Hamar urte David Bowie gabe
“Kameleoia” duela hamar urte zendu zen, ondare gaitz eta pizgarria utzita.
Larunbatean, urtarrilak 10, hamar urte beteko dira David Bowie betiko itzali zenetik. Bere belaunaldiko artista popular arriskuzale eta osoenetako izan zen Bowie, horretan behinena izan ez bazen, eta bizi izan zen 69 urtean ez zuen inoiz zalantzarik agertu irudia edo musika estiloa, izena eta izena, behin eta berriz aldatzeko.
1947ko urtarrilaren 8an Brixton Londres hegoaldeko auzoan David Robert Jones izenez sortua, txiki-txikitatik agertu zuen kanturako, dantzarako eta estatubatuar musikarako jaidura. 15 urte zituela, The Konrads sortu zuen, bere lehen musika taldea.
Betiere modei aurrea hartuz edo, hobeto esan, oin bat gaurkoan eta bestea biharkoan zuela modak asmatuz eta gidatuz, Bowiek hau kantatu zuen “Changes” Hunky Dory diskoko kantuan: “Aldaketak… Estrainioari aurre egin eta irauli. Ez dut aberatsagoa izan, ezpada gizon ezberdina izan nahi dut”.
Geroago etorri ziren, irrika eta jakin-nahi horren erakusgarri, 'Starman', 'Heroes', 'Modern Love', 'Ziggy Stardust', 'China Girl', 'Under Pressure', 'Modern Love'... Eta dozenaka abesti gehiago erants dakizkioke zerrenda beti laburregiari.
“Under pressure” horrek Freddie Mercuryrekin batu zuen, baina Bowie handienen parean egon zen, estiloa eta gainerako ingurumari guztiak gorabehera: Mick Jagger, John Lennon, Tina Turner, Bing Crosby, Lou Reed, Cher, Iggy Pop... Kameleoia estilo guztietara egokitu zen, edo, bestela ikusita, guztiak egokitu zitzaizkion: popa, rocka, punka, soul, glama, popa…
Atzo, urtarrilak 8, hamar urte bete zituen Blackstar, Bowieren estudioko hogeita bosgarren diskoak argitaratu zuen azkenak, Duke Zuriaren 69. urtebetetzearen egunean kaleratu baitzen, hil baino bi egun lehenago.
Zure interesekoa izan daiteke
Lau artistak Ed Sheeranen bira utzi dute Macklemoreri elkartasuna adierazteko