Bi milioi lagunek parte hartuta, arrakastatsu jo du A9a Masek
Balio ofizialik gabeko boto-paperak eskuetan, bi milioi herritarrek (2.305.290) hartu dute parte Katalunian independentziari buruzko galdeketan. 16 urtetik gora dituzten 5,4 milioi lagun zeuden parte-hartzera deituta, eta horiei atzerrian bizi diren katalanak batu behar zaizkie.
Joana Ortega Kataluniako Gobernuko presidenteordeak jakinarazi duenez, ia 6.695 hauteskunde-mahaietako botoen % 88,44 zenbatuta, hauek izan dira emaitzak:
-'Bai' eta 'Bai': % 80,76 (1.861.753 boz)
-'Bai' eta 'Ez': % 10, 07 (232.182 boz)
-'Bai' eta boto zuria: % 0,97 (22.466 boz)
-'Ez': % 4,54 (104.772 boz)
-Zuriak: % 0,56 (12.986 boz)
-Bestelakoak: % 3,09 (71.131 boz)
Artur Mas Generalitateko presidenteak arrakastatzat jo du bi milioi herritarrek baino gehiagok azaroaren 9ko prozesuan parte hartu izana: "Demokrazia ariketa handia" izan da, "Kataluniak berak erabaki nahi du bere etorkizuna", esan du. 23:00ak aldera, Joana Ortega presidenteordea ondoan zuela egin duen agerraldian esan duenez, "Kataluniako herritarrek argi utzi dute euren etorkizuna modu baketsu, aske eta demokratikoan erabaki nahi dutela. Prozesu hau ez doa ez Espainiaren ez beste inoren aurka". Espainiako Gobernutik egindako adierazpenak gaitzetsi ditu Masek, eta parte-hartze politikoaren aurrean "miopia politikoa eta intolerantzia" egotzi dizkio Espainiako Gobernuari.
'Katalunia estatu izatea nahi duzu?' galderari erantzun diote 2014ko azaroaren 9an Kataluniako independentziaren inguruko galdeketan parte hartu dutenek. Hala adostu eta iragarri zuten Artur Mas Kataluniako presidenteak eta ERC, ICV-EUiA eta CUP alderdiek. Horri baiezkoa emanez gero, bigarren galdera bati erantzun behar izan diote herritarrek: 'Katalunia estatu independente izatea nahi duzu?'.
1.255 lokal zabaldu dituzte Katalunia osoko 942 herritan (orotara, 947 udalerri daude bertan), eta 6.430 bozkaleku eta 8.000 boto-kutxa baino gehiago jarri dituzte.
09:00etan abiatu da bozketa
Aurreikusita zegoen bezala, 09:00etan ireki dituzte hauteskunde-zentroak Katalunian. Artur Mas Generalitateko presidenteak 'bai' eta 'bai’ erantzun die, Katalunian egin den prozesu parte-hartzailean galdetu dituzten bi galderei. "Egin dugun guztia egin ostean, behin betiko erreferenduma egiteko eskubidea irabazi dugu; ahal dela, Espainiako Gobernuarekin hitzartuta", esan du, eta "Fiskaltzak erantzulea nor den jakin nahi badu, ni naiz", erantsi du.
"Ez dut ulertzen Rajoyk esatea hau ez dela ez erreferenduma ez kontsulta, eta auzitegietara jotzea blokeatu nahian", adierazi du Kataluniako presidenteak Escola Pia Balmesen (Bartzelona) botoa eman eta gero. Bozkatutakoa aukerarik onena izan dela babestu du Masek.
Generalitateko presidenteak azaldu duenez, oso zaila izan da A9ko parte-hartze prozesua egitea, eta eskari bat egin du: "Utz gaitzatela bakean; demokrazian ez da atsegina mehatxu jakin batzuk gogoraraztea".
Rajoyk adi jarraitu du galdeketa, Moncloa Jauregitik
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak arreta handiz jarraitu du Katalunian gertatzen ari zena.
Gobernuko iturriek jakinarazi dutenez, Kataluniako prozesua "alferrikakoa" eta "ariketa antidemokratikoa" da. Gainera, Artur Mas Generalitateko presidentearen jarrerak etorkizuna asko "zailduko" duela uste du Espainiako Gobernuak. Ildo beretik mintzatu da Justizia ministroa 21:00ak aldera egin duen agerraldian. Galdeketa "berme juridikorik gabe egiten ari den propaganda" dela esan du Rafael Catalak. Haratago joan da, eta Estatuko Fiskaltza datuak biltzen ari dela jakinarazi du, zigor-erantzukizunik ote den ikertzeko.
