"Jone, batzuetan" eta "Todo lo que no sé" filmak Malagako jaialdiko Sail Ofizialean lehiatuko dira
Malagako zinema jaialdia martxoaren 14tik 23ra egingo dute, Andaluziako hirian, eta Jone, batzuetan Sara Fantova zinemagilearen (Bilbo, 1993) lehen film luzea eta Todo lo que no sé Ana Lambarri enkarterriar zinemagilearen lana Sail Ofizialean lehiatuko dira, besteak beste, Daniel Guzmanen, Belén Funesen, Celia Ricoren eta Gracia Querejetaren azken filmekin.
Abuztu betean, Jone 20 urteko emakumea Bilbon kokatzen du Jone, batzuetan EITBren parte-hartzea duen euskarazko filmean. Aste Nagusia hasi berritan, lehen aldiz maiteminduko da, eta zirrara hori aitaren gaixotasunarekin nahasiko zaio.
Todo lo que no sé filmaren protagonista Laura da. Bizimodu aspergarria du, eta ohikotasun hori goitik behera etorriko da halako batean iraganeko proiektu bat berreskuratzen duenean. Susana Abaituak gorpuzten duen pertsonaiak lehen mailan jarriko du bere burua, eta ordaina jaso beharko du horregatik.
Sail Ofizialean ikusi ahalko dira, halaber, lehiatik kanpo hori bai, Faisaien irla Asier Urbietaren opera prima, Los aitas Borja Cobeagaren film berria eta 8 Julio Medemen lana.
Dokumentalen arloan, Ander Duque bilbotarrak Burnout aurkeztuko du, artearen arloko prekarietateaz Felipe Almendrosekin batera idatziriko lana, eta Tamara Garciak Locas del ático dokumental laburra. Film laburrei dagokienez, Eneko Muruzabalek Planetagatik erakutsiko du, Ander Iriartek Judoka, Estibaliz Urresolaren gidoia duen pelikula, eta María Algorak eta Mikel Bustamantek Lo que no se ve suizidioari buruzko lana; animazioan, Begoña Arosteguik El cambio de rueda Goya sarietan izendatutako pelikula, Izibene Oñederrak Etorriko da (eta zure begiak izango ditu) eta Sonia Estevezek Plazer bat erakutsiko dute; eta Elixabet Nuñezek A-Maniki bere lehen filma.
Halaber, Afirmando los Derechos de las Mujeres (emakumeen eskubideak berresten) atalean, Ane Inés Landetak eta Lorea Lyonsek Azkena film laburra aurkeztuko dute, amatasunari buruzko hausnarketa bat, eta Ander Iriartek eta Amaia Merinok Indarkeriaren oi(h)artzunak Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldian film luze onenaren saria irabazi zuen lana.
Cine Cocina atalean, lehiatik kanpo, Mugaritz. Sin pan ni postre Andoni Luis Adurizen jatetxeari buruzko dokumentala aurkeztuko du Paco Plaza zinemagileak. Horrez gain, Documentales Pases Especiales atalean Dolores Ibarruri Pasionariari eta Urtaini buruzko dokuentalak programatu dituzte; azken lan horrek EITBren parte-hartzea du. Paco Rabanne, una vida fuera del patrón lana ere ikusi ahalko da, Pasaian jaiotako jostunari buruz.
Jone, batzuetan, Faisaien irla, Los aitas, Azkena, Judoka, Etorriko da (eta zure begiak izango ditu) eta Indarkeriaren oi(h)artzunak filmek EITBren parte-hartzea dute.
Zure interesekoa izan daiteke
Ia milioi bat ikusle izan dira urteko lehen hiruhilekoan EAEko zinema aretoetan
“Torrente presidente” izan da film ikusiena tarte horretan, martxoaren 13an estreinatu bazen ere. “La asistenta”, “Avatar: Fuego y ceniza”, “Hamnet” eta “Cumbres borrascosas” pelikulek osatzen dute bost ikusienen zerrenda.
Bero egiten du Laponian
Zinemara goazen bakoitzean, hitzarmen bat sinatzen dugu pelikularekin: engaina nazazu gozoki, prest nauzu.
Silver Film Festivalek Elena Irureta omenduko du
Jaialdiaren laugarren edizioa apirilaren 20tik 24ra egingo dute, Bilbon, eta 16 filmen proiekzioa, solasaldiak eta hitzaldiak antolatu dituzte. Maiatasuna eta sexua adinari begiratu gabe bizitzeko gonbita egingo du, bost egunez.
"Itzalak argitzen": Euskal zinemaren lau klasikoren zaharberritze prozesua erakusten duen dokumentala
Koldo Almandozek eta Gorka Bilbaok Itzalak argitzen dokumentala ondu dute, 80ko hamarkadaren erdialdean ekoitzitako lau film ertain zaharberritzeko prozesua dokumentatu ostean: Hamaseigarrenean, aidanez (Anjel Lertxundi, 1985), Zergatik panpox (Xabier Elorriaga, 1985), Ehun metro (Alfonso Ungria, 1985) eta Oraingoz izen gabe (Jose Julian Bakedano, 1986). Euskadiko Filmategiaren Euskal Zinema zikloan estreinatuko da.
Euskadiko Filmategiak ondareari eta emakumeen zinemagintzari eskainiko die Euskal Zinema zikloa
Datozen hiru hilabeteetan Gasteizen, Donostian eta Bilbon egingo den zikloan, Itzalak argitzen estreinatuko dute, besteak beste, 1980ko hamarkadaren erdialdean ekoitzitako lau film ertainen zaharberritze lanei buruz Koldo Almandozek eta Gorka Bilbaok egin duten filma.
Alejandro G. Iñarritu: "Bilbon egotea benetan sinbolikoa da niretzat"
Hotz zaplada batez hartzen du bisitaria, EITBren Bilboko egoitzaren 5. platoan, “Carne y arena” Alejandro Gonzalez Iñarritu mexikar zuzendariak sortutako errealitate birtualeko “esperientziak”.
“Palestine 36” filmak irekiko du Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldia
Apirilaren 23tik 30era 23. edizioa egingo duen jaialdiko pelikuletan hizpide hartuko dituzte, besteak beste, emakumeek erlijioetan duten zeregina, larrialdi klimatikoa, prekarietatearen feminizazioa eta pertsona transek landa giroan duten egoera.
Piztu ziren argi gorriak Hernaniko eskalextrikean
"Argi Gorriak" telesailaren zortzi ataletan, krudela oso da komedia, bizitza nola. Zortzi atal horietan, algarak izozten dizkizute gidoilariek eztarrian.
Stephen Colbertek "Eraztunen jauna" sagako film berria idatziko du, lehen liburuan oinarrituta
Film berria, Eraztunen jauna: eraztunaren komunitatea liburuko lehen kapituluetan oinarrituko da, Peter Jacksonen zinema-egokitzapenean sartu ez ziren kapituluetan, hain zuzen ere.
Martxoak 3 Elkarteak Paul Laverty sarituko du Langilearen Inguruko Zinema Astean
Arkabia Gasteizko aretoa izango da jaialdiaren egoitza, eta eskoziar gidoilaria, Ken Loachen ohiko lankidea, itxiera galan izango da. Zikloan, Estibaliz Urresolak eta Irati Gorostidik ere hartuko dute parte, eta, besteak beste, The Old Oak, Cuerdas eta Contadores ikusi ahalko dira.