Milaka pertsona bildu dira Altsasuko protesta isilean
Milaka pertsona bertaratu dira Altsasura, gaur eguerdian bertan egin den manifestazio isilarekin bat egiteko. Martxak bi helburu izan ditu, batetik, joan den urriaren 15ean bi guardia zibilek eta haien bikotekideek jasan zuten erasoaren ondoren Altsasuri buruz zabaldu den irudia okerra dela salatzea, eta, bestetik, gertakari horiengatik atxilotuta dauden zazpi gazteak libre gera daitezela eskatzea (guztira bederatzi pertsona daude auzipetuta).
Martxa 13:00etan abiatu da Altsasuko industrialdetik eta herrigunera arteko bidea egin du "Altsasu" leloa zeraman pankarta buru zuela. Altsasuko Udaleko kideak. Javier Ollo alkatea buru, atxilotuen senitartekoak eta hainbat kolektibotako kideak arduratu dira hura eramateaz.
Manifestazioan parte hartu dutenen artean izan dira Maria Solana Nafarroako Gobernuko bozeramailea, Ainhoa Aznarez Foru legebiltzarreko presidentea eta Adolfo Araiz (EH Bildu) Koldo Martinez (Geroa Bai) eta Laura Perez (Podemos) legebiltzarreko bozeramaileak.
Bertan izan dira ere Joseba Asiron Iruñeko alkatea eta Iñaki Bernal (EB) senatari nafarra, besteak beste.
Manifestazioa isiltasun osoz eta txalo artean igaro da Altsasuko erdiguneko kale nagusietatik, eta bukaeran komunikatu bat irakurri dute, euskaraz zein gaztelaniaz, Jokin Casteig herriko institutuko zuzendariak eta Amaia San Romanek, Altsasuko ikastetxeko irakasle eta auzipetutako baten ama denak.
Komunikatu horretan nabarmendu dutenez, "sekula gertatu behar ez zuten" gertakarien ostean Altsasuren irudia "larriki kaltetuta geratu da". "Herri plural eta ireki bat gara, behinola lan egitera etorri eta bertan bizitzen geratu ziren eta herriaren nortasuna bere egin zuten pertsona askoren arteko bizikidetzaren eraginez", gaineratu dute.
Aipatu komunikatuan, zentzugabekeriatzat jo dute auzipetuen aurka 10 eta 15 urteko espetxe-zigorra eskatzea, ustezko terrorismo delitua leporatuta. Halaber, "oso arduratuta" agertu dira gazteen etorkizunarengatik, eta haiek "berehala aske geratzea" eta kasua Auzitegi Nazionaletik berriro ere Iruñeko instrukzio epaitegira bueltatzea eskatu dute.
Elkartasuna adierazi diote "guzti horren ondorioak pairatzen ari diren pertsona orori", eta eskertu egin dute gaurko deialdiaren aurrean jendarteak eta erakundeek izan duten erantzuna: "Inoiz ez dugu ikusi herria hain batuta. Izugarria eta hunkigarria da, eta eskertu egiten ditugu jasotzen ari garen elkartasun adierazpenak".
Foru Gobernuak eta alderdiek "neurritasuna" eskatu dute
Maria Solana Foru Gobernuko bozeramailearen esanetan, bera martxan egotea ez da izan "inoren askatasuna eskatzeko, baizik eta justizia egin dadila eskatzeko".
"Nafarroako Gobernua ez da etorri inoren askatasuna eskatzera", adierazi du Solanak. "Gauzak hartu behar diren moduan har daitezela. Ordaindu behar denarengatik ordain dezatela, baina neurriz", aldarrikatu du.
Bere aldetik, Ainhoa Aznarez (Podemos) Nafarroako Legebiltzarreko presidentearen arabera, "goizaldeko orduetan tabernako liskar bat besterik izan ez zenak okerreko bidea eraman du ekintza terrorista gisa epaitzegatik".
Koldo Martinez Geroa Baik foru legebiltzarrean duen bozeramaileak uste duenez, "gertatutako ez da terrorismo delitu bat"; horrez gain, Altsasuko herriari bere elkartasuna adierazi dio.
Adolfo Araizen (EH Bildu) esanetan, "bidegabekeria handia" egiten ari dira. "Taberna bateko liskar bat terrorismo delitu bihurtu dute. Ez dago eskubiderik egiten ari diren injustizia eta zentzugabekeria politikorako", nabarmendu du.
Javier Ollo Altsasuko alkateak ere kritikekin bat egin du: "Neurrigabea da terrorismoari buruz hitz egitea". Bestalde, auzia berriz Iruñeko auzitegira buelta dadila eskatu du, eta, azpimarratu duenez, "gogaituta" daude Altsasuri buruz zabaldu den irudi "oso manipulatua" dela-eta.
Azkenik, Joseba Asiron Iruñeko alkatearen iritziz, "herria kriminalizatu egin da". "Goizaldeko bostetan taberna batean gertatutakoari kategoria politikoa aitortzeak ez du inolako zentzurik, eta terrorismo bilakatu nahi izateak garbi uzten du zein den Espainiako Estatuko politikaren maila, eta, zoritxarrez, baita zein den Espainiako Estatuko Justiziaren maila ere".
Zure interesekoa izan daiteke
Accionako presidentearen aurka eginbideak irekitzea eskatu du Fiskaltzak, Nafarroako Ikerketa Batzordera joan ez zelako
Birritan deitu du Nafarroako Parlamentuak Jose Manuel Entrecanales enpresaria eta bietan huts egin du hitzordura. Fiskaltzaren arabera, desobedientzia delitutzat har daiteke.
Patxi Lopezek Feijori egotzi dio ETAren biktimen "erabilera zikina"egitea
PSOE eta PP alderdien arteko ika-mika gogorra izan da gaur Espainiako Diputatuen Kongresuan. Patxi Lopez sozialisten eledunak Behe Ganberan Alberto Nuñez Feijoo PPko buruari leporatu dio ETAren biktimen "erabilera zikina" egitea.
Laugarren xedapen iragankorra indargabetzeko tramitea hasi du UPNk
Cristina Ibarrola UPNren presidenteak lege-proposamen bat aurkeztu du Nafarroako Parlamentuan: Konstituzioa erreformatzea eta xedapena ezabatzea eskatu nahi die Gorte Nagusiei.
Eneko Andueza: “Osasun Ministerioari elkarrizketa gehiago izatea eskatu behar zaio, grebari amaiera emateko”
Eneko Andueza PSEren idazkari nagusia kritiko agertu da Monica Garcia Osasun ministroarekin, medikuen grebaren harira. Adierazi duenez, Osasun Ministerioak “elkarrizketa gehiago eta lankidetza” sustatu behar ditu grebarekin amaitzeko. Bestalde, Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan adierazi du ez duela “inolako aukerarik ikusten” EH Bildurekin akordio batera heltzeko euskara Administrazioan arautzen duen legearen inguruan. “EH Bildurekin ez dago tarterik, eta, EAJrekin, ikusteko dago”.
Javier De Andres: "Euskararen exijentzia maila euskal gizarteak benetan eskain dezakeenaren gainetik dago"
Euskadiko PPren presidentearen arabera, "eskatzen den euskara maila euskal gizarteak benetan eman dezakeena baino handiagoa da. Ez dago abokaturik, ez dago osasun-langilerik, ez dago gai jakin batzuetan eskatzen den kualifikazio profesionala duen langilerik, eta, gainera, euskara eskakizuna egiaztatuta duenik", eta horrek langile publikoen behin-behinekotasun tasak areagotzen ditu. Haren ustez, "arazoa da nazionalismoaren eskakizun ideologikoak euskal gizarteak Administrazioan euskararen arloan benetan bete dezakeenaren gainetik" daudela.
Sanchezek Aznarren aurka egin du Espainia Irakeko gerran sartzeagatik, eta Iranekin "akats bera ez egitea" eskatu du
Espainiako Gobernuko presidenteak ohartarazi du Iran Irak baino askoz ere indartsuagoa dela militarki eta ekonomikoki, eta gerraren ondorioak larriagoak izango direla adierazi du.
GOIDIa ikertzen duen epaileak Mazon lekuko gisa deklaratzera deitu du
Horrez gainera, "borondatez" egun hartako telefono-deien zerrenda eta mezuak ikerketarako emateko eskatu dio. Biktimek espero dute presidente ohiak egia esateko "ohorea" izango duela oraingoan.
Marisol Iparragirre "Anboto"-ri espetxe araudia aplikatu zaiola esan du Ubarretxenak
Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak azaldu duenez, Iparragirrerekin gainerako presoekin jokatzen duten moduan jokatu dute, eta adierazi du dela inolako neurri berezirik hartu. Aipatu du ulertzen dutela ETAren biktimei eragiten dien mina. Hala ere, gogorarazi du neurri horrek gizarteratzea duela helburu. Marisol Iparragirre Martuteneko kartzelatik atera da astearte honetan, erdi-askatasuneko erregimenean: astean zehar egunez irten ahal izango da espetxetik, lan egiteko, eta gauean itzuli beharko du. Asteburuetan ez da aterako.
Autonomo txikiak BEZetik salbuestea da Juntsek jarri duen baldintza, krisiaren aurkako dekretua babesteko
Miriam Nogueras Juntsek Diputatuen Kongresuan duen bozeramaile aurreratu du krisiaren aurkako dekretuaren alde bozkatuko dutela, baldin eta PSOEk neurrien artean sartzen badu 80.000 euro baino gutxiago fakturatzen duten autonomoek BEZ zerga ez ordaintzea.
Eusko Jaurlaritzak adierazi du EHUk iragarritako protokoloa “labur" geratzen dela “mehatxu-jarrerei” aurre egiteko
Juan Ignacio Pérez Iglesias sailburuak jarrera horien ardura duten taldeak ez aipatzea aurpegiratu dio Errektoretzari, eta IAS aipatu du.