Soziometroa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

EAEko herritarren % 59 erreferenduma egitearen alde

Ia sei herritarretik batek Espainia eta EAEren arteko harremanaren inguruan erabaki nahiko luke. Gainera, % 73k uste du Rajoyren Gobernuak gaizki edo oso gaizki jokatu duela Kataluniako prozesuan.
Atzerriko botoa I25 25S elecciones hauteskundeak. EFE
Argazkia: EFE

EAEko herritarren % 59k EAEren eta Espainiaren arteko harremanaren gaineko erreferenduma deitzea nahiko lukete, eta % 76k uste dute aukera gutxi edo oso gutxi daudela Espainiako Gobernuak eta Jaurlaritzak galdeketa hori egitea adosteko.

Hala jasotzen du Euskal Soziometroak gaur, osteguna, plazaratutako txostenak. Ikerketa Lehendakaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egin du urriko azken egunetan, eta zientziari, teknologiari eta Kataluniari buruz ere galdetu dute.

Inkestan parte hartu duten herritarren % 59 autogobernuaren gaineko kontsulta edo erreferenduma egitearen alde daude; % 28k Espainiako Gobernuarekin akordioa lortuz gero bakarrik egingo lukete; eta % 31k, edozein kasutan. Galdetutakoen % 24 galdeketa egitearen aurka azaldu dira.

Halere, herritarren % 76k uste dute aukera gutxi edo oso gutxi daudela Espainiako Gobernuak eta Jaurlaritzak galdeketa egitea adosteko.

Deitzekotan, % 33k independentziaren alde bozkatuko lukete, beste horrenbeste aurka azalduko lirateke, eta % 12k abstentzioaren alde egingo lukete.

Inkestan parte hartu dutenen % 67k uste dute euskal herritarrek euren etorkizuna erabaki behar dutela, eta % 24k, aldiz, espainiar guztiek hartu beharreko erabakia dela.

Kataluniari dagokionez, galdetutakoen % 73k uste dute Rajoyren Gobernuak gaizki edo oso gaizki jokatu duela Kataluniako prozesuan. Herritarren % 61 uste berekoak dira, baina Generalitatearen zereginaren inguruan.

Alderdien eta buruzagien balorazioa

EAJ da begikotasun handiena sorrarazten duen alderdia (4,6ko nota, 0 eta 10 bitarteko eskala batean), eta EH Bildu (3,5), Elkarrekin Podemos (3,4) eta PSE-EE (3,1) daude zerrenda horretan hurrengo postuetan. Azken postuan, berriz, PPk jarraitzen du (1,5eko nota).

Buruzagi politikoei dagokienez, Urkulluk bakarrik gainditu du, 5,3ko notarekin, eta Andoni Ortuzar (EAJ) agertzen da ondoren, 4,6koarekin. Honakoak agertzen dira hurrengo postuetan: Nagua Alba (Ekarrekin Podemos), 3,9koarekin; Arnaldo Otegi (Sortu), 3,8koarekin; Idoia Mendia (PSE-EE), 3,7koarekin; eta Alfonso Alonso (PP), 10etik 2ko nota jarri baitiote.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Pradalesek euskara hutsean esku hartu du Parisko Senatuan, euskal autogobernua aldarrikatzeko

Lehendakariak goi-mailako bilera batean parte hartu du Frantziako Senatuan, Regions de Francek antolatuta, Frantziako eskualdeetako ordezkarien aurrean, lurralde-ereduari eta eskualdeek Europan duten zereginari buruz eztabaidatzeko. Bertan, autonomia finantzarioa defendatu du, ardatz atlantikoa indartzearen alde egin du eta euskal eredua aurkeztu du Europako desafekzio politikoaren eta ultraeskuinaren gorakadaren galga gisa.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Maria Ubarretxena: "Aenako funts pribatuaren interesekin zerikusi gutxi dute gure eskakizunek, guk zerbitzu publikoaren alde egin nahi dugu"

Jaurlaritzak Espainiako Gobernuarekin egindako akordioari Aenak jarritako helgitearen aurrean, Gobernu-bozeramaileak esan du ulertu egiten duela "beste aldearen jarrera"; izan ere, Aenaren % 51 Estatuarena bada ere, gainerako partean (% 49) funts pribatuak daude, eta horiek etekinak nahi dituzte. Azpimarratu duenez, euskal aireportuetarako inbertsioak azpiegiturak hobetzera eta "hegaldi eta konexio gehiago lortzera" bideratu nahi lituzke Jaurlaritzak, eta ez funts pribatu horiei etekin handiagoak ekarriko lizkeketeen kafetegi eta dendetara. 

Gehiago ikusi
Publizitatea
X