ETAko presoak: gizarteratzea ala amnistia?
ETAko kide gehienak eta hainbat buruzagi historiko kartzelan daude. Horrenbestez, espetxeetako egoera bideratzea erakunde terroristaren amaiera errotzeko gakoetako bat da oraindik, indarkeriaren azkenak urtebete duen honetan.
Iazko irailean EPPK-k (ETAko eta ezker abertzaleko presoak batzen dituen kolektiboa) Gernikako Akordioa sinatu zuenetik, Espainiako Gobernuak gizarteratze plan bat aurkeztu du, eta Estrasburgoko Auzitegia ‘Parot doktrinaren’ aurka agertu da, baina presoek amnistia eskatzen jarraitzen dute, eta Mariano Rajoyren Exekutiboak ez du sakabanaketa desegin.
Halaber, indarkeriaren amaieraren ondoren, 'Langraiz bidea' ez atzera ez aurrera geratu da. Aldez aurretik, presoak tantaka aldentzen ziren ETAtik; orain, baina, ez da disidentzia gehiagorik izan, presoek irtenbide komuna espero duten erakusle.
EPPK-k Gernikako Akordioarekin bat egin eta astebetera, Patxi Lopez lehendakariak ETAko presoak Euskal Herriko espetxeetara hurbiltzea proposatu zuen, "adostasunerako itun" baten baitan. Euskal alderdi guztiak iritzi berekoak dira, PP eta UPyD izan ezik.
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak zazpi hilabeteren buruan egin zuen lehen mugimendua espetxe politikan: gizarteratze plan bat aurkeztu zuen, 'Langraiz bidea' oinarri hartuta. Presoak hurbiltzea erraztea zen helburua, une horretan eskatzen ziren baldintzak leunduta.
Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuak Zigor Kodeak jasotzen dituen baldintzak eskatzen zituen presoak hurbiltzeko edota onurak emateko, hau da, ETAtik aldentzea eta hori frogatzea, biktimei barkamena eskatzea eta epaileek ezarritako kalte-ordainak ematea. PPren Gobernuaren planarekin, ordea, ez da beharrezkoa barkamena eskatzea.
Presoen kolektiboak barne eztabaida abiatu zuen, eta ezker abertzaleko hainbat buruzagik legedia onartzeko deia egin zuten.
Pernando Barrena horietako bat izan zen: "Guk egin bagenuen [legedia onartu Sortu legeztatu ahal izateko], presoek egitea ez zen kontraesana izango ezker abertzaleak eta ETAk hartutako erabakiekin. Presoen kolektiboak horren antzeko erabakiak hartu beharko ditu, garai politiko berrian kokatu eta aske geratzea errazteko". Joseba Permach ere bide beretik ibili zen: "Hemen denek ezagutu behar dute egoera berria".
Azkenean, kolektiboak entzungor egin zizkion ezker abertzalearen eskakizunei, eta errefusatu egin zuen gizarteratze plana, amnistia eskatzen jarraitzeko. Espainiako eta EAEko gobernuak, EH Bildu ez beste alderdi politikoak eta euskal gizartea, baina, aurka dude.
Azken Euskobarometroaren arabera, EAEko biztanleen % 25ek baino ez dute babesten amnistia. % 75, hori bai, presoak hurbiltzearen alde daude.
Testuinguru honetan, Espainiako Gobernua oreka bila ari da: espetxeetako egoera bideratu behar du, baina biktimak haserretu gabe; are gehiago, Josu Uribetxebarria auziaren ondorioz harremana apurtzeko zorian izan eta gero.
Etorkizuneko beste gakoetako bat 'Parot doktrinari' buruzko azken erabakia izango da. Estrasburgok atzera bota zuen, giza eskubideak urratzen dituela argudiatuta, baina Espainiako Gobernuak helegitea jarri zuen.
Europak ‘Parot doktrina’ behin betiko indargabetuko balu, espetxetik ateratzeko data atzeratu zietela ikusi zuten dozenaka preso aske geratuko lirateke.
EPPKren aurkako bidean, Zaballako espetxean (Araba) dauden eta 'Langraiz bidea'rekin bat egin duten presoek gizarteratze prozesua abiatu dute. Biktimei barkamena eskatu diete, eta batzuk haiekin bildu dira, aurrez aurre.
