HERIOTZA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Alan Griffin musikaria zendu da

Irlandan jaioa, Euskal Herrian bizi izan da 80ko hamarkadatik hona. Alboka eta Aintzina taldeen sortzaile, ekarpen itzela egin du euskal musikagintzan eta ikerketan.
Alan Griffin musikaria
Alan Griffin musikaria. Argazkia: Alboka

Alan Griffin musikari eta ikertzaile irlandarra hil da, 71 urte zituela. Ennisen jaioa 1952an, 1984an iritsi zen Euskal Herrira, Donostiara, literatura alorreko doktoretza bat egitera eta laster hasi zen euskal musikara gerturatzen, hartan zeharo murgildu eta, aritzearen aritzez, lau hamarkadatan zehar, ekarpen itzela eginez euskal musikagintzari, musikari gisa ez ezik, baita ikertzaile gisa ere.

Joxan Goikoetxea musikari eta lagunak eman du Griffinen heriotzaren berria: "Ez adiorik, Alan Griffin. 1952.01.22 - 2023.12.05. Biotzean min dut, min etsia, zotiñik-gabeko negar-miña. Alatsu txoriak, udaondoz, negua du galazi-eziña", idatzi du Goikoetxeak sare sozialetan.

1980eko hamarkadan ekin zion hainbat kantari eta taldeekin kolaboratzeari, izan diskoen grabaketetan, nahiz zuzeneko emanaldietan.  Hasiera batean Txomin Artola eta Amaia Zubiriaren Folk-Lore Sorta proiektuan eta geroztik Xabi San Sebastian, Juan Mari Beltran, Joxan Goikoetxea, Gorka Knörr, Benito Lertxundi, Olatz Zugasti, eta Xabier Euzkitzerekin, besteak beste.

1994an eratutako Alboka folk taldeko sortzaileetako bat, (Joxan Goikoetxearekin Txomin Artolarekin eta Josean Martin Zarkorekin batera), urte asko eman ditu proiektu honekin euskal musika herrikoiaren esparruan kantutegiko doinu argitaragabeak eta ezezagunak bilatzen eta, kutsu zaharreko kantu eta dantzak sortzen. Alboka taldearekin bost disko sortu, ekoiztu eta grabatu ditu eta ehunka emanaldi eskaini ditu Euskal Herrian bezala, baita Europako, Amerikako eta Afrikako hainbat jaialdi esanguratsutan ere. Albokaren Lau Anaiak diskoa mundu mailako folk disko onenen zerrendan jarri zuen Folkworld aldizkari alemaniar entzutetsuak. 2017an kaleratu zuen Alboka taldeak azken diskoa, Lurra Ur Haize, Joxan Goikoetxearekin eskuz esku ondua, eta hainbat lagunen kolaborazioekin osatuta.

Haizezko instrumentuetan nabarmendu da Griffin, txirula mota desberdinak eta alboka jotzeko izan duen aparteko abileziagatik, batez ere. Griffinek sortutako hainbat doinu: Jauntxoa (fandangoa), Txakur berdea, eta Hi, zelta!(arin-arinak), Fitaren bila (kalejira), Adarra (mazurka) edo Hanka hotzak (ezpatadantza), esaterako, gaur egungo albokarien ohiko errepertorioan aurkitu daitezke baita 2013. urtean Juan Mari Beltran-ek argitaratutako Alboka: Inguru folklorikotik eskolara liburuan ere. Horrez gain, 2016. urtean, Halfway to hell - Albokarako 33 doinu - 333 Tunes For The Alboka liburua argitaratu zuen.

Ekarpen garrantzitsuak ikerketan

Azken bi hamarkadatan, euskal kantu narratiboen esparruan murgildu da Alan Griffin, eta ikerketa sakona egin du doinu zaharren inguruan. 2006. urtean Aintzina taldea sortu zuen, Juanjo Otxandorena, Arkaitz Miner eta Zigor Sagarna musikariekin, hain zuzen, argitara inoiz atera gabeko kantuak berreskuratu eta genero horretarako doinu berriak konposatzeko. Bi lan argitaratu zituen Aintzina taldeak Griffinen gidaritzapean: Suitian, 2009an, eta Kosinatik kanberala, 2011an, biak ere Aztarna zigiluarekin.

Aurten bertan argitaratu du Griffinek azken lana, La puerta abierta – Baladas vascas e internacionales (Aztarna, 2023), euskal musikaren jatorri, oinarri eta eboluzioari buruzko ikerketaren alorrean lan garrantzitsua. Liburu mardul honetan, euskal balada herrikoien eta beste hizkuntza batzuetakoen arteko loturak, antzekotasunak eta desberdintasunak aztertu ditu Griffinek eta, egileak berak nabarmendu zuenez, "lotura harrigarriak agertu dira, euskal tradizioaren eta europarren artean, bai testuetan, bai melodietan". Bibliografia zabala ere badakar liburuak, generoaren ikertzaile eta maitaleentzat baliagarria.

Lan honen ekarpenaren garrantzia dela eta, liburu hau ingelesez argitaratuko du Renoko Unibertsitateko Center for Basque Studies erakundeak.

Azken hilabeteak gaixorik eman baditu ere, lanean jardun da Griffin ia azken egunera arte, eta amaituta utzi du liburu bat, 44 sasibalada izenekoa.

Zure interesekoa izan daiteke

Oskorri argazkia Arantzazu
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Natxo de Felipe berriro oholtzara igo da da Oskorrirekin argitaratu gabe geratu ziren abestiak berreskuratzeko

Natxo de Felipe musikari beteranoak abesti horiei hautsa kendu eta bizitza berri bat eman die "Abandonatuak" ikuskizunean, Arantzazuko Santutegian. Hitzordua Donostiako Musika Hamabostaldiaren programazioaren barruan txertatu da, eta EITBren parte-hartze eta babesarekin eraman da aurrera. Emanaldian, taldearen diskoetan sekula lekurik aurkitu ez zuten kantu horiek entzun ahal izan dira berriro, formatu berritu eta elektriko batean.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Natxo de Felipe agertokietara itzuliko da "Abandonatuak" proiektu berriarekin

Oskorrik agur esan eta 11 urtera, Natxo de Felipe berriro igoko da agertokietara disko berri batekin: Abandonatuak. Argitaratu gabe geratu ziren talde mitikoaren kantuak berreskuratu ditu proiektu honetan, eta abuztuaren 20an zuzenean aurkeztuko du Arantzazuko Santutegian, Donostiako Musika Hamabostaldiaren programazioaren barruan. Philiperena taldearekin batera aritu da disko honetan, Xabier de Felipe, Przemysaw Pujanek, Esther Alba eta Karmele Castillorekin batera.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X