Sinadura
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Argazki zuzendaria letra handitan agertzen denean…

El cuento de una noche de verano film labur onenaren Goya sarirako izendatutako lanean, Ion de Sosa donostiarra ibili da argazki zuzendari.

Goya sarietarako film laburren sailean badago zinemaldietan zein merkatuetan ibilaldi polita izan duen Maria Herreraren El cuento de una noche de verano. Aita Correoseko langilea eta ama denda-saltzailea dituen Madrilgo Alcorcon herriko neska ez da, inolaz ere, hasi berria zinema borroketan. Unibertsitatean ikasi beharrekoa ikasi ondoren, beka bat lortu zuen New Yorken gidoigintzan trebatzeko. Ederki probestu zuen aukera, eta bertan sortu 2024an Valladolideko Semincin estreinatu zen ipuin erotiko eta aldarrikatzaile berea. Ez da, ordea, industrian duen eskarmentu bakarra. Ekoizpen departamentuan egin zuen lan Carla Simonen Alcarrasen eta Paula Ortizen La virgen rojan. Ekoizle eragile jardun zuen hain interesgarria den Elias Leon Siminianiren Arquitectura Emocional 1959 izenburuko film ertainean, eta buruturiko balentriagatik Goya eskuratu. Espainiako Zinemaren Akademiak sortutako egonaldi artistiko hainbatetan izana da, eta badauka beste film laburrik bere zeluloidezko curriculumean, Other Woman.

El cuento de un noche de veranoren hasieran, ordu gutxi lehenago elkar ezagutu duten bi bikotekide elkarrekin esnatuko dira. Sexu jokoetan aritu dira luze, gauez. Bai ohean bai gelan, nahaspila erabatekoa da. Bero dago, eta gorputzak izerditan. Orduak dira eguna argitu zela. Berriro ekingo diote sexuari, baina zerbait gertatuko da, neskaren onespena, baita desira ere, kolokan jartzen duen zerbait. Ezin dugu gehiagorik kontatu. Pista bat emango dizuet, baina: ingelesez, gertatuko den horri stealthing deitzen zaio eta hainbat herrialdetan, gurean barne, delitu sexu-delitutzat hartzen du legeak.

Filmaren lehengo zatian, gorputzak dira protagonistak. Desiraz beteriko gorputzak, zinema koreografia oso fisiko batean murgildurik dauden bi gorputz horiek.

Neska mutilaren etxetik ateratzen denean, bai pelikularen tonua bai doinua, bai argia(k) aldatzen dira. Bi zati horietan, Goya sarietan zinegile berrien sailean, Balearic filmagatik finalista den Ion de Sosa ibili da argazki zuzendari. Kuriosoa da oso: El cuento de una noche de verano lau haizeetara zabaltzeko ardura duten publizistek Ion aipatzen dute nonahi, prentsa ohar orotan, badakite eta Lois Patiñorekin eta Irati Gorostidirekin lan egindako donostiarraren presentziak, filmaren argi-ilunak sortzen, areagotzen duela Mariaren lanaren kalitatea.

Donostiako Tabakaleran hilaren 26an Balearic aurkeztuko duen Ionekin hizketan, jator azaldu zigun pelikulak testura heze, erotiko, izerditua exijitzen zuela. Azaldu, hain sexuala izanik, ezinbesteko izan zutela denek intimitate koordinatzaile bat ere bertan izatea. Kasu horretan, Alauda Ruiz de Azuaren Querer telesailean zeregin bera hartu zuen Violeta Orgaz arduratu zen aktore bikotea lasai eta seguru sentitzeaz.

Ionek steadicam kamera zerabilten operadoreen garrantzia ere komentatu zigun onest asko. Berak hautatzen zuen argia eta diafragma nola kokatu ondo eta egoki, baina beste batzuek mugitzen zuten kamera gorputz koreografiaren artean. Hona hemen euren izenak: Virginia Rita Luengo, Belén Figal Montero eta Arielle Estrada. Aipa dezagun fokua gobernatzen zuen David Villegas ere. Bide batez, Belenek badu eskarmentu polita oreka sekula galtzen ez duen steadicam tramankulu berezi eta ezinbestekoarekin. Izan ere, Amenabarren El cautivo  gobernatu zuen ofizio eta trebezia osoz.

Goya sariak hilaren 28an banatuko dira. Ordura arte, Maria Herreraren filmaren marketinaren espezialistek jarraituko dute Ion de Sosaren izena amu bezala erabiltzen. Arrazoi handi eta osoz.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X