Urteurrena
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Hiru urte ETAren indarkeriarik gabe: Bakearen erradiografia

Hego Euskal Herriak eraldaketa politiko eta sozial bizkorra izan du hiru urtean. Prozesua, baina, ez da amaitu.
18:00 - 20:00
Hiru urte dira ETAk indarkeriaren behin betiko amaiera iragarri zuela

Duela lau urte, ETAren amaiera elurra bezala etorriko zela adierazi zuen Jesus Eguiguren PSE-EEko presidenteak. Elurra noiz urtu den inork ez dakiela esan zuen buruzagi sozialistak, hain zuzen ere, baina urtu egin da, auskalo noiz. Profezia ez zen guztiz zehatza izan, aspaldi baitakigu noiz urtu zen elurra: gaur hiru urte, 2011ko azaroaren 20an, ETAk indarkeriaren behin betiko amaiera iragarri zuen egunean.

Harrezkero, Euskal Herriak eraldaketa politiko eta sozial nabaria eta bizkorra izan du, baina trena ez da azken geltokira iritsi oraindik. ETA ez da desegin; Arnaldo Otegi eta Bateragune auziko gainerakoak kartzelan daude, helegiteak noiz ebatziko zain; Espainiako Gobernuak ez du espetxe politika ukitu; presoen sakabanaketa ez da amaitu; eta barkamena, damutzea, oroimena, birgizarteratzea eta kalteak ordaintzea bide hasiberriak baino ez dira.

ETA: desarmea eta desegitea

ETAk gaur hiru urte iragarri zuen indarkeriaren azkena. Desarmeari buruzko lehen pistak handik eta 28 hilabetera eman zituen, 2014ko otsailean. Orduan, ETAk hainbat arma indargabetu zituela iragarri zuten su-etenaren nazioarteko egiaztatzaileek. Desarmearen hasiera sinbolikoa izan zen.

Alderdi politikoek ez zioten harrera ona egin iragarpenari. Eusko Jaurlaritzak eta EAJk zuhurtzia agertu zuten, eta ETAk emandakoa "pauso inportantea, baina ez nahikoa" dela esan zuten. PSE-EEk, PPk, UPyDk eta Espainiako Gobernuak kritika gogorrak egin zituzten, eta iragarritakoari "adarjotzea" iritzi zioten. EH Bilduk baino ez zuen iragarpena ospatu, eta erabateko desarmea "ezinezkoa" dela salatu zuen, "Mariano Rajoyren Gobernuak ez duelako nahi".

Egiaztatzaileen agerraldiarekin batera, oihartzun politiko handiko beste gertakizun bat jazo zen egun horietan: egiaztatzaileak eurak Auzitegi Nazionalean deklaratzen, ETAko kideekin biltzeagatik. Mundu osoko bake-prozesuetan aurrekaririk ez duen gertakizuna.

Nazioarteko egiaztatzaileek ETAren pausoaren berri eman eta hiru egunera sinatutako adierazpen batean, arma biltegiak ixteko prozesua hasita zuela iragarri zuen erakunde armatuak.

Hurrengo urratsa bost hilabeteren buruan egin zuen ETAk, aurtengo uztailean. Egitura militarrak dagoeneko "desegin" zituela jakinarazi zuen orduan. Dena dela, egitura politikoak eta elkarrizketak eta negoziazioak egitea helburu dutenak "indartu" egingo zituela ere aurreratu zuen. Desegitea berehalakoa izango ez den seinale.

Bideoa: ETAko bi kide, nazioarteko egiaztatzaileri indargabetutako armak erakusten

Presoak eta espetxe politika

Indarkeriaren amaierak norabide aldaketa ekarri zuen espetxeetan ere, geroago izan bazen ere.

Hasiera batean, EPPK-k, ETAko eta ezker abertzaleko presoak biltzen dituen kolektiboak, baztertu egin zuen damutzearen eta banakako gizarteratzearen bidea. Estrategia 2013ko amaieran aldatu zuen, presoek eragindako mina aitortu eta legaltasuna onartu baitzuten.

