Pau Guillen: 'Zinegoak LGTB publikoaz haraindi heltzen da'
Zinegoak Bilboko gaylesbotrans Zinema eta Arte Eszenikoen Nazioarteko Jaialdia gaur, otsailak 20, hasiko da, eta hamalaugarren edizio honen iraupena aurrekoen bikoitza izango da, bi astekoa, zinema dokumentalaren eta fikziozko lanen pisua parekatuko baitu.
Zinegoakek hainbat ekintza eta 100 pelikula baino gehiago, besteak beste Cannesen, Donostian eta Sundancen saritutako lanak, programatu ditu aurtengo ediziorako, Pau Guillen zuzendariak elkarrizketa batean azaldu digunez.
Jaialdiaren lehen astearen ardatza dokumentalak izango dira, eta bigarrenarena, fikzioa.
Guillenekin hitz egin dugu, jaialdiaren ediziorik handinahienari buruz, zeinetan sarituko baitituzte Joao Pedro Rodrigues portugaldar zinemagilea eta Queer Kampala Afrikan zinema gaylesbotransaren inguruan egiten den jaialdi bakarra. Ugandan egiten da zinemaldi hori, homosexualitatea legez kanpokoa den herrialde batean.
Zinegoaken hamalaugarren ekitaldia duzue aurrean. Zelan ikusten duzu jaialdiaren osasuna eta haren eboluzioa?
Oso eboluzio positiboa izan da. Hasieran jaialdia hiru egunez areto bakarrean egiten zela ikusten badugu eta hori orain egiten dugunarekin erkatzen badugu, eboluzio argia egon dela eta zinemaldia hazi egin dela ikusiko dugu, alde kuantitatiboari dagokionez bederen.
Horri gehitzen badiogu, alde kualitatiboaren aldetik, publiko zabalagoa dagoela eta, oraindik gehiengoa izanik ere, LGTB publikoaz haraindi iritsi garela, emaitza positiboa dela esan behar dugu.
Zinegoak hiri osorako zinema ekitaldi bihurtu da dagoeneko, kulturaren eta zinemaren bitartez sentsibilizatzea helburu duena.
Aurten, karteletik bertatik hasita, generoa eta haren adierazpena jarri dituzue erdigunean, ikuspegi tematikotik, beste urte batzuetan afektibitatearekin lotutako gaiak jorratu eta gero. Zer erakutsi nahi izan duzue leiho hori zabalduta?
Jaialdiko kartelaren bidez, hirian eta kalean irudi bat jarri nahi izaten dugu, ikusten duenari pentsaraziko diona edo, behinik behin, eztabaida sustatuko duena.
Orain arte, sexu joerekin edo maitasunarekin (gay, lesbo…) lotuago egon gara, nahiz eta trans elementuak ere agertu izan diren. Aurten, baina, aurrerago egin nahi izan dugu, eta generoaren adierazpenaz aritu.
Gure ikuspegitik, bi aukera bakarrik izan ditzakegula dirudi, gizona edo emakumea, eta erakutsi nahi genuen beste kultura batzuetan (kasu honetan, Mexikoko kultura prehispaniko bat da) generoaren gaia zabalagoa dela. Gizarte hauetako pertsonak gai dira guretzat ezinezko aukerak ziren generoak sortu eta horiekin bizitzeko. Genero ezberdinak dira, baina guretzat “gizona” eta “emakumea” diren bezain baliagarriak.
Hori zen asmoa: erakutsi, jendea pentsatzera bultzatu, askotan gure etiketetan harrapatuta gelditzen baikara. Kartel honen aurrean jende askok bere buruari galdetzen dio: emakume jantzita dagoen gizon bat ote da? Ez, kasu honetan pertsona muxe bat da, gizonarena edo emakumearena bezain genero baliagarria, bere ezaugarriak eta bere adierazpideak dituena… Etiketek lagundu egin behar digute, mugatu baino gehiago.
Aurtengo programa, dokumentala indartu duzue, eta, horretarako, jaialdiaren ohiko iraupena luzatu duzue. Zure ikuspegitik, zelan uztartzen dira fikzioa eta dokumentala nola zuen programan hala artean oro har?
Bateragarria dira, eduki ezberdinak ematen baitituzte. Fikziotik, emozioan eta pertsonaietan oinarrituago dauden istorioak egiten dira. Dokumentalean ere egoten da ezaugarri hori, baina ohikoagoa da egileen hausnarketa prozesuak agertzea, eta horrek laguntzen digu errealitate konplexuagoetara hurbiltzen eta gaur-gaurko gaiei buruz ikasten.
