EAJ
Gorde
Kendu nire zerrendatik

EAJren ponentzia politikoak erabakitzeko eskubidea erakundetzearen alde egin du, Europa federal baten barruan

Euzkadi Buru Batzarrak hurrengo lau urteetarako gida-lerroak onartu eta militanteen esku utzi ditu, alderdikideek eztabaidatu eta ekarpenak egin ditzaten.
Andoni Ortuzar, aurtengo Alderdi Egunean.
Andoni Ortuzar, aurtengo Alderdi Egunean. Argazkia: EFE

Eusko Alderdi Jeltzaleak erabakitzeko eskubidea erakundetzearen edo instituzionalizatzearen alde egiten du, EITB Mediak eskuratu ahal izan duen ponentzia politikoaren zirriborroaren arabera.

Zehazki, erabakitzeko eskubidea gauzatzeko Espainiako eta Frantziako Estatuekin itun berriak egitea proposatzen du. Akordio hori Europako ordenamenduan sartu beharko da, beti ere, aldebikotasuna bermatuz.

Euzkadi Buru Batzarrak (EBB), atzo asteroko bilera egin ondoren, hurrengo asteetan eztabaidatu eta ekarpenak egingo dizkioten bost txostenen zirriborroak bidali dizkie militanteei. Ponentzia horiek EAJk datorren martxoaren 29an eta 30ean Donostian egingo duen IX Batzar Nagusian onartuko dira.

Guztira, bost dira alderdiko zuzendaritzak militantziari igorri dizkion ponentziak: "Euskadi, Nazioa Europan", "Askeago izateko Nazio oparoa eraikitzