Hauteskunde orokorrak
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Senatura hautagaitza bakarra aurkezteko akordioa lortu dute Nafarroan

Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra hautagaitza berean aurkeztuko dira datozen hauteskundeetan Senatura.
Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidentea. Argazkia: EFE
Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidentea. Argazkia: EFE

Nafarroako Gobernuko lau alderdiek hautagaitza bateratua aurkeztuko dute Senatura datozen hauteskunde orokorretan. Laura Perez Ahal Duguko bozeramaileak jakinarazi du Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra alderdiek akordioa lortu dutela.

Ahal Duguk bere alderdiko ordezkari bat hautagaitza bateratuaren lehendabiziko postuetan joatea exijitzen zuen, jada senatari autonomiko bat badu ere, eta eskaera horrek arazoak eragin ditu negoziazioan; izan ere, gainerako alderdien iritzian, Ahal Duguri ordezkaritza handiegia ematea suposatzen zuen horrek,  eta, aldi berean, Nafarroako Gobernua osatzen duten lau alderdietako ordezkariak zerrendan izatea oztopatzen zuen.

Azkenean, Ahal Duguk exijentzia hori baztertzea erabaki du, Geroa Baik, EH Bilduk eta Izquierda-Ezkerrak beste baldintza batzuk onartu dituztelako, hala nola, Idoia Villanueva senatari autonomikoa Ahal Duguren taldean egotea eta ez talde mistoan.

Horrez gain, aipatu alderdiek onartu egin dute hautagaitza bateratuan doazen ordezkariak Ahal Duguren kodigo etikoa bere egitea.

“Nahiago izan dugu hautagaitzako ordezkari guztiek kodigo etiko bat onartu behar izatea, zerrendako lehen postuetan gure hautagai bat egotea baino”, azpimarratu du Nafarroako Ahal Duguren buruzagiak.

Baldintzak

Kodigo etiko horren arabera, hautagaiek ordainsaria murriztuta izango dute eta, ondorioz, lanbidearteko gutxiengo soldataren hirukoitza izango da gehienez. Egun, senatariek gehiago irabazten dute, eta neurri honekin aurreztuko duten dirua Nafarroan inbertituko dute, lau alderdien artean prozesu “garden eta parte-hartzaile” baten bidez erabakitako proiektu sozialak gauzatzeko, hain zuzen ere.

Horrez gain, hautagaiek uko egingo diete senatari izateagatik dagozkien “pribilegio material eta juridikoei”, besteak beste, pentsio-planei, mutualitateko aseguruei edo “ate birakariak” baliatzeari.

Laura Perezek gogoratu du hauteskunde talde bat izango den heinean, 5.000 sinadura bildu behar dituztela hauteskundeetara aurkeztu ahal izateko.

Amaitzeko, ez du argitu hautagaitzaren izena zein izango den, ezta hautagaiak nortzuk izango diren ere. Alabaina, “laster” jakinaraziko dituztela zehaztu du.

 

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Pradalesek euskara hutsean esku hartu du Parisko Senatuan, euskal autogobernua aldarrikatzeko

Lehendakariak goi-mailako bilera batean parte hartu du Frantziako Senatuan, Regions de Francek antolatuta, Frantziako eskualdeetako ordezkarien aurrean, lurralde-ereduari eta eskualdeek Europan duten zereginari buruz eztabaidatzeko. Bertan, autonomia finantzarioa defendatu du, ardatz atlantikoa indartzearen alde egin du eta euskal eredua aurkeztu du Europako desafekzio politikoaren eta ultraeskuinaren gorakadaren galga gisa.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Maria Ubarretxena: "Aenako funts pribatuaren interesekin zerikusi gutxi dute gure eskakizunek, guk zerbitzu publikoaren alde egin nahi dugu"

Jaurlaritzak Espainiako Gobernuarekin egindako akordioari Aenak jarritako helgitearen aurrean, Gobernu-bozeramaileak esan du ulertu egiten duela "beste aldearen jarrera"; izan ere, Aenaren % 51 Estatuarena bada ere, gainerako partean (% 49) funts pribatuak daude, eta horiek etekinak nahi dituzte. Azpimarratu duenez, euskal aireportuetarako inbertsioak azpiegiturak hobetzera eta "hegaldi eta konexio gehiago lortzera" bideratu nahi lituzke Jaurlaritzak, eta ez funts pribatu horiei etekin handiagoak ekarriko lizkeketeen kafetegi eta dendetara. 

Gehiago ikusi
Publizitatea
X