Gobernu iturriek azpimarratu dutenez, Kataluniako parte-hartze prozesuak ez du ondorio juridikorik izango eta ez dio Generalitateko presidenteari inolako abantaila politikorik emango.
"Hauteskundeak aurreratu behar dira"
Oriol Junqueras ERCko presidenteak hauteskundeak aurreratzeko eskatu dio Masi, eta Alicia Sanchez-Camacho PPCko presidenteak, ostera, azaroaren 9ko galdeketa "demokraziaren aurkako iruzurra" izan dela adierazi du.
Josep Antoni Duran i Lleidak (UDC) eta Joan Herrerak (ICV) Katalunia estatu izatearen alde eta independentziaren kontra bozkatu dute. Galdeketaren kontrakoek, ordea, Ciutadansek eta UPyDk, prozesua errefusatu eta auzitara eraman dute, Bartzelonako epaitegi batean salaketa jarrita.
Aurpegi ezagun askok eman dute botoa; Jordi Pujol presidenteordeak, Josep Guardiola Bartzelonako entrenatzaile ohiak, Joan Laporta Bartzelona futbol taldeko presidenteordeak, Lluis Llach abeslariak eta Juanjo Puigcorbek, besteak beste.

Debekuaren 'mamua'
Debekuaren itzala batetik bestera ibili da goizean goizetik eguna amaitu arte. Orotara, 24 salaketa jarri dituzte Kataluniako guardiako epaitegietan galdeketa bertan behera uztea eskatzeko, baina epaileek ez dute badaezpadako neurririk hartu. Rafael Catala Justizia ministroak, dena den, agerraldia egin du 21:00etan galdeketa "propaganda hutsa" dela eta balio demokratikorik ez duela esateko.
Estatuko Fiskaltza Nagusia salaketak aztertzen ari dela gogoratu du, eta erantzukizun penalik balego datozen egunetan neurriak hartuko direla gaineratu du.
Bartzelona, Tarragona eta Badalonako guardiako epaileek ez dituzte aintzat hartu herritar eta eragile politiko ugarik zenbait hauteskunde-zentro ixteko eskatutako badaezpadako neurriak. Bartzelonako epaileak, UPYDren eskariari muzin eginez, galdeketa etetea "neurrigabea" dela erantzun dio.
Zer gertatuko da orain?
Orain, biharamunak zer ekarriko duen da galdera. Duela urtebetez agendan gorriz markatutako egunera osorik iristea lortu du Masek. Osorik heldu da, eta indartuta atera. Galdeketa babestu duten alderdien arabera, arrakasta bi milioi botora iristea zen. Hain justu 2,1 milioi boto eskuratu zituzten 2012an Kataluniako Parlamentuan subiranotasunaren aldekoak diren lau alderdiek (CiU, ERC, ICV eta CUP).
Azaroaren 9ko arrakasta bermatuta, Masek azaroen 10etik aurrera zein urrats ematen dituen ikusi beharko da orain. Generalitateak iragarritakoaren arabera, hauteskundeak deitu behar lituzke Masek galdeketa honen ostean. 'Ara es l'hora' kanpaina bultzatu duten elkarteek estutu egin dute, eta gehienez hiru hilabeteko epea eman diote.
Bi faktorek baldintzatuko dute hauteskundeak aurreratzea: Rajoyren erantzunak, batetik, eta A9ko emaitzak, bestetik. Boto-kutxek aurrera egiteko bermea eman diote Kataluniako presidenteari. Rajoyk ez du hitz egin, baina Justizia ministroak zilegitasuna kendu dio galdeketari. Ikusteko dago Rajoyren erantzunari itxaron gabe, independentziaren aldeko aldarriari entzungor egiten ez dion Masek.
Begiratu eitb.eus-ek goizean goizetik goizaldera arte egin duen zuzeneko kontaketan azaroaren 9ak eman dituen albisteak, argazkiak, bideoak eta iruzkinak.
Zure interesekoa izan daiteke
Laugarren xedapen iragankorra indargabetzeko tramitea hasi du UPNk
Cristina Ibarrola UPNren presidenteak lege-proposamen bat aurkeztu du Nafarroako Parlamentuan: Konstituzioa erreformatzea eta xedapena ezabatzea eskatu nahi die Gorte Nagusiei.
Eneko Andueza: “Osasun Ministerioari elkarrizketa gehiago izatea eskatu behar zaio, grebari amaiera emateko”
Eneko Andueza PSEren idazkari nagusia kritiko agertu da Monica Garcia Osasun ministroarekin, medikuen grebaren harira. Adierazi duenez, Osasun Ministerioak “elkarrizketa gehiago eta lankidetza” sustatu behar ditu grebarekin amaitzeko. Bestalde, Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan adierazi du ez duela “inolako aukerarik ikusten” EH Bildurekin akordio batera heltzeko euskara Administrazioan arautzen duen legearen inguruan. “EH Bildurekin ez dago tarterik, eta, EAJrekin, ikusteko dago”.
Javier De Andres: "Euskararen exijentzia maila euskal gizarteak benetan eskain dezakeenaren gainetik dago"
Euskadiko PPren presidentearen arabera, "eskatzen den euskara maila euskal gizarteak benetan eman dezakeena baino handiagoa da. Ez dago abokaturik, ez dago osasun-langilerik, ez dago gai jakin batzuetan eskatzen den kualifikazio profesionala duen langilerik, eta, gainera, euskara eskakizuna egiaztatuta duenik", eta horrek langile publikoen behin-behinekotasun tasak areagotzen ditu. Haren ustez, "arazoa da nazionalismoaren eskakizun ideologikoak euskal gizarteak Administrazioan euskararen arloan benetan bete dezakeenaren gainetik" daudela.
Sanchezek Aznarren aurka egin du Espainia Irakeko gerran sartzeagatik, eta Iranekin "akats bera ez egitea" eskatu du
Espainiako Gobernuko presidenteak ohartarazi du Iran Irak baino askoz ere indartsuagoa dela militarki eta ekonomikoki, eta gerraren ondorioak larriagoak izango direla adierazi du.
GOIDIa ikertzen duen epaileak Mazon lekuko gisa deklaratzera deitu du
Horrez gainera, "borondatez" egun hartako telefono-deien zerrenda eta mezuak ikerketarako emateko eskatu dio. Biktimek espero dute presidente ohiak egia esateko "ohorea" izango duela oraingoan.
Marisol Iparragirre "Anboto"-ri espetxe araudia aplikatu zaiola esan du Ubarretxenak
Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak azaldu duenez, Iparragirrerekin gainerako presoekin jokatzen duten moduan jokatu dute, eta adierazi du dela inolako neurri berezirik hartu. Aipatu du ulertzen dutela ETAren biktimei eragiten dien mina. Hala ere, gogorarazi du neurri horrek gizarteratzea duela helburu. Marisol Iparragirre Martuteneko kartzelatik atera da astearte honetan, erdi-askatasuneko erregimenean: astean zehar egunez irten ahal izango da espetxetik, lan egiteko, eta gauean itzuli beharko du. Asteburuetan ez da aterako.
Autonomo txikiak BEZetik salbuestea da Juntsek jarri duen baldintza, krisiaren aurkako dekretua babesteko
Miriam Nogueras Juntsek Diputatuen Kongresuan duen bozeramaile aurreratu du krisiaren aurkako dekretuaren alde bozkatuko dutela, baldin eta PSOEk neurrien artean sartzen badu 80.000 euro baino gutxiago fakturatzen duten autonomoek BEZ zerga ez ordaintzea.
Eusko Jaurlaritzak adierazi du EHUk iragarritako protokoloa “labur" geratzen dela “mehatxu-jarrerei” aurre egiteko
Juan Ignacio Pérez Iglesias sailburuak jarrera horien ardura duten taldeak ez aipatzea aurpegiratu dio Errektoretzari, eta IAS aipatu du.
Diez Antxustegik beharrezko ikusten du Tubos Reunidosen "zorra berrantolatzea", eta industria indartzeko deia egin du: "Gure babes soziala da"
EAJren Eusko Legebiltzarrerako bozeramaileak, Joseba Diez Antxustegik, Radio Euskadin azpimarratu du Tubos Reunidos enpresaren zorra “berrantolatzeko” beharra, irtenbidea emateko. “Merkatua badu, baina likidezia arazoak ditu”, adierazi du. Horrekin batera, nazioarteko egoera zailaren aurrean industria bultzatzearen beharra nabarmendu du: “Euskadin, gure babes soziala gure babes industriala da”. Azkenik, euskararen kudeaketaz enplegu publikoaren eskaintzetan, alderdi politikoek arau berri bat adosteko “ardura” dutela adierazi du, eta "segurtasun juridikoaren" beharraz mintzatu da.
Pradalesek eta Sanchezek Irango gerra, Euskadi iparraldeko muga gisa hartzea eta medikuen greba aztertuko dituzte
Transferentziak eta Tubos Reunidosen zorraren berregituraketa izango dira landuko dituzten beste gai batzuk. Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak aldebiko batzordearen laugarren bilera egingo dute ostiralean Moncloan.