Generalitateak eutsi egin dio kontsulta alternatiboari, debekua debeku
Kataluniako Gobernuak eutsi egin dio azaroaren 9ko kontsulta alternatiboari, Auzitegi Konstituzionalak debekatu duen arren, eta Espainiako Gobernuaren aurkako salaketa jarriko du, Francesc Homs bozeramaileak iragarri duenez.
Hain zuzen ere, "parte-hartze, adierazpen eta ideologia askatasunak urratzea" egotzita egingo du Mariano Rajoyren Exekutiboaren aurka.
Homsen esanetan, "adierazpen eskubidea bermatzeko" eutsi diote deialdiari, eta azaroaren 9rako "dena prest" dagoela gaineratu du.
Generalitateak alegazioak aurkeztuko ditu Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren aurka, eta Artur Masek Erabakitzeko Eskubidearen aldeko Itun Nazionala biltzea eskatu du: "batuta egon beharra dugu, adierazpen askatasuna irmo defendatzeko".
Artur Mas presidenteak Erabakitzeko Eskubidearen aldeko Itun Nazionala elkartzearen alde egin du, “bat eginda egon behar dugu, denon artean eta irmotasunez adierazpen askatasuna defendatzeko”.
Konstizuionalaren erabakiaren inguruan, Homsek berretsi egin du “nahasmena” dagoela, “esan digute ezin dugula egin egiten ez dugun gauza bat”, hori dela eta, Gobernuak ez du uste berari zuzendu zaiela.
Generalitatearen ildoari (oraingo kontsulta ez da aurrekoaren jarraipena) helduta, Homsek ez du uste Fiskaltzak esku hartuko duenik: “Espero dut denok legea betetzea”.
Kontseilariaren esanetan, Erabakitzeko Eskubiaren aldeko Itun Nazionalaren bilera aste honetan egingo dute eta “oinarrizko eskubideak, esaterako adierazpen askatasuna, bat eginda defendatzeko” balioko du.
Generalitatek bozeramaleak ziurtatu duenez, Kataluniako Gobernuak “ez du inoiz ezer egingo pertsonen adierazpen eta ideologia askatasunaren kontrakoa”, eta “zentzugabekeriari omenaldi handia” egiten ari direla gaineratu du, “adierazpen askatasuna” debekatzen saiatzean.
Homsen arabera, A9an parte hartuko duten guztiek, funtzionarioek barne, ez dute “beldurrik izan” behar, gogorarazi duenez, “boluntarioak” direlako.
Konstituzionalaren debekua
Ordu batzuk lehenago, Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi du, badaezpadako neurri gisa, Generalitateak azaroaren 9rako deitutako kontsulta alternatiboa, Espainiako Gobernuak deialdiaren kontra aurkeztutako helegitea aintzat hartuta.
Erabakia, saioa hasi eta hiru ordura hartu dute, behin-behinekoa da, ez dakar horren atzean dagoen auziaren gaineko iritzirik, eta epaimahaiak laster erabaki beharko du behin-behineko debeku hori luzatzen duen, bost hilabeteko epea bukatu baino lehen, edo bertan behera uzten duen.
Itun Nazionalaren bilera, ostiralean
Josep Rull CDCko koordinatzaile nagusiak ziurtatu duenez, Konstituzionalaren erabakiak ez ditu lotzen, “Gobernuak existitzen ez den zerbaiti eraso egin nahi diolako”. Horrela, obeditzen ez dutenik ukatu du Rullek.
“Desobedientzia edo intsumisio ekintza bat egiten ari garenik ez dugu uste, normaltasun demokratikoa gauzatzen ari gara. Ez gaude ezer urratzen, adierazpen askatasuna aurrera eramaten ari gara”, adierazi du Rullek.
Erabakitzeko Eskubidearen Itun Nazionaleko entitateak ostiral honetan bilduko dira azaroaren 9ko prozesua “bermatzeko”, CDCko koordinatzaile nagusiak jakitera eman duenez.
Rullen esanetan, ostiraleko bileran, Parlamentuan, parte hartzeko prozesuari “bermea” emango diote. CDCko ordezkariaren arabera, kontsulta alternatiboa “normaltasun demokratikoaren” barruan kokatu behar da, nahiz eta Konstituzionalak bertan behera utzi. Auzitegia PPko Gobernuak esaten duenaren “transmisio uhala” dela salatu du Rullek.
Herritarrak mobilizatu eta hauteslekuak zabalduko dituztela ziurtatu du Joan Tarda ERCko diputatuak.
Marta Rovira ERCko idazkari nagusiaren ahotan, “herritarren agindu demokratikoari obeditzeko eta A9an botoa eman ahal izateko ahal duten guztia egin behar dute” kontsultaren aldeko alderdi politikoek.
Generalitatearen erantzuna “egokia” dela uste du Quim Arrufat CUPeko bozeramaileak; izan ere, Masen Exekutiboak prestaketa lanekin aurrera jarraitzen duela ulertu dute.
Igandean Estatuari desobeditzera deitu ditu kataluniarrak: “Espainiako Estatuaren erabaki guztiak desobeditzeko prestatu behar du jendeak. Bozkatzera aterako gara, botoa emango dugu eta, Estatuak estutzen jarraitzen baldin badu, aise irabaziko dugu”.
Aitor Esteban Diputatuen Kongresuko EAJren bozeramaileak adierazi duenez, “hautestontziak izan ala ez” Kataluniako herritarren adierazpen “oso garrantzitsua” izango da datorren igandean. Bestalde, Konstituzionalak hartutako erabakia “demokrazia ukatzea” dela salatu du EH Bilduk.
Konstituzionalaren erabakia obeditzeko eta kontsulta bertan behera uzteko eskatu diote PPk eta Ciutadansek Masi. ICV-EUiAk, ostera, aurrera jarraitzeko eskatu dio Kataluniako presidenteari, eta prozesua nola garatuko den azaltzeko eskatu dio Generalitateari.
Auzitegi Konstituzionalak kontsulta bertan behera utzi eta gero, datorren igandean galdeketarik izango ez dela ziurtatu du Espainiako Gobernuak, nahiz eta Kataluniako Exekutiboak aurrera jarraituko duela iragarri.
Konstituzionalaren ebazpena betetzeko eta desobedientzia ekintzarik ez egiteko eskatu die Maurici Lucena PSCko bozeramaileak Generalitateari eta Masi.
Lucenak Parlamentuan azaldu duenez, “Espainiako Gobernuak parte hartzeko prozesuaren aurka egitea hanka-sartze bat dela esan genuen Kataluniako sozialistek, baina behin helegitea aurkeztuta eta Konstituzionalak galdeketa bertan behera utzi eta gero, Generalitateak Auzitegiaren erabakia errespetatu behar duela uste dugu”.
“Zalantzak”
“Espainiako Estatuak eta Konstituzionalak ez digute sekula kale egiten, A9 berria bertan behera utzi dute. Beste behin ere independentzia lortzeko bidean pauso berri bat ematen lagundu digute”, adierazi du Carme Forcadell Kataluniako Asanblada Nazionaleko (ANC) presidenteak.
Herritarren parte-hartzea eskatzeko dei egin dute Omnium Culturalek eta ANCk, “testuinguru honetan parte-hartze nahikoa lortzeko zalantzak” dituztela onartu eta gero.
Zure interesekoa izan daiteke
Podemos, IU eta Sumar koalizioan aurkeztuko dira Andaluziako hauteskundeetara
Alderdi progresistek Por Andalucía koalizioan aurkezteko akordioa lortu dute, Iniciativa del Pueblo Andaluz, Alternativa Republicana, Partido Verde eta Alianza Verde alderdiekin batera.
Milaka gazte independentista bildu dira Abadiñoko Gazte Topagunean
Gaurtik igandera bitartean, mahai inguruak eta kontzertuak izango dira ekitaldi nabarmenenak. Amaiur Egurrola Ernaiko bozeramaileak esan du "Euskal Herrian ditugun erronken aurrean gazteok dugun paperaz gogoeta egiteko" balioko duela topaguneak eta ondo pasatzeko deia egin die parte-hartzaile guztiei.
Otegik dio estatus berriaren inguruan akordioa badago, jauzi kualitatiboa emateko izango dela
(Naiz-ek utzitako irudiak). Arnaldo Otegik dio ezin duela ziurtatu estatus berriaren inguruan akordioa egongo denik jeltzale, sozialista eta beraien artean, baina egotekotan urrats kualitatibo bat emateko izango dela. Halaber, EH Bilduk gero eta boto gehiago jasotzen dituen alderdia dela nabarmendu du, eta ziurtatu du denbora kontua dela agintera iristea.
'Aberria bizi' lelopean ospatuko du EAJk Aberri Eguna igandean, Bilbon, "garena aldarrikatzeko"
"Euskadi lurralde bat edo izen bat baino gehiago izatea" eskatu dute jeltzaleek, nazioarteko ordena kolokan dagoen testuinguruan, "aberri bizia garela eta egunero bizi dugula aldarrikatzeko".
Pradalesek euskara hutsean esku hartu du Parisko Senatuan, euskal autogobernua aldarrikatzeko
Lehendakariak goi-mailako bilera batean parte hartu du Frantziako Senatuan, Regions de Francek antolatuta, Frantziako eskualdeetako ordezkarien aurrean, lurralde-ereduari eta eskualdeek Europan duten zereginari buruz eztabaidatzeko. Bertan, autonomia finantzarioa defendatu du, ardatz atlantikoa indartzearen alde egin du eta euskal eredua aurkeztu du Europako desafekzio politikoaren eta ultraeskuinaren gorakadaren galga gisa.
Zergatik ospatzen da Aberri Eguna? Jatorria, non eta Irlandan… eta Sizilian
Lehen Aberri Egunaren atarian argitaratutako Jesus Zabala buruzagi jeltzalearen artikulu batek data hautatzeko arrazoiak jaso zituen. Mikel Aizpuru historialariak ospakizunaren jatorria aztertu du.
Manuel Hernaez Ruidiaz milizianoaren gorpuzkiak identifikatu dituzte Zornotzako hilerrian
Matutekoa (Errioxa) jaiotzez, Bilboko bizilaguna zen eta Izquierda Republicanako Zabalbide batailoian borrokatu zuen Gerra Zibilean. Haren 91 urteko alabak emandako DNA laginari esker lortu da identifikazioa.
Baxoa euskaraz egiteko aldarrikapena Asanblea Nazionalera eraman dute Seaskako ikasleek
Peio Dufau eta Paul Molac diputatuek gonbidatuta, entzunaldi batean parte hartu dute euskal ikasleek Bretainiakoekin batera.
Lemoako alkatearen aurkako pintadak gaitzetsi ditu Udalak, eta, mehatxuen aurrean, "elkarrizketaren eta bizikidetzaren alde" egin du
Udal taldeek "elkarbizitzarekin, errespetuarekin eta parte-hartze demokratikoarekin" duten konpromisoa berretsi dute, eta "Lemoaren izaera ireki eta pluralaren alde" egin dute, "herri gisa" batzen gaituzten "balio komunitarioak indartzeko".
Maria Ubarretxena: "Aenako funts pribatuaren interesekin zerikusi gutxi dute gure eskakizunek, guk zerbitzu publikoaren alde egin nahi dugu"
Jaurlaritzak Espainiako Gobernuarekin egindako akordioari Aenak jarritako helgitearen aurrean, Gobernu-bozeramaileak esan du ulertu egiten duela "beste aldearen jarrera"; izan ere, Aenaren % 51 Estatuarena bada ere, gainerako partean (% 49) funts pribatuak daude, eta horiek etekinak nahi dituzte. Azpimarratu duenez, euskal aireportuetarako inbertsioak azpiegiturak hobetzera eta "hegaldi eta konexio gehiago lortzera" bideratu nahi lituzke Jaurlaritzak, eta ez funts pribatu horiei etekin handiagoak ekarriko lizkeketeen kafetegi eta dendetara.