Bi iragarpen horien artean, presoei bidea erraztu zieten bi albiste izan ziren: Lokarrik sustatutako Foro Sozialak 12 aholku helarazi zizkien Espainiako Gobernuari, ETAri eta presoei, bake-prozesua "desblokeatzeko eta sustatzeko" (besteak beste, banakako gizarteratzea onartzeko eskatu zien presoei) eta Parot doktrina bertan behera utzi zuen Estrasburgoko Auzitegiak. Hori dela eta, amarru juridiko baten ondorioz aske geratzeko data atzeratu zieten dozenaka preso espetxetik atera ahal izan ziren.

Legaltasuna onartu ondoren, presoek banakako prozesu mailakatua abiatu zuten, Euskal Herriko espetxeetara edo gertukoetara hurbiltzea eskatzeko. Nolanahi ere, Espainiako Gobernuak ezetza eman die eskaera guztiei, eta sakabanaketaren amaiera ETA desegin eta gero etorriko dela ohartarazi du.

Bien bitartean, Frantziako Gobernuak lehen presoak hurbiltzea onartu du. Espetxe agintarien esanetan, erabaki hori ez da estrategia aldaketa bat; aurreneko aldiz, presoak banakako eskaerak aurkezten hasi direlako eman diete baiezkoa.

Bideoa: Foro Sozialak bake-prozesua "desblokeatzeko eta sustatzeko" emandako aholkuak

Biktimak: ahanzturaren aurka

Bestalde, bakea behin betiko bihurtu eta hiru urtera, ETAko biktimek ahanzturaren aurka borroka egiten jarraitzen dute, eta argitu gabe dauden hilketak argitzea eskatzen dute. Era berean, lehen pausoak ematen hasi dira berradiskidetzearen bidean.

Gleencreeko ekimena azken horren adibide da. Ekimen horrek indarkeria askotarikoko 25 biktima bildu zituen 2012. urteko udan. Besteak beste, ETAren biktimak (Mari Carmen Hernandez, Jesus Mari Pedrosa PPko Durangoko zinegotzi zenaren alarguna), GALenak (Edurne Brouard, Santi Brouarden alaba) eta Poliziarenak (Maribel Gonzalez, Guardia Zibilak 1976an Eibarren hildako Alberto Soliñoren alarguna) batu ziren bertan.

Biktima talde anitz horrek sei puntuko adierazpena adostu zuen, eta eragindako mina aitortzea, erantzukizunak zehaztea eta bakearen oinarriak egia, justizia, memoria, aitorpena eta kalteak ordaintzea izatea eskatu zuen.

Halaber, ETAren amaierak biktimen eta preso damutuen arteko topaketak erraztu zituen, eta, hala, Consuelo Ordoñez (Gregorio Ordoñez zenaren arreba) eta Maixabel Lasa (Juan Mari Jauregiren alarguna) senideen hiltzaileekin batzartu ziren, aurrez aurre.

Biktimen arloan azken hiru urteetan jazotako beste albiste garrantzitsu batzuk hauek dira: erakundeek Memoriaren Institutua eta Terrorismoaren Biktimen Memoriala sustatzea (proiektuok hastapenetan daude oraindik); ezker abertzalea, lehen aldiz, ETAko biktimen aldeko omenaldietara joan izana eta biktimoi barkamena eskatu izana; eta damututa dagoen ETAko kide ohi bat bere biktimaren aldeko omenaldira joan izana (Ibon Etxezarreta preso ohia izan zen, eta Juan Mari Jauregiren omenaldian hartu zuen parte).

Bideoa: Ezker abertzalea, Ernest Lluchen aldeko omenaldian

Ezker abertzalea eta politikagintzaren eraldaketa

Hego Euskal Herriko politikagintza ere goitik behera aldatu da hiru urtean. Indarkeriaren amaierak ezker abertzalea legeztatzea ekarri zuen, eta egun erakundeetan da berriz ere.

