Goya sariak
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Euskal zinemak urte handia ospatuko nahi du gaur Bartzelonan

Euskal zinemako ekoizpen eta profesionalek Goya sariak irabazteko aukera izango dute gaur gauean, Espainiako Zinema Akademiaren galan. Guztira, 47 izendapen jaso dituzte, 28 kategorietko 23tan.

18:00 - 20:00

Bartzelona hiriak Goya Espainiako Zinema Akademiaren sarien berrogeigarren edizioaren gaualdia jasoko du gaur, larunbatarekin. Han izango dira euskal zinemako profesional eta ekoizpenak, orotara 47 izendapen bilduta, Luis Tosar aktoreak eta Rigoberta Bandini aktore eta musikariak aurkeztuko duten galari adi.

Euskal ordezkariak urduri izango dira, seguru asko, haien eserlekuetan. Lasaiago izango dira, horiek bai, dagoeneko iragarrita dauden bi saridunak. Susan Sarandon aktore estatubatuarrak Nazioarteko Goya saria jasoko du, eta Gonzalo Suarez zinemagile eta idazleari Ohorezko Goya saria.

Gainerakoan, euskal zinema sarien 28 sailetako 23tan egongo da ordezkatuta.

Los domingos Alauda Ruiz de Azuaren filmak 13 izendapen ditu, beste edozein pelikulak baino gehiago, tartean film, zuzendaritza eta gidoi onenena. Donostiako Zinemaldiko Urrezko Maskorraren irabazlea, gainera, interpretazio arloko sei ataletatik bostetan dago finalisten artean: emakumezko aktore onena (Patricia Lopez Arnaiz), gizonezko aktore onena (Miguel Garcés), antzeztaldeko emakumezko aktore onena (Nagore Aranburu), antzeztaldeko gizonezko aktore onena (Juan Minujín) eta emakumezko aktore berri onena (Blanca Soroa).

Maspalomas euskal filmeko aktoreak ere denen ahotan daude, sarietarako faboritoez mintzo garela; Jose Ramon Soroiz protagonistak interpretazio onenaren Zilarrezko  Maskorra jaso zuen Donostiako Zinemaldian, eta Goya saria beste berrespen bat izango litzateke legorretarrak Bixenteren larruan eginiko lan ederrarentzat. Kandido Urangak antzeztaldeko aktore gisa egindako lanak ere izendapena ekarri dio moriartitarren filmari, guztira jasotako bederatzietako bat. Film, zuzendaritza eta gidoi onenaren saria ere irabaz dezake adineko homosexual baten armairurako buelta kontatzen duen pelikulak.

Ikus-entzunezkoetarako gero eta lur emankorragoa da Euskal Herria, zinez, berezko talentuari, erakundeen arteko lankidetzari, EITBren parte-hartzeari eta zerga pizgarriei esker; horren erakusgarri da euskal ekoiztetxeek gidatutako proiektu handiek jaso dituzten izendapenak: Los tigres (Kowalski Films ekoiztetxearen parte-hartzea du, eta 7 izendapen), Un fantasma en la batalla (Basoilarraren Filmak euskal ekoiztetxearen produkzioak 4 izendapen, tartean Susana Abaitua protagonistarena), El talento (K2000 euskal ekoiztetxearen lanak izendapen bat), La tregua (Spassk 99ren lanak beste bat) eta La misteriosa mirada del flamenco (iberoamerikar film onenaren sarirako izendatuta dagoen txiletar filmak Irusoin euskal ekoiztetxearen parte-hartzea du).

Gaua, Paul Urkijoren hirugarren film luzea, hiru ataletan dago izendatuta (jantzien diseinu onena, makillaje eta ile-apaintze onena eta efektu berezi onenak), Balearic Ion de Sosaren lana zuzendari berri onenarenean, Decorado Uniko bilbotar ekoiztetxearen pelikula animaziozko film onenarenean eta Zona wao film labur dokumentalen atalean. Lau film horiek, Maspalomasek bezala, EITBren parte-hartzea dute.

Azkenik, euskal profesionalek Euskal Herritik kanpoko ekoizpenetan egindako lana ere hartu du aintzat Espainiako akademiak, hala nola Elena Irureta aktorearena eta Urko Garai soinu teknikariarena Sorda filmean eta Aitor Berenguer soinu teknikariarena El cautivo Alejandro Amenabarren pelikulan. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X