Iazko maiatzean lehen 'aurrez aurrekoa' egin zutenetik, gutxienez dozena bat biktima batzartu dira beste horrenbeste presorekin, tartean Consuelo Ordoñez (nebaren hiltzailearekin bildu zen, hots, Valentin Lasarterekin).
Espainiako Gobernuak bilerak egiten jarraitzea erabaki du, baina Eusko Jaurlaritza antolakuntzatik aldendu du.
Urtebete joan da ETAk indarkeriaren behin betiko amaiera iragarri zuenetik, baina barkamenaren eta gizarteratzearen eztabaida hasi baino ez da egin Euskadin.
KRONOLOGIA
2011-09-23: ETAko presoen kolektiboak (EPPK) bat egin zuen Gernikako Akordioarekin
2011-09-29: Patxi Lopez lehendakariak presoak hurbiltzea proposatu zuen
2011-10-20: ETAk indarkeriaren behin betiko amaiera iragarri zuen
2012-01-07: Manifestazio jendetsua Bilbon, presoak hurbiltzea eskatzeko
2012-04-13: EPPK-k hainbat odezkari izendatu zituen, balizko negoziazio baterako
2012-04-26: Mariano Rajoyren Gobernuak gizarteratze plan bat aurkeztu zuen, 'Langraiz bidea' oinarri hartuta
2012-05-02: Barne Ministerioak galarazi egin zuen Carmen Gisasola preso disidenteak Oroimenaren Kongresuan parte hartzea
2012-05-07: Aurrenekoz, 'Langraiz bideko' bi preso baldintzapean aske utzi zituen Auzitegi Nazionalak
2012-06-02: EPPK-k errefusatu egin zuen gizarteratze plana, eta amnistiaren alde egin zuen
2012-06-06: PPren Gobernuak berriz abiatu zituen ETAko presoen eta biktimen arteko bilerak, baina Jaurlaritza antolakuntzatik kendu zuen
2012-06-22: Consuelo Ordoñez neba hil zuen ETAko kidearekin, Valentin Lasarterekin, batzartu zen espetxean
2012-06-29: Jose Luis Alvarez Santacristina Txelis ETAko buru ohi eta preso disidenteak barkamena eskatu zien biktimei, "bihotz-bihotzez"
2012-07-10: Estrasburgoko Auzitegiak atzera bota zuen 'Parot doktrina'
2012-08-17: Barne Ministerioak hirugarren gradua ezarri zion minbizi sendaezina duen Josu Uribetxebarria ETAko presoari
2012-09-12: Auzitegi Nazionalak baldintzapean aske utzi zuen Uribetxebarria
2012-10-04: Espainiako Gobernuak helegitea aurkeztu zuen Parot doktrinaren aurkako epaiaren kontra
2012-10-05: Aurrenekoz, Fiskaltzak onartu egin zuen 'Langraiz bideko' bi presori onurak ezartzea
2012-10-11: Auzitegi Nazionalak bi preso askatu zituen, 'Parot doktrina' berrikusi eta gero
Zure interesekoa izan daiteke
Laugarren xedapen iragankorra indargabetzeko tramitea hasi du UPNk
Cristina Ibarrola UPNren presidenteak lege-proposamen bat aurkeztu du Nafarroako Parlamentuan: Konstituzioa erreformatzea eta xedapena ezabatzea eskatu nahi die Gorte Nagusiei.
Eneko Andueza: “Osasun Ministerioari elkarrizketa gehiago izatea eskatu behar zaio, grebari amaiera emateko”
Eneko Andueza PSEren idazkari nagusia kritiko agertu da Monica Garcia Osasun ministroarekin, medikuen grebaren harira. Adierazi duenez, Osasun Ministerioak “elkarrizketa gehiago eta lankidetza” sustatu behar ditu grebarekin amaitzeko. Bestalde, Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan adierazi du ez duela “inolako aukerarik ikusten” EH Bildurekin akordio batera heltzeko euskara Administrazioan arautzen duen legearen inguruan. “EH Bildurekin ez dago tarterik, eta, EAJrekin, ikusteko dago”.
