Jose Castro, Cristina infanta auzipetu duen epailea
Justizia munduan ibilbide luzea eta eskarmentu handia du Jose Castro epaileak. Castro motorzalea zen, baina abiadura arriskutsua zela ulertu, motorra saldu eta zaletasuna baztertu zuen. Bere ibilbidean epaile zorrotzaren eta zuhurraren fama irabazi du Castrok.
67 urteko Jose Castro Espainiako historia judizialaren protagonista bihurtu du Noos auziak; izan ere, Iñaki Urdangarin Palmako dukea eta Cristina infanta inputatu ditu.
Kordobako magistratuak Jaume Matas Balear Uharteetako presidente ohiaren aurkako epaiketa abian jarri zuen Palmako epaitegietan. Epailea 1976an hasi zen lanean Dos Hermanasen (Sevilla), Arrecifen (Lanzarote) eta Sabadellen (Bartzelona).
1985ean Palmara heldu zen. Balear Uharteetako erkidegoak ez zuen orduan ustelkeria politikoaren gaixotasun larria pairatzen, eta turismoari begira bizi zen. Orain ustelkeria auzi ugari daude martxan, eta politikari auzipetuen zerrenda oso luzea da.
1990ean Palmako epaitegi batetik bestera lekualdatu zuten, baina denboraldi batean bi auzitegien ardura hartu behar izan zuen.
37 urteko ibilbidea du Castrok epaile gisa, ez du elkarrizketarik eskaini, ezta adierazpenik egin ere. Bulegoko atean kazetariak ikusten dituenean keinu gogorrak egin ditu Castrok. Epailerarentzako komunikabide bakarrak autoak eta epaiak dira.
Kritiken aurrean, isilik egon eta adierazpen askatasuna eskubide bezala aldarrikatu du. Francisco Alvarez Cascos PPko idazkari nagusi ohiak epailearen inpartzialtasuna zalantzan jarri eta autoan "tabernako" hizkuntza erabili zuela kritikatu zuen. Castrok ez zuen erantzun.
Lankideek ere gogor kritikatu dute. "Serioa" ez dela esan dute, baina kazetarien, kameralarien eta argazkilarien aurrean bestelako jarrera azaldu du beti Castrok. Mahai gainean bere ibilbideko erronkarik handiena du Castrok orain.
Zure interesekoa izan daiteke
Sanchezek erantzunak eta neurriak eskatu dizkio Marokori, Ceutan muga-kontrolak huts egin zuelako
"Gogoak batzeko" deia egin du Sarek presoen aldeko urtarrileko manifestazioa "azkena" izan dadin
Arabak trenbide sektorea berritzeko zentro teknologikoa izango du Laudion
Kataluniara itzultzeko aukera zabaldu dio Puigdemonti Auzitegi Konstituzionalak, bidegabeko erabilera delituari amnistia eman dio eta
Kongresuak behin betiko kendu dio prentsa-akreditazioa Vito Quilesi
Akordio zabalak aipatu bai, baina gero ezezkoa bozkatzea aurpegiratu dio Estebanek Otegiri