Espainiako Gobernuaren ministroak euren karguez jabetu dira
Pedro Sanchezen Espainiako Gobernu berriaren 22 kideak, alegia, Espainiako demokraziako lehen koalizio-gobernuaren ministroak, euren karguez jabetu dira astelehen honetan; hori baino lehen, Espainiako errege Felipe VI.aren aurrean, hitzeman dute Konstituzioa bete eta betearaziko dutela. Ekitaldi hori, promesa egitearena, txalo artea amaitu da.
Honela, koalizio-gobernuko kide guztiek euren karterak hartu dituzte, hemendik aurrerako haien betebeharren ikur gisa. Aurretik, bi ministrok soilik, hain zuzen ere Irene Monterok eta Yolanda Diazek, aipatu dute euren promesean "emakumezko Ministroen Kontseilua" esamoldea.
Espainiako Gobernuaren kide guztiek Konstituzio espainiarraren gainean jarri dute euren eskua. Konstituzioa 100. artikuluan zegoen irekita; artikulu horrek zehazten du erregearen esku dagoela Gobernuko kideak izendatu eta bereiztea.
Justizia ministro berria, lehena
Juan Carlos Campo Justizia ministro berria izan da kargua promesten lehena. Ondoren, Carmen Calvo Presidentetza eta Gorteekiko Harremanetarako ministroak egin du, eta, jarraian, kabineteko gainerako kideek, sail bakoitzeko lehentasun hurrenkeraren arabera.
Pablo Iglesias ere jabetu da karguaz (bigarren presidenteordea izango da), eta ohiko protokoloa bete du; hori bai, amaieran zehaztu du Ministroen Kontseiluan emakumezkoak eta gizonezkoak daudela.
Iglesiasek eta Alberto Garzon Kontsumo ministro berriak triangelu alderantzikatu gorri bana zeramaten jaketan; ikur hori faxismoaren aurkako borrokaren sinboloa da.
Iglesiasen ostean, Nadia Calviño eta Teresa Ribera beste bi presidenteordeen txanda izan da, eta, segituan, Gobernu berriko beste guztiena.
Iglesiasen, Gonzalez Layaren, Garzonen eta Irene Monteroren adierazpenak
Presidenteorde eta Gizarte Eskubideetarako eta 2030 Agendarako ministroaren saila hartuta, Pablo Iglesiasek nabarmendu du lan egingo duela hurrengo hamarkadan Espainian "konstituzionalismo demokratikoa" nagusitzeko; horrek, azaldu duenez, ekarri beharko du gizarte-eskubideak "bermatu, blindatu eta zabaltzea".
Iglesiasek azpimarratu du, halaber, asmoa duela Espainia izatea nazioarteko erreferentea Garapen Jasangarriaren Helburuak betetzeko: "Horrek ekarri behar du klima-aldaketaren aurka borroka egin beharko dugula, baita desberdintasun ekonomikoaren aurka ere, eta beti egingo dugula bakearen alde", zehaztu du.
Arancha Gonzalez Laya Kanpo Arazo, Europar Batasun eta Kooperazio ministro berriak aurreratu du "konplexurik gabe" babestuko dituela "demokrazia, Giza Eskubideen errespetua eta aldeaniztasuna", eta egingo duela "bakearen, pertsonen, oparitasunaren eta planetaren alde".
Azken hilabete eta erdian Ministerioaren lana bere gain hartu dituen Margarita Robles ministroak eman dio saila Gonzalez Layari; saila hori hartuta, Gonzalez Layak adierazi du asmoa duela "atzerri-politika giza garapenaren zerbitzuan jartzeko", eta argi utzi du kooperazioa izango dela haren lehentasunetako bat.
Halaber, zehaztu du bere agintaldia "Espainia Europan eta munduan dagokion tokian kokatzeko aukera bezala" ikusten duela; izan ere, atzerri-ekintzak "Espainiaren indarrak" sendotuko ditu: "Indar horiek ez dira mugagabekoak, baina asko dira", adierazi du. "Spain si back, Spain is here to stay" (“Espainia bueltan da, Espainia geratzeko dago hemen”).