Jaialdian duten pisuari dagokionez, oreka handiagoa behar genuen ustean handitu dugu dokumentalen kopurua. Zortzi dokumental eskainiko ditugu, bakoitza bi aldiz, fikziozko lanekin egiten dugun bezala. Gainera, atal honetarako epaimahai berezia egongo da, fikzioarekin bezala, horien edukiak balioztatzeko.
Asmoa da eskura ditugun ikus-entzunezko erreminta eta kultura jarduera guztiak erabiltzea, bi aste hauetan dibertsitateaz eta identitatearekin zein generoarekin lotutako bestelako gaiez hitz egiteko. Kontua ez da ematen diren lanen kopurua handitzea bakarrik, ezpada jendeari horietaz gozatzeko denbora gehiago ematea. Jaialdiko publikoak esan izan digunez, astebetean oso estu gelditzen zen dena, eta apur bat gehiago banatu eta aukera gehiago ematea deliberatu dugu.
Begiradak Euskadi zikloak “Ilunpetan”, “Narciso”, “¡No es nada!”, “The closet” eta “Tunel koloretsua” film laburrak erakutsiko ditu. Gainera, “Mara mara” eta “Etxera bidean” estreinatuko dituzue. Nola ikusten duzu euskal ekoizpena?
Dibertsitate sexuala lantzen duten gero eta lan gehiago egiten dira, edo hori uste dugu behintzat. Hainbat urtez, ezin izan dugu film laburren ziklo oso bat egin, eta zaila zen gai hori jorratzen zuten film luzeak aurkitzea, bai dokumentala bai fikziozkoa.
Halere, hainbat urte daramatzagu lau edo bost film laburreko euskal zikloa egiten. Egia da lanetako batzuek zeharka jorratzen dutela gaia, baina, gutxienez, dibertsitatea modu nahiko naturalean erakusten duten pertsonaiak agertzen doaz.
Joao Pedro Rodrigues portugaldar zinemagileak jaialdiaren ohorezko saria irabaziko du. Nolakoa da haren zinemagintza?
Joao Pedro Rodrigues oso begirada berezia duen zinemagilea da, istorioak kontatzeko orduan berrikuntzak egiten dituen pertsona konprometitua. Oso ohikoak ez diren gaietan jartzen du ikuspuntua, eta, hortaz, sortzaile ausart eta, batzuetan, konplexua da. Horregatik da horren beharrezkoa haren lana.
Ohorezko sari honen bidez, bere sortze indar guztia sexu dibertsitatea bistaraztera bideratu duen zinemagile baten lana aitortu nahi dugu. Joao Pedrok hori egin du bere bost filmetan, beti egon da gai hori, batzuetan erdigunea hartuta eta beste batzuetan zeharka.
Argi dagoena da ez dugula ezer berririk aurkituko, Locarnoko zinemaldiko zuzendari onenaren saria jasotzetik datorrela kontuan izanda. Gure asmoa da, oso ezaguna ez dela jakinda, haren lana aitortzea eta ahalik eta jende gehienengana hurbiltzea, merezi du eta.
Gainera, Queer Kampala IFF Ugandako jaialdia ere omenduko duzue. Nola hartu dute zuen babesa?
Oso pozik daude, eta esker ona erakutsi digute: poz handiz hartu dute berria. Haiekin harremanetan jarri ginen lehenengoz, egiten ari ziren lana aintzat hartzen genuela jakinarazteko, beraien jarduera babesten genuela esateko, eta saria eman nahi geniela komunikatzeko, hil edo bizikoa iruditzen zaigun lan hori aitortze aldera.
Badago jendea jaialdiak egiten jarraitzen duena, aktibismoan, eta bizitza jokoan jartzen duena horregatik. Gure ustez, oso bidezkoa zen aitortza hori egitea, eta oso harro gaude hemen izango ditugulako saria jasotzen eta jaialdia gurekin batera bizitzen.
Amaitzeko, zer harribitxi ezin du galdu Zinegoakera bertaratzen denak?
Makina bat bitxi dago, oso zaila zait horietako bat hautatzea. Ospe oso handiko nazioarteko jaialdietan saritu dituzten lanak daude programazioan.
Hiri osoan zabaldu dugun katalogoaz gozatzea gomendatzen diot jendeari. Bila dezala gustuko duena, eta seguru nago aurkituko duela harribitxiren bat.
Baten bat esan behar badut, inaugurazio galan emango dugun filma esango nuke, “Les vies de Thérese”, zeina Cannesetik baitator zuzenean. “Rara” Donostiako Zinemaldian Horizontes Latinos ataleko saria irabazi zuen filma ere bai, edo “First girl I loved” Sundanceko jaialdian publikoaren saria eraman zuen lana.
