Madrilgo Auzitegia
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Cifuentes: "Ez nuen master bukaerako lana defendatu, entregatu baizik"

Lana jaso zutenak zuzendu behar zuten pertsonak ote ziren ez dakiela zehaztu du Madrilgo presidente ohiak, baina “unibertsitateko irakasleak” zirela segurutzat jo zuen.
Cristina Cifuentes Madrilgo presidente ohia. Argazkia: EFE

Cristina Cifuentes Madrilgo presidente ohiak ziurtatu duenez, 2012an ez zuen master bukaerako lana defendatu, entregatu eta “orokorrean” azaldu baizik, ekitaldi “oso informal” batean, irakasleak zirela suposatzen zuen pertsona batzuen aurrean.

Cifuentesen aurkako epaiketa berriro abiatu da ostiral honetan, Madrilgo Auzitegian. 2012an, URJC unibertsitateko Zuzenbide Publikoko Institutuaren masterra bukatzeko lanaren akta faltsutzea egotzi diote Cifuentesi. Fiskaltzak hiru urte eta hiru hilabeteko espetxe-zigorra ezartzea eskatu du.

“Benetan, ez nuen lana defendatu: Nik lana entregatu eta haren ildo nagusiak azaldu nituen. Oso ekitaldi informala izateak harritu ninduen”, adierazi du Cifuentesek, auziko fiskalak galdetu dionean.

Lana hartu zutenak zuzendu behar zuten pertsonak ote ziren ez dakiela zehaztu du Cifuentesek, baina “unibertsitateko irakasleak” zirela segurutzat jo zuen. “Bi edo hiru” pertsona izan zirela erantsi du agintari ohiak. Ez daki ziur, berak irakasleekin harremanik izan ez zuelako, soilik Enrique Alvarez Conde katedradunarekin, Zuzenbide Publikoko Institutuaren zuzendariarekin.

"Pertsona horiek epaimahaia zirenik ez dakit"

“Pertsona horiek epaimahaia zirenik ez dakit”, esan du. Lana “ikasgela batean ez, bulego bateko aretoan eman nien, batzargela txiki batean”, azpimarratu duenez. Ekitaldiak “ez zuen asko iraun”, gaineratu du.

“Lanaren ildo nagusiak azaltzera” mugatu zen, “oso gainetik”, eta pertsona horiek “zuzentzea zegokionari” eramango ziotela segurutzat jo zuen, azaldu duenez.

Maria Teresa Feito Madrilgo Hezkuntza Kontseilaritzako aholkulari ohi eta Juan Carlos Erregea Unibertsitateko funtzionarioa eta Cecilia Rosado masterreko zuzendaria eta epaimahaiko kidea auzian inputaturik daude. Rosadok akta faltsutu izana onartu du, eta justiziari lagundu zion. Horregatik, 21 hilabeteko espetxe-zigorra ezartzea eskatu dute.

Albiste gehiago politika

Imanol Pradales
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Pradalesek "lidergo eta koordinazio handiagoa" eskatu dizkio Sanchezi, oztopo administratiboak eta eragozpen politikoak gainditzeko

"Akordioak betetzeko daude", adierazi du Pradales lehendakariak Lankidetza Iraunkorreko Aldebiko Batzordearen bileraren amaieran. Imanol Pradalesek "borondate politikoa" aitortu du Pedro Sanchezen aldetik, baina "ordena jartzeko" eskatu dio. "Erritmoa bizitu eta edukietan aurrera egin behar dugu, adostutako egutegia betetzeko", gaineratu du lehendakariak.

Gehiago kargatu