Bitartean, Alberto Garzon Kontsumo ministro berria "ilusio oso handiz" jabetu da karguaz, eta ziurtatu du "lan handia" egingo dutela, Minsterioaren langileei esker: "Gure denbora emango dugu familien bizitzaren baldintzek hobera egin dezaten".
Garzonek eskerrak eman dizkio Maria Luisa Carcedo ministro ohiari: "Haren lana guztiz hobeezina izan da. Ekintzetan erakutsi du, eta esker ona merezi du, nahiz eta haren alderdikoak ez izan. Hain zuzen ere, irakatsi digute lan onak esker ona merezi duela", esan du.
Irene Montero Berdintasun ministroak hitzeman du "dena" emango duela emakumeen bizitza "erdigunean kokatzeko, indarkeria matxisten aurka borrokatzeko, emakumeen askatasuna eta autonomia lortzeko, eta besteak izateari uzteko".
"Gizonen esku eta bereziki emakumeen esku jartzen dugu geure burua, feminismoa Gobernu honen banderetakoa izan dadin", esan du Madrilen, Berdintasun ministro gisa egin dituen lehen adierazpenetan.
"Berdintasun Minsterio hau feminista izango da, Gobernua bezala", nabarmendu du, eta gogor salatu dotu indarkeria matxista guztiak; "konpromisoa" agertu du "indarkeria horiei guztiei amaiera emateko". "Biktima bat gehiago ere egon ez dadin, bat gutxiago izan ez gaitezen", zehaztu du; gogora ekarri du, halaber, genero-indarkeriaren azken biktima ofiziala, Puertollanon ustez bikotekideak hil duen emakume bat.
Zarzuelan
Ekitaldia Zarzuela Jauregiko Audientzia Aretoan egin da, Estatuko agintari nagusien aurrean, eta Felipe VI.ak sinatutako errege-dekretua irakurri ondoren, Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) argitaratutako kabinetearen izendapenarekin.
Espainiako errege Felipe VI.arekin batera, ekitaldian Estatuko hiru botereen ordezkariek ere hartzen dute parte, alegia, Pedro Sanchez Gobernuko presidenteak, Meritxell Batet eta Pilar Llop Kongresuko eta Senatuko presidenteek, eta Carlos Lesmesek eta Juan Jose Gonzalez Rivasek; azken bi horiek Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko eta Auzitegi Konstituzionaleko presidenteak dira, hurrenez hurren.
Kargu publikoaren promesa edo zina egiteko formula 1979ko errege-dekretu batean araututa dago.
Hala, promesa edo zina egin ostean, ministro bakoitza bere departamentuko egoitzara joango da, karguaz jabetzeko.
Pedro Sanchez presidentearen aurreko exekutibotik ez dago sinbolo erlijiosorik ekitaldi honetan, eta Espainiako Konstituzioa baino ez dute erabiltzen horretarako.
Felipe VI.ak Gobernu berriko kide guztiak agurtu ditu, eta esaldi bera esan die guztiei: "Zorionak, eta zorte on-ona".
Ekitaldiak ordu erdiko baino gutxiagoko iraupena izan du, izendapen-dekretuak irakurtzen hasi direnetik familia-argazkia egin duten arte. Gerora, txaloak eta elkarrizketa informalak izan dira, parte-hartzaileen artean; Espaoniako erregeari Carmen Calvo eta Pablo Iglesias presidenteordeekin hitz egiten ikusi ahal izan zaio, adibidez.
BIDEOA: Carmen Calvoren eskutik hartu du Pablo Iglesiasek ministro kartera
"Batasunerako asmo irmoa"
Igandean eman zion Espainiako Gobernuko presidenteak Espainiako erregeari kabinetea osatuko duten kideen berri, baina ez zuen Zarzuelako Jauregian egin, orain arte bezala.
Egindako adierazpen instituzionalean, Sanchezek esan du PSOEk eta Unidas Podemosek osatutako gobernuak "batasunerako asmo irmoa" izango duela, eta "norabide berean" egingo dutela. Horren arabera, "askotariko ideietatik edango du", "elkarrizketa" nagusi izango den legealdi batean. "Zenbait ahots izango ditu, baina hitz bera eta bakarra", azpimarratu du.