Alderdi politikoek, baina, ez dute lortu iraganaren inguruko irakurketa edota interpretazio bateratua adostea. Horren adibide da Eusko Legebiltzarreko Bake eta Bizikidetza Lantaldea ez aurrera ez atzera dagoela, alderdiek ezin izan baitute abiapuntua izango litzatekeen "zoru etiko" minimoa adostu.

Joko politikoan asko falta da egiteko, baina bakea atzeraezina dela eta ondo errotuta dagoela gogoratzen diguten mugimenduak ere ikusi ditugu, ETAk mehatxatutako zinegotziek dagoeneko bizkartzainik ez izatea eta bakearen alde lan egin duten plataformek (Lokarri eta Bakearen Aldeko Koordinakundea) euren lana bukatutzat eman izana, kasu.

Elurra elurtuta, negua joan egin da Euskal Herrian, eta udaberria hasi baino ez da egin.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Eneko Andueza: “Osasun Ministerioari elkarrizketa gehiago izatea eskatu behar zaio, grebari amaiera emateko”

Eneko Andueza PSEren idazkari nagusia kritiko agertu da Monica Garcia Osasun ministroarekin, medikuen grebaren harira. Adierazi duenez, Osasun Ministerioak “elkarrizketa gehiago eta lankidetza” sustatu behar ditu grebarekin amaitzeko. Bestalde, Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan adierazi du ez duela “inolako aukerarik ikusten” EH Bildurekin akordio batera heltzeko euskara Administrazioan arautzen duen legearen inguruan. “EH Bildurekin ez dago tarterik, eta, EAJrekin, ikusteko dago”. 

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Javier De Andres: "Euskararen exijentzia maila euskal gizarteak benetan eskain dezakeenaren gainetik dago"

Euskadiko PPren presidentearen arabera, "eskatzen den euskara maila euskal gizarteak benetan eman dezakeena baino handiagoa da. Ez dago abokaturik, ez dago osasun-langilerik, ez dago gai jakin batzuetan eskatzen den kualifikazio profesionala duen langilerik, eta, gainera, euskara eskakizuna egiaztatuta duenik", eta horrek langile publikoen behin-behinekotasun tasak areagotzen ditu. Haren ustez, "arazoa da nazionalismoaren eskakizun ideologikoak euskal gizarteak Administrazioan euskararen arloan benetan bete dezakeenaren gainetik" daudela.

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Marisol Iparragirre "Anboto"-ri espetxe araudia aplikatu zaiola esan du Ubarretxenak

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak azaldu duenez, Iparragirrerekin gainerako presoekin jokatzen duten moduan jokatu dute, eta adierazi du dela inolako neurri berezirik hartu. Aipatu du ulertzen dutela ETAren biktimei eragiten dien mina. Hala ere, gogorarazi du neurri horrek gizarteratzea duela helburu. Marisol Iparragirre Martuteneko kartzelatik atera da astearte honetan, erdi-askatasuneko erregimenean: astean zehar egunez irten ahal izango da espetxetik, lan egiteko, eta gauean itzuli beharko du. Asteburuetan ez da aterako.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Diez Antxustegik beharrezko ikusten du Tubos Reunidosen "zorra berrantolatzea", eta industria indartzeko deia egin du: "Gure babes soziala da"

EAJren Eusko Legebiltzarrerako bozeramaileak, Joseba Diez Antxustegik, Radio Euskadin azpimarratu du Tubos Reunidos enpresaren zorra “berrantolatzeko” beharra, irtenbidea emateko. “Merkatua badu, baina likidezia arazoak ditu”, adierazi du. Horrekin batera, nazioarteko egoera zailaren aurrean industria bultzatzearen beharra nabarmendu du: “Euskadin, gure babes soziala gure babes industriala da”. Azkenik, euskararen kudeaketaz enplegu publikoaren eskaintzetan, alderdi politikoek arau berri bat adosteko “ardura” dutela adierazi du, eta "segurtasun juridikoaren" beharraz mintzatu da.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X