Hori bai, bakoitzak erabaki dezala jaialdiko zein film bihurtu nahi duen bere harribitxia.
Zure interesekoa izan daiteke
Alejandro Gonzalez Iñarritu, irudiaren bardoa
Amores perrosekin goizetik gauera zinemagintzaren panorama inarrosi zuenetik Bardo (o falsa crónica de unas cuantas verdades) azken filmera arte, EITBren Bilboko egoitzan Carne y arena instalazioa erakutsiko duen mexikar zinemagileak ezinbesteko ibilbidea egin du XXI. mendeko autore zinemagintzan.
Robert Duvall aktorea zendu da, 95 urte zituela
Apocalypse Now eta Aitajauna filmetako aktore ospetsua igande gauean hil zen, Virginan, Luciana Duvall haren alargunak iragarri duenez. 2003an, Donostia saria eman zion Zinemaldiak.
Hemeretzi film lehiatuko dira Punto de Vista jaialdiaren Sail Ofizialean
Zinema Dokumentalaren Nafarroako Nazioarteko Jaialdiaren 20. edizioaren programazioa Benita Alain Berlinerren filmak irekiko du, eta Una película de miedok itxiko du.
Horrelakoa da “Cada día nace un listo”, Arantxa Echevarriak “La infiltrada”ren ondoren egin duen filma
Pelikula, “satira garratz bat”, Malagako zinema jaialdiko Sail Ofizialean aurkeztuko dute, lehiatik kanpo, maiatzaren 22an zinema aretoetan estreinatu aurretik. Cada día nace un listo, Arantxa Echevarría bilbotar zinemagilearen film berria, Malagako zinema jaialdian estreinatuko dute; martxoaren 6tik 15era egingo dute jaialdia. Echevarriak eta Patricia Campok idatzia, Hugo Silva, Susi Sánchez, Dafne Fernández, Jaime Olías, Ginés García Millán, Diego Anido, Markos Marín, Marina Ostolaza, Sofía Otero eta Javier Tolosa dira aktoreak, eta Belen Rueda, Pedro Casablancek eta Gonzalo de Castrok ere hartu dute parte. EITBren parte-hartzea du Lazona Zinemaren eta Lamia Produccionesen ekoizpenak. Echevarriaren seigarren film luzea da Cada día nace un listo (2026), Carmen y Lola (2018), La Familia Perfecta (2021), Chinas (2023), Políticamente Incorrectos (2024) eta La infiltrada (2024) lanen ondoren.
Argazki zuzendaria letra handitan agertzen denean…
El cuento de una noche de verano film labur onenaren Goya sarirako izendatutako lanean, Ion de Sosa donostiarra ibili da argazki zuzendari.
Asier Altuna: "Jendea hunkitu egiten da 'Karmele' ikustean"
Donostiako Zinemalditik eta Euskal Herriko areotatik pasatu eta gero, Karmele filma Primeran plataformara iritsi da. Asier Altuna filmaren zuzendariarekin hitz egin dugu, hori dela eta.
Batman, FANT zinema jaialdiaren ikurra
Fantasiazko zinemaren Bilboko jaialdia maiatzaren 8tik 16ra arte egingo dute aurten. Gotham Cityko superheroia Bilbori begira ageri da kartelean.
“Las hijas”, manipulazioaren aurkako borroka pantailan
Daniel Romero madrildar zinemagilearen lehen lan luzea Bizkaian filmatu dute, eta Yune Nogueiras, Jone Laspiur, Edurne Azkarate, Ainara Elejalde eta Ainhoa Larrañaga ditu protagonista, baita Karra Elejalderen parte-hartzea ere.
Euskal ekoizpenak protagonista, Goya sarietako izendatuen jaian
Goya sarietako izendatuen jaia egin dute Madrilen. Euskal produkzioek 47 izendapen dituzte guztira eta haien presentzia nabarmena izan da. Euskal zuzendari, ekoizle eta aktoreak irribarretsu ikusi ditugu alfonbra gorrian, pozik eta ilusioz beterik. Jai honekin otsailaren 28an Bartzelonan ospatuko den galarako atzerako kontaketa hasi da.
Euskal zinemaren industria etengabeko hazkundean dago, eta Euskal Herriko Zinema Eskolan nabaritu dute
Datozen urteetan arlo profesionalera salto egiteko asmoz, gero eta aktore gazte gehiago dago zine eskoletan. Euskal Herriko Zinema Eskolako ikasleek aitortu dute sektoreak bizi duen gorakadaren ondorioz etorkizunari itxaropenez eta motibazioz begiratzen diotela.