Urtarrilaren 14an, asteartearekin, lehenengo Ministroen Kontseilua egingo dute, eta Sanchez presidenteak prentsaurrekoa emango du ondoren, Moncloa Jauregian.
Zure interesekoa izan daiteke
Arnaldo Otegik "heriotza-mehatxuak" jaso zituela salatu du Gasteizko epaitegi batean
Mehatxuak abenduan gertatu ziren, mezu elektroniko baten bidez, baina salaketa ez zen zabaldu. EH Bilduko idazkari nagusiak epaitegietan deklaratu ondoren filtratu da gaia.
Zupiriak "irmo eta erabat" gaitzetsi ditu Otegik jasandako heriotza-mehatxuak
Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiak ertzain-etxean salatutako heriotza-mehatxuei buruz galdetuta, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak deitoratu du horrelako gertaerek "elkarbizitza kolokan" jartzen dutela.
Albiste izango dira: Jaurlaritzaren Gobernu Kontseilua, Gatazka Ekialde Hurbilean eta BBK Liven XX. urteurrenaren aurkezpena
Gaurkoan Orain-en albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Espainiako Estatuko aire-espazioan sartzea galarazi diete Irango gerran parte hartzen ari diren hegazkinei
PPk "inprobisaziotzat" jo du erabakia, eta PSOEk, berriz, "neurri koherentea" dela esan du.
Aitor Esteban: "Harritu egin ninduen Korrikaren azken mezua Bilduren munduari oso lotuta dauden zazpi gaztek egin izanak"
EAJko EBBren presidenteak euskarak Administrazioan izango duen pisuaz akordio bat lortzea espero du, eta euskarari "segurtasun juridikoa" ematearen alde agertu da.
"Subiranotasunaren bidean beste jauzi bat" eskatuko dute EH Bilduk eta EH Baik Aberri Egunean
"Euskal Herriaren oraina eta etorkizuna erabakitzeko gaitasuna eta gure herriaren hitza errespetarazteko bermeak behar ditugu", nabarmendu dute bi alderdiek astelehen honetan Irunen egindako agerraldian.
Aitor Estebanen ustez, EAJren buru gisa egin duen urtea “positiboa” izan da, eta emakume eta gazte gehiagoren aldeko apustua egin du
Aitor Esteban EAJko EBBren presidenteak karguan bete berri duen lehen urtearen inguruko balantze "positiboa" egin du. Horrekin batera, aireportuen gaineko akordioa eta Euskadik horiek kudeatzeko duen gaitasuna defendatu ditu, eta kritikatu egin du PSE-EE aireportuak kudeatzeko neurriak murrizten saiatu izana.
"Fronte zabalak eraikitzea" eskatu du EH Bilduk, "ultraeskuinaren mehatxuaren aurrean"
Koalizio abertzaleak ohar bidez jakinarazi duenez, Sonia Jacinto Antolakuntza idazkaria eta Gorka Elejabarrieta Harreman Politikoetarako idazkaria Argentinara eta Uruguaira joan dira azken egunotan, eta hainbat ordezkari politiko, giza eskubideen aldeko erakunde eta euskal diasporako kiderekin bildu dira han.
Euskadik eta Espainiar Estatuak aldebiko batzorde bat sortuko dute aireportuen kudeaketan parte hartzeko
Aireportu-azpiegiturei buruzko akordioak bi administrazioen arteko lankidetza-organo bat abian jartzea aurreikusten du, indarrean dagoen eskumen-araudia errespetatuz, Euskadik erabaki estrategikoetan esku hartzeko aukera izan dezan.
Euskal Herriaren proiektu nazionala indartzeko beharra azpimarratu du EH Batera herri ekimenak Lizarran
Aberri Egunaren ofizialtasuna eta instituzionalizazioa ere aldarrikatu dituzte ekimeneko ordezkariek gaur Lizarran egin duten ekitaldian. Zehazki, gaur egun ez duen aitortza eta zabalpena emateko eskatu dute, "urrats txikia bezain eraginkorra" izango litzatekeela iritzita.