Musikako irakaskuntza profesionalen barruan sartu dute trikitia
Ministro Kontseiluak trikitiaren espezialitatea sortzea onartu du musikako irakaskuntza profesionalen barruan.
Horri esker, irakaskuntza formalizatzeaz gain, irakaskuntza eta ikerketa-eremua sortuko da, tresna hori eta haren errepertorioak kontserbatu eta zabaldu ahal izateko.
Hezkuntza ministerioak onartu du dekretua eta gutxieneko irakaskuntza horiei dagozkien curriculumaren oinarrizko alderdiak, ordutegiak, helburuak eta ebaluazio-irizpideak ezarri ditu.
Hortik aurrera, hezkuntza-administrazioek beste irakasgai batzuk sartu ahal izango dituzte espezialitate berri horretan.
Trikitia Euskal Herriko musika autoktonoaren instrumentu adierazgarrienetako bat da. XIX. mendearen erdialdean Euskal Herrira iritsi zenetik —Italian sortu zen—, trikitiak ("soinu txikia" edo euskal akordeoi diatonikoa) errotze handia lortu du jai, erromeria eta kalejiretan, besteak beste, balsak, mazurkak, tangoak eta boleroak gure herrietako musikara ekarrita.
Espezialitate horren sorrerarekin, trikitia "euskal musikaren nortasun-elementutzat hartuko da, eta haren proiekzio sozial eta profesionala ahalbidetuko da, bai estetika tradizionalaren ingurunean, bai soinu-lengoaia berrietan", dekretuak dioen bezala.
Zure interesekoa izan daiteke
Korrontzik 80 dantza talde batuko ditu otsailean BECen
Azkena Rock Festivalek Patti Smith, Bad Religion, Marilyn Manson, Slash eta Wilcoren eskutik ospatuko du 25. urteurrena
Lau artistak Ed Sheeranen bira utzi dute Macklemoreri elkartasuna adierazteko