Torra: 'Hauteskunde Batzordearen agindua legez kanpokoa zelako desobeditu nuen'
Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusia (TSJC) gaur hasi da Quim Torra Kataluniako presidentea desobedientziagatik epaitzen. 2019ko martxoan Hauteskunde Batzorde Nagusiak (JEC) Generalitateko eraikinetatik lazo horiak kentzeko emandako agindua ez betetzeagatik jesarri dute presidentea akusatuen aulkian.
Torrak azaldu duenez, Batzordearen agindua "legez kanpokoa" zelako desobeditu zuen. Kataluniako presidentearen hitzetan, Batzordea ez dago Gobernuaren gainetik, eta, beraz, ez ditu zertan horren aginduak bete behar. "Bai, desobeditu nuen. Ezinezkoa da legez kanpokoa den agindu bat betetzea", erantsi du.
Kataluniako presidenteak hitza hartu bezain laster argitu du ez dituela herri akusazioaren (Vox alderdia) galderei erantzungo, "alderdi frankista" bat delako. "Herri honek 40 urtez pairatu du diktadura frankista, eta ez du erantzungo". Fiskaltzak egindako itaunak ere ez ditu erantzun Torrak.
Torraren esanetan, Generalitateak ez zuen 2019ko apirilaren 28ko hauteskunde orokorretan parte hartzen, eta Kataluniako presidentea den aldetik, Lurraldeko Hauteskunde Batzordearen aginduen menpe dagoela, ez Nagusiaren menpe.
"Hauteskunde Batzorde Nagusiak agindua eman zidan, mehatxatu ninduen eta ahalguztiduna balitz eta nonahi balego bezala jokatu zuen. Ez nengoen hori onartzeko prest", salatu du.
Torrak uste du auzi hori bere "adierazpen askatasun eskubidearen urraketa bat eta zentsura hutsa" dela.
Kataluniako presidenteak defendatu duenez, lazo horia ez da sinbolo alderdikoia, eta estelada "askatasun egarriaren ikurra" da, eta erabat legezkoa da.
Defentsak epaiketa bertan behera uztea eskatu du
Epaiketa 09:00etan hasi da, aurretiazko arazoekin. Hain justu, Torraren abokatuak haren kontra desobedientziagatik abiatutako auzia baliogabetzea eskatu du epaile inpartzial bat izateko eskubidea —epaiketa bera inpartziala izango ez dela ondorioztatu du— eta presidentearen errugabetasun presuntzioa urratzen ari direlakoan: "Sistema demokratikoa salbatzeko aukera historikoa duzue".
Isabel Elbal defentsa abokatuak nabarmendu duenez, Torra salatu zuten Hauteskunde Batzordeko bi kideek prozesu subiranistaren kontrako adierazpenak egin zituzten, eta instrukzio epaileak ere "ikerketa partziala" egin zuen.
Deitoratu duenez, instrukzio epaileak gertakarien inguruko iritzia eman zuen objektiboa izan behar zen auto batean. Horrez gain, salatu du auzia epaituko duen aretoa "kutsatuta" dagoela Jesus Maria Barrientos epaimahaiko presidentea eta Mercedes Armas magistratuak eurak izan zirelako Fiskaltzaren kereila tramitera onartu zutenak.
Auzitegiak, ordea, baztertu egin du epaiketa bertan behera uzteko eskaera hori, baita defentsak egindako gainerakoak ere. Argudiatu duenez, aurrez egindakoak dira denak, eta aurrez ukatutakoak.
Aurretiazko arazoekin amaituta, Torra izan da lehena deklaratzen, akusatu gisa. Ondoren, dozena bat poliziak eta Miquel Esquius Mossoen komisario buru ohiak deklaratu dute.
Arratsaldeko saioa 16:00etan hasiko da. Carlos Carrizosa Kataluniako Parlamentuko Cs alderdiko bozeramaileak deklaratuko du lehenik, eta hauen txanda izango da gero: Teresa Cunillera Espainiako Gobernuak Katalunian duen ordezkaria, Elsa Artadi Kataluniako Gobernuko bozeramaile ohia, Rafael Ribo Kataluniako Herritarren Defendatzailea eta Miquel Buch Barne kontseilaria.

Torra, emaztea eta abokatuak ondoan dituela, Auzitegiaren atarian. Argazkia: EFE
08:30 aldera heldu da Auzitegi aurrera. Bertan izan ditu zain Artur Mas Kataluniako presidente ohia, Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentea, Kataluniako Gobernuko hainbat kontseilari, JxCat, ERC eta CUP alderdietako buruzagiak eta Omnium, AMI, ANC taldeetako kideak. Aipatutakoez gain, 500 bat pertsona bildu dira Auzitegiaren aurrean, eta "Ez da justizia, mendekua da", eta "Askatasuna preso politikoentzat" bezalako leloak oihukatu dituzte.
"Estatuak nire eskubideak urratu ditu"
Astelehen honetan, epaiketan, Estatuari "nire eta kataluniar guztien eskubideak urratzea" leporatuko diola iragarri zuen atzo Torrak Bescanon (Girona). "Ez naiz ezertaz defendatuko, presidente gisa nire eginbeharra bete nuelako, askatasuna eta eskubideak defendatzea, alegia", adierazi zuen Torrak ehun bat lagunen aurrean, 'dinar groc' edo bazkari hori batean.
Kataluniarrek proces auziaren epaiari emandako erantzunaren aurrean pozik agertu zen. "Sententzia bidegabe baten aurrean herriak erantzun du", esan zuen. "Nire herria kalera atera izan ez balitz, desengainua hartuko nuke", erantsi zuen.
Justiziaren aurrean egin beharreko agerraldia ironiaz hartu zuen Torrak: "Bazkariaren arabera (butifarra indabekin) emango dut erantzun bat edo beste bat".

Gatazka piztu zuen pankarta
Fiskaltzak eskaerari eutsi dio
Francisco Bañeres Kataluniako fiskal nagusiak esan du Generalitatearen presidenteak desobedientzia delitua egin zuela Hauteskunde Batzordearen aginduari muzin eginda, eta gaineratu du egunak pasa ahala errespetu instituzionala galtzen joan zela, eta jarrera horretan "goia" jo zuela Palauko pankarta kendu eta ia berdina zen bat jarri zuenean.
"Akusatuak errespetu instituzional falta areagotu zuen, eta goia jo zuen" martxoaren 21ean lazo horidun pankarta lazo zuria zuen pankartarekin ordezkatu zuenean eta Hauteskunde Batzordearen aurkako kereila aurkeztu zuenean, Bañeresek amaierako txostenean azaldu duenez.
Bañeresek, gaurko saioan, kritikatu egin du Torrak batzordearen "agindua betetzeko prestutasunik eza", nahiz eta, bere esanetan, eskumena zuen eta bere gainetik zegoen aginduak emateko.
Ministerio Publikoak Torraren aurkako 20 hilabeteko gaitasungabetze eskaerari eutsi dio, eta salatu du "agerraldi publiko guztiak" aprobetxatu zituela presidenteak, " "bere burua adierazpen askatasunaren defendatzaile gisa aurkezteko" eta Hauteskunde Batzordearen "aurkako iritzia agertzeko".
Sindic de Greugesek, bitan, agindua bete egin behar zela adierazi zuela gogorarazi du Bañeresek, baina hala ere, Torrak entzungor egiten zuela.
Era berean, Hauteskunde Batzordea Generalitateko presidentearen, Gobernuaren eta hauteskunde prozesuan parte hartzen duten botere publiko guztien gainetik dagoela defendatu du.
Kronologia
Hauteskunde Batzordeak sinbolo horiek erretiratzeko eskatu zion Torrari martxoaren 11n, "partidistak direlako, eta, beraz, Administrazio zein botere publikoek ezin dituztelako erakutsi hauteskunde garaian, neutraltasun eta objektibitatea urratu gabe", baina Torrak alegazioa aurkeztu zuen. Martxoaren 18an ezezkoa eman zioten eta Hauteskunde Batzordeak 24 ordu eman zizkion Torrari sinbolo horiek erretiratzeko.
Torrak idatzia aurkeztu zuen auzia argitzeko eta bitartean agindua bertan behera uztea eskatuz.
Martxoaren 21ean lazo horia zeraman pankarta antzeko beste batekin estaltzeko agindua ematea leporatzen diote Torrari. Bigarren pankarta horrek ere preso kataluniarren askatasuna eskatzen zuen, baina xingola horiaren ordez txuri bat zuen, marra gorri batez gurutzatuta:

Aurreko pankarta ordezkatu zuena
Auziko epaile instruktorearen idatziak dio Torrak ez zituela sinboloak erretiratu Hauteskunde Batzordeak bi aldiz eskatu arren (martxoaren 11n lehenik eta 18an bigarrenez), eta ez zituela 22ra arte kendu, martxoaren 21ean epaileak Mossoei behin betiko kentzeko agindua eman arte, alegia.

Geratu zen azken pankarta
Horrela, TSJCko Fiskaltzak urtebete eta zortzi hilabeteko inhabilitazioa eta 30.000 euroko isuna eskatzen du Torrarentzat.
Herri akusazio gisa aurkeztu den Vox alderdiak, berriz, bi urteko inhabilitazioa eta 72.000ko isuna eskatzen du.
Torrak elkarrizketari berrekiteko eskatu dio Sanchezi
Epaiketa horren bezperan, elkarrizketa kaleratu du Ara egunkariak, eta, bertan, Quim Torrak esan du ez duela espero inhabilitatzea.
Espainiako testuinguru politikoari dagokionez Generalitateko presidenteak adierazi duenez, elkarrizketari berrekin beharra dago Madrilgo Gobernuarekin "berdinen artean guztiaz hitz egiteko", eta horretarako "bitartekari, errelatore edo dena delako izena izango duen figura hura errekuperatu behar da". Figura horrek "negoziaketa prozesu serio eta sinesgarria osatzen lagunduko du", gaineratu du.
Sanchezen inbestidura bere alderdiaren botoen menpe egongo balitz egingo luketenaz galdetuta, Torrak argi esan du: "Guk jada ezezko botoa eman genion, eta ez diogu inoiz botorik emango ezeren truke. Ez dugu inondik inora txeke zuri gehiagorik emango".
Proces-aren epaiaren ondoren Katalunian izan diren liskarren inguruan, Torrak goraipatu egin du "herritarrak ahaldundu eta kalera masiboki eta modu baketsuan atera izana".
Zure interesekoa izan daiteke
Euskal Herria herritarrei ziurtasuna emateko proiektu kolektiboa dela defendatuko du EH Bilduk Aberri Egunean
"Zazpiak bat egin" lelopean, koalizio abertzaleak apirilaren 5ean egingo du urteroko hitzordua Iruñean.
EAJ eta PSE-EE aurrez aurre berriz ere, Donostiako Udalak atxilotuen jatorria argitaratzeko hartutako erabakiagatik
Donostiako Udalak atxilotuen jatorria argitaratzeko hartutako erabakiak EAJren eta PSE-EEren arteko tentsioa areagotu du. Aitor Estebanek jeltzaleen baietza defendatzen duen bitartean, Eneko Andueza ez dago ados eta "akats larria" dela esan du.
"ETAk inposatu nahi izan zuen Euskaditik oso urrun gaudela ikustea da Txerokiren porrot moral handia"
Eusko Jaurlaritzak erdi-askatasun erregimena eman dio Txerokiri, eta astelehenetik ostiralera espetxetik aterako da Garikoitz Aspiazu ETAko buruzagi ohia, eta horren gainean iritzia eman du Eneko Andueza PSE-EEren idazkari nagusiak.
Euskadik LABI aktibatu ahal izango du zibersegurtasuneko gertakari larrien aurrean
Gobernu Kontseiluak inpaktu handiko ziberintzidenteen aurrean erantzun autonomikoa koordinatzea ahalbidetuko duen prozedura onartu du, ziberintzidenteek azpiegitura kritikoei edo herritarren segurtasunari eragiten dietenean.
Nafarroako Parlamentuak Accionaren presidentearen kontra egin du, Belateko ikerketa batzordean ez baita agertu
Jose Antonio Entrecanales Accionaren presidentea bi aldiz deitu dute ikerketa batzordera, baina bi-bietan ordezkariak bidali ditu. Irati Jimenez ikerketa batzordearen presidentearen esanetan, Entrecanales bera deitu dute eta ez Acciona enpresa (pertsona juridiko gisa), eta desobedientzia delitua egin duelakoan Fiskaltzari jakinaraztea erabaki du batzordeak.
Felipe Gonzalezek iragarri du boto zuria emango duela hurrengo hauteskunde orokorretan
Espainiako Gobernuko presidente ohiak ohartarazi du Aragoiko eta Extremadurako emaitzak errepikatu daitezkeela Estatu mailan, eta PSOE eta PP kritikatu ditu proiektu politikorik ez dutelako.
Hauteskundeetarako koalizio bat osatzeko asmoari ekingo diote Sumarrek, Comunsek, IUk eta Mas Madridek otsailaren 21ean
Lau antolakundeen hitzetan, hilaren 21a abiapuntua izango da aliantza komun, elkarbanatu eta ireki bat eraikitzeko datorren hauteskunde orokorretara begira, "sendoa eta denboran zehar fidagarria" izango den eremua. Hortaz, asmoa da hauteskunde testuingurutik haratago, gizarte mugimendu aurrerakoi bat aktibatzea.
Pradalesek 14 lurralde industriali dei egin die beren gaitasunak Europaren zerbitzura jar ditzaten, "etorkizuna bermatzeko"
Imanol Pradales lehendakariak "potentzial berritzaile eta ekonomiko handia" duten hamalau lurralde industriali dei egin die astelehen honetan, Bilbon bilduta, beren gaitasunak Europaren zerbitzura jartzeko, "proiektu europarraren etorkizuna bermatzeko", "arriskuan" baitago mundu "ezegonkor eta zalantza beteriko" batean.
PPk "harresia" ez izateko eskatu dio Voxi, eta PSOE "autokritika" egitea ekiditen dabil
Beste hauteskunde hitzordu batzuetan baino argiago mintzatu da Feijoo Aragoiko bozen biharamunean, eskuin muturrari "2023ko akatsak" ez errepikatzeko eskatuz. Abascalen alderdiak, berriz, ahobizarrik gabe baldintzak jarri ditu mahai gainean: kontseilaritzak nahi ditu, eta politikak errotik aldatzea da bere helburua.
Biktimek eta sindikatuek "egia, justizia eta erreparazioa" exijituko dute martxoaren 3ko 50. urteurrenean
Martxoak 3 Elkarteak eta ESK, Steilas, LAB eta ELA sindikatuek Gasteizko bost langileen hilketaren 50. urtemuga oroitzeko egingo dituzten ekitaldiak aurkeztu dituzte astelehen honetan.