Jose James, Al Di Meola, Kenny Barron eta Jazzmeia Horn, Gasteizko jazz jaialdian
Gasteizko Jazz Jaialdiak uztailean ospatuko den 48. edizioaren lehen talde eta artisten izenak ezagutarazi ditu ostegun honetan: Jose James, Al Di Meola, Kenny Barron, Jazzmeia Horn eta Clasijazz Big Band.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, jaialdiaren agertoki nagusia den Mendizorrotzako kontzertuak uztailaren 16an hasiko dira, Charles Mingusi egingo zaion omenaldi batekin. Bertan, Clasijazz Big Band talde espainiarrak 'Epitaph' interpretatuko du, "XX. mendeko jazz musikari garrantzitsu eta eraginkorrenetako baten ondarea".
Uztailaren 17an, Gasteizko Jazz Jaialdiak "gau guztiz bokala" eskainiko du, garai guztietako jazzaren ahots handiak gogora ekarriko dituzten bi interpreterekin. Hasteko, Jazzmeia Horn afrikar jatorria duen AEBko jazz abeslari eta musikagilea ariko da, eta ondoren, kritikak "Billie Holidayren ahotsaren gizonezko baliokidetzat" jo duen Jose James abeslari estatubatuarra.
Era berean, jaialdiak "publiko fidelena hunkituko duen kartela" programatu du uztailaren 18rako, Al Di Meola jazz fusioaren ordezkari handienetakoarekin eta Kenny Barron piano jotzaile handiarekin.
Gasteizko Jazz Jaialdiak laster iragarriko ditu 48. edizioko gainerako egitaraua eta sarreren eta abonamenduen salmentaren hasiera.
Zure interesekoa izan daiteke
Korrontzik 80 dantza talde batuko ditu otsailean BECen
Azkena Rock Festivalek Patti Smith, Bad Religion, Marilyn Manson, Slash eta Wilcoren eskutik ospatuko du 25. urteurrena
Lau artistak Ed Sheeranen bira utzi dute Macklemoreri elkartasuna adierazteko