostaldian
Perutar tenorrak irekiko du jaialdia, abuztuaren 2an, Italiako eta Frantziako opera, zarzuela eta musika hegoamerikarreko piezekin eraikitako programa batean, pianistak Beethoven eta Schuberten obrak interpretatuko ditu eta gasteiztar maisuak "Arriaga harrigarria" kontzertua zuzenduko du.
Sun Ra Arkestra eta Snarky Puppy, Gasteizko jazz jaialdiko kontzertu nagusiak ixteko
Ruben Blades, Gretchen Parlato, Take 6, The Bad Plus, Irene Reigen laukotea eta Magali Sare eta Manel Fortiá bikotea arituko dira Mendizorrotzan. Sarrerak bihar, hilak 27, jarriko dituzte salgai.
Pablo Martín Caminero, Merina Gris eta “Xorieri” Izaroren kantua saritu dituzte MIN sarietan
Carlos Aresek eta Valeria Castrok hiruna sari eraman dituzte musika independentearen Espainiako sarietan; Al cantek jazz álbum onenaren saria eraman du, Zuloak euskarazko disko onenarena eta Izaroren eta Baiucaren arteko lankidetzaren emaitzak ekoizpen onenaren saria, Alejandro Guillanen lanari esker.
Gernikako “lekuek”, musikaz gainezka martxoaren 25etik 29ra
Lekuek festibalak hamaika kontzertu, aurkezpenak, dokumentalak, ikastaroak, DJ saioak eta kale ekimena proposatuko ditu bost egunez: Mourn, Olaia Inziarte, Xiberoots, Guadalupe Plata, Janus Lester…
Sigur Rós talde islandiarrak Bilbon joko du irailaren 15ean
Emanaldia Euskalduna Jauregian izango da, Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin batera. Kontzertua Robert Ames zuzendariarekin eta tokian tokiko orkestrekin egiten ari diren biraren parte da.