Javier De Andres: "Euskararen exijentzia maila euskal gizarteak benetan eskain dezakeenaren gainetik dago"
Euskadiko PPren presidentearen arabera, "eskatzen den euskara maila euskal gizarteak benetan eman dezakeena baino handiagoa da. Ez dago abokaturik, ez dago osasun-langilerik, ez dago gai jakin batzuetan eskatzen den kualifikazio profesionala duen langilerik, eta, gainera, euskara eskakizuna egiaztatuta duenik", eta horrek langile publikoen behin-behinekotasun tasak areagotzen ditu. Haren ustez, "arazoa da nazionalismoaren eskakizun ideologikoak euskal gizarteak Administrazioan euskararen arloan benetan bete dezakeenaren gainetik" daudela.
Sanchezek Aznarren aurka egin du Espainia Irakeko gerran sartzeagatik, eta Iranekin "akats bera ez egitea" eskatu du
Espainiako Gobernuko presidenteak ohartarazi du Iran Irak baino askoz ere indartsuagoa dela militarki eta ekonomikoki, eta gerraren ondorioak larriagoak izango direla adierazi du.
GOIDIa ikertzen duen epaileak Mazon lekuko gisa deklaratzera deitu du
Horrez gainera, "borondatez" egun hartako telefono-deien zerrenda eta mezuak ikerketarako emateko eskatu dio. Biktimek espero dute presidente ohiak egia esateko "ohorea" izango duela oraingoan.
Marisol Iparragirre "Anboto"-ri espetxe araudia aplikatu zaiola esan du Ubarretxenak
Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak azaldu duenez, Iparragirrerekin gainerako presoekin jokatzen duten moduan jokatu dute, eta adierazi du dela inolako neurri berezirik hartu. Aipatu du ulertzen dutela ETAren biktimei eragiten dien mina. Hala ere, gogorarazi du neurri horrek gizarteratzea duela helburu. Marisol Iparragirre Martuteneko kartzelatik atera da astearte honetan, erdi-askatasuneko erregimenean: astean zehar egunez irten ahal izango da espetxetik, lan egiteko, eta gauean itzuli beharko du. Asteburuetan ez da aterako.
Autonomo txikiak BEZetik salbuestea da Juntsek jarri duen baldintza, krisiaren aurkako dekretua babesteko
Miriam Nogueras Juntsek Diputatuen Kongresuan duen bozeramaile aurreratu du krisiaren aurkako dekretuaren alde bozkatuko dutela, baldin eta PSOEk neurrien artean sartzen badu 80.000 euro baino gutxiago fakturatzen duten autonomoek BEZ zerga ez ordaintzea.
Eusko Jaurlaritzak adierazi du EHUk iragarritako protokoloa “labur" geratzen dela “mehatxu-jarrerei” aurre egiteko
Juan Ignacio Pérez Iglesias sailburuak jarrera horien ardura duten taldeak ez aipatzea aurpegiratu dio Errektoretzari, eta IAS aipatu du.
Diez Antxustegik beharrezko ikusten du Tubos Reunidosen "zorra berrantolatzea", eta industria indartzeko deia egin du: "Gure babes soziala da"
EAJren Eusko Legebiltzarrerako bozeramaileak, Joseba Diez Antxustegik, Radio Euskadin azpimarratu du Tubos Reunidos enpresaren zorra “berrantolatzeko” beharra, irtenbidea emateko. “Merkatua badu, baina likidezia arazoak ditu”, adierazi du. Horrekin batera, nazioarteko egoera zailaren aurrean industria bultzatzearen beharra nabarmendu du: “Euskadin, gure babes soziala gure babes industriala da”. Azkenik, euskararen kudeaketaz enplegu publikoaren eskaintzetan, alderdi politikoek arau berri bat adosteko “ardura” dutela adierazi du, eta "segurtasun juridikoaren" beharraz mintzatu da.
Pradalesek eta Sanchezek Irango gerra, Euskadi iparraldeko muga gisa hartzea eta medikuen greba aztertuko dituzte
Transferentziak eta Tubos Reunidosen zorraren berregituraketa izango dira landuko dituzten beste gai batzuk. Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak aldebiko batzordearen laugarren bilera egingo dute ostiralean Moncloan.