Urmugaren Urtanta: mendiak, musika eta Nestor Basterretxearen ondarea eskutik hartuta
Urmuga mendiak eta musika batzen dituen jaialdia 2020an abiatu zen; Euskal Herri osoa mendebaldetik ekialdera zeharkatzen du bi urtean behin, "mendi tontor, herritxo eta bailaretara musika eta naturarekiko maitasuna ekarriz". Ekitaldi hori egiten ez den urteetan, aldiz, Urmugaren Urtanta antolatzen da, laburragoa. 2022an, Elkanoren mundu bira omendu zuten, eta aurtengo edizioan Nestor Basterretxearen ondarea goretsiko dute, haren heriotzaren mendeurrenean.
Uztailaren 22, 23, 25 eta 28an, hainbat euskal musikari eta artista Et Incarnatus orkestrari batuko zaizkio Hondarribian, Arantzazuko Basilikan, Bakion eta Gaintzan.
Lehen bi hitzorduetan, Basterretxearen omenezko ikuskizun berri bat taularatuko dute. Asisko Urmenetak gidoi batera ekarri ditu Jon Esnaola konpositorearen sei sorkuntza lan berri, eta Donostiako Orfeoiak, Maika Etxekoparrek, Et Incarnatus Orkestrak, Iñaki Palacios txistulariak eta Titika Rekalt aktoreak interpretatuko dute opera hori.
Uztailaren 25ean eta 28an, aldiz, Bakion eta Gaintzan, Et Incarnatus Orkestrak euskal kantari ezagunen kanten egokitzapenak eskainiko ditu, Eñaut Elorrieta, Anje Duhalde, Idoia Asurmendi, Olaia Inziarte eta Xabier Leturiaren parte hartzearekin.
Esan gabe doa, kontzertuetarako iristeko mendi ibiliak egiteko aukera izango da. Uztailaren 1ean, proiektua diru ekarpenez laguntzeko epea irekiko dute webgunean.
Zure interesekoa izan daiteke
Korrontzik 80 dantza talde batuko ditu otsailean BECen
Azkena Rock Festivalek Patti Smith, Bad Religion, Marilyn Manson, Slash eta Wilcoren eskutik ospatuko du 25. urteurrena
Lau artistak Ed Sheeranen bira utzi dute Macklemoreri elkartasuna adierazteko