Abuztuak 1-30
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Musika Hamabostaldiak prest du musika eskaintza, "entzuteko eta gozatzeko"

Maiatzaren 21ean jarriko dituzte salgai aurtengo edizioko, 85. Musika Hamabostaldiko, sarrerak.
Kursaaleko zikloa Luxenburgoko Orkestra Filarmonikoak abiatuko du. Argazkia: Johann Sebastian Hänel.
Kursaaleko zikloa Luxenburgoko Orkestra Filarmonikoak abiatuko du. Argazkia: Johann Sebastian Hänel.

Musika Hamabostaldia zita ezinbestekoa da dagoeneko Donostiako abuztuetarako. Aurten, abuztuaren 1etik 30era egingo dute musika jaialdiaren 85. edizioa, hiriko hainbat aretotan, baita Gipuzkoako, Arabako, Nafarroako eta Lapurdiko hainbat herritan ere.

Musika erregaitzat hartuta, "bidaia eta exotismoa" aldarrikatuko du jaialdiak aurten; eta ildo horrekin programatu ditu Carmen Bizeten opera (ekoizpen propioa da), Saint-Saënsen Kontzertu egipziarra eta, esate baterako, Arantzazun izango den emanaldia; azken horretan, Abraham Cupeiro musikari galiziarra Eñaut Elorrieta, Oreka TX eta Agus Barandiaran elkarlanean arituko dira aurrenekoz.

Gainera, Shostakovitxekin kosakoen herrialdera joango da entzulearen gogoa, "Prokofievekin desagertzear den Europa ekialdeko juduen mundura, Ravelekin mila eta bat gaueko ekialdera edo Stravisnkyrekin Errusiako mugakide diren bazter magikoetara. Hainbat bidaiariren abenturak ezagutuko ditugu, tartean Egeria galaikoarenak, Genovako Marco Polorenak edo Krystof Harant konpositore, idazle eta matxino txekiarrarenak", Hamabostalditik azaldu dutenez.

Musika koralak ere toki nabarmena du Hamabostaldiko programazioan. Aurten, bertoko abesbatzekin batera, Bach Collegium Japan eta Cappella Mariana taldeak izango dira, besteak beste.

Luxenburgoko Orkestra Filarmonikoarekin, Filarmonica della Scala de Milanekin, Budapest Festival Orchestrarekin eta Frantziako Irrati Orkestra Filmarmonikoarekin batera, puntako zuzendari eta bakarlariak arituko dira abuztuko kontzertuetan, hala nola Gustavo Gimeno zuzendaria, Bruce Liu pianista, Riccardo Chailly zuzendaria, Patricia Kopatchinskaja biolinista, Sol Gabetta biolontxelista eta Alexandra Dovgan pianista gaztea.

Bestalde, aurtengo edizioak hamar hitzordu baino gehiago izango ditu dantzarekin: Compagnie Käfig, Compañía de Flamenco… Inaugurazio egunean, Kresala Dantza Taldeak Eduardo Chillidaren omenezko muntaia bat, Hiru, estreinatuko du Haizearen Orrazian.

Chillida ez ezik, Nestor Basterretxea ere hartuko dute gogoan Hamabostaldian, bion jaiotzaren urteurrenean, Hondarribian, organo eta akordeoi kontzertu batean.

EITBren laguntza duen jaialdiko kontzertuetarako sarrerak maiatzaren 21ean jarriko dituzte salgai, 11:30ean, webgunean.

Kontsultatu Musika Hamabostaldiko egitarau osoa.

Zure interesekoa izan daiteke

Oskorri argazkia Arantzazu
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Natxo de Felipe berriro oholtzara igo da Oskorrirekin argitaratu gabe geratu ziren abestiak berreskuratzeko

Natxo de Felipe musikari beteranoak abesti horiei hautsa kendu eta bizitza berri bat eman die "Abandonatuak" ikuskizunean, Arantzazuko Santutegian. Hitzordua Donostiako Musika Hamabostaldiaren programazioaren barruan txertatu da, eta EITBren parte-hartze eta babesarekin eraman da aurrera. Emanaldian, taldearen diskoetan sekula lekurik aurkitu ez zuten kantu horiek entzun ahal izan dira berriro, formatu berritu eta elektriko batean.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Natxo de Felipe agertokietara itzuliko da "Abandonatuak" proiektu berriarekin

Oskorrik agur esan eta 11 urtera, Natxo de Felipe berriro igoko da agertokietara disko berri batekin: Abandonatuak. Argitaratu gabe geratu ziren talde mitikoaren kantuak berreskuratu ditu proiektu honetan, eta abuztuaren 20an zuzenean aurkeztuko du Arantzazuko Santutegian, Donostiako Musika Hamabostaldiaren programazioaren barruan. Philiperena taldearekin batera aritu da disko honetan, Xabier de Felipe, Przemysaw Pujanek, Esther Alba eta Karmele Castillorekin batera.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X