Goya sariak
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Euskal zinemak urte oparoa biribildu nahi du Goyetan

Espainiako Zinema Akademiak bere sariak emango ditu larunbat iluntzean, Bartzelonan. Euskal ekoizpen eta profesionalek 47 izendapen jaso dituzte, eta “Los domingos” eta “Maspalomas” filmek, esate baterako, Donostiako Zinemaldian abiatu zuten bide arrakastatsua osatu nahi dute. 

Hitzordua jarrita dago: larunbata, otsailak 28, 22:00etan, Bartzelonako Forum-CCIB auditoriumean. Zita hori baliatu nahi du euskal zinemak aretoetan eta jaialdietan egindako urte arrakastatsuari amaiera bikaina emateko. Espainiako Zinema Akademiaren sariek burutuko dute, besteak beste, Jone, batzuetan; Aro berria; Karmele, Maspalomas eta Gaua euskarazko film luzeen estreinak, eta Los domingosen eta Maspalomasen Zinemaldiko Maskorrak utzi dizkigun bidea.

Aurten, inoiz baino aukera gehiago daude, egon, sariak etxeratzeko. Euskal film eta profesionalek Espainiako zinemaren sarietarako 47 izendapen lortu dituzte orotara, Los domingosen hamahiruak buru direla, eta sarien 28 sailetako 23tan egongo da, gutxienez, euskal zinemaren ordezkari bat.

Los domingos Alauda Ruiz de Azuaren filmak 13 izendapen ditu, beste edozein pelikulak baino gehiago, tartean film, zuzendaritza eta gidoi onenena. Donostiako Zinemaldiko Urrezko Maskorraren irabazlea, gainera, interpretazio arloko sei ataletatik bostetan dago finalisten artean: emakumezko aktore onena (Patricia Lopez Arnaiz), gizonezko aktore onena (Miguel Garcés), antzeztaldeko emakumezko aktore onena (Nagore Aranburu), antzeztaldeko gizonezko aktore onena (Juan Minujín) eta emakumezko aktore berri onena (Blanca Soroa). 

Maspalomas euskal filmeko aktoreak ere denen ahotan daude, sarietarako faboritoez mintzo garela; Jose Ramon Soroiz protagonistak interpretazio onenaren Zilarrezko  Maskorra jaso zuen Donostiako Zinemaldian, eta Goya saria beste berrespen bat izango litzateke legorretarrak Bixenteren larruan eginiko lan ederrarentzat. Kandido Urangak antzeztaldeko aktore gisa egindako lanak ere izendapena ekarri dio moriartitarren filmari, guztira jasotako bederatzietako bat. Film, zuzendaritza eta gidoi onenaren saria ere irabaz dezake adineko homosexual baten armairurako buelta kontatzen duen pelikulak.

Ikus-entzunezkoetarako gero eta lur emankorragoa da Euskal Herria, zinez, berezko talentuari, erakundeen arteko lankidetzari, EITBren parte-hartzeari eta zerga pizgarriei esker; horren erakusgarri da euskal ekoiztetxeek gidatutako proiektu handiek jaso dituzten izendapenak: Los tigres (Kowalski Films ekoiztetxearen parte-hartzea du, eta 7 izendapen), Un fantasma en la batalla (Basoilarraren Filmak euskal ekoiztetxearen produkzioak 4 izendapen, tartean Susana Abaitua protagonistarena), El talento (K2000 euskal ekoiztetxearen lanak izendapen bat), La tregua (Spassk 99ren lanak beste bat) eta La misteriosa mirada del flamenco (iberoamerikar film onenaren sarirako izendatuta dagoen txiletar filmak Irusoin euskal ekoiztetxearen parte-hartzea du).

Goya sariak, promoa
18:00 - 20:00

Gaua, Paul Urkijoren hirugarren film luzea, hiru ataletan dago izendatuta (jantzien diseinu onena, makillaje eta ile-apaintze onena eta efektu berezi onenak), Balearic Ion de Sosaren lana zuzendari berri onenarenean, Decorado Uniko bilbotar ekoiztetxearen pelikula animaziozko film onenarenean eta Zona wao film labur dokumentalen atalean. Lau film horiek, Maspalomasek bezala, EITBren parte-hartzea dute.

Azkenik, euskal profesionalek Euskal Herritik kanpoko ekoizpenetan egindako lana ere hartu du aintzat Espainiako akademiak, hala nola Elena Irureta aktorearena eta Urko Garai soinu teknikariarena Sorda filmean eta Aitor Berenguer soinu teknikariarena El cautivo Alejandro Amenabarren pelikulan.

Susan Sarandon eta Gonzalo Suarez

Goya sarien gala Luis Tosar aktoreak eta Rigoberta Bandini aktore eta musikariak aurkeztuko dute, eta, berorretan, Susan Sarandon estatubatuar aktoreak Naziorateko Goya jasoko du eta Gonzalo Suárez zinemagile eta idazleari Ohorezko Goya saria emango diote. 

Izango ahal da 2025eko ekoizpenaren itxiera hau urtearen parekoa euskal zinemarentzat. Larunbat iluntzean ikusiko dugu, eta aurtengoari begira jarraituko dugu. 

Zure interesekoa izan daiteke

"Cada día nace un listo" Arantxa Echevarriaren pelikularen teaser kartela.
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Horrelakoa da “Cada día nace un listo”, Arantxa Echevarriak “La infiltrada”ren ondoren egin duen filma

Pelikula, “satira garratz bat”, Malagako zinema jaialdiko Sail Ofizialean aurkeztuko dute, lehiatik kanpo, maiatzaren 22an zinema aretoetan estreinatu aurretik.   Cada día nace un listo, Arantxa Echevarría bilbotar zinemagilearen film berria, Malagako zinema jaialdian estreinatuko dute; martxoaren 6tik 15era egingo dute jaialdia.   Echevarriak eta Patricia Campok idatzia, Hugo Silva, Susi Sánchez, Dafne Fernández, Jaime Olías, Ginés García Millán, Diego Anido, Markos Marín, Marina Ostolaza, Sofía Otero eta Javier Tolosa dira aktoreak, eta Belen Rueda, Pedro Casablancek eta Gonzalo de Castrok ere hartu dute parte. EITBren parte-hartzea du Lazona Zinemaren eta Lamia Produccionesen ekoizpenak. Echevarriaren seigarren film luzea da Cada día nace un listo (2026), Carmen y Lola (2018), La Familia Perfecta (2021), Chinas (2023), Políticamente Incorrectos (2024) eta La infiltrada (2024) lanen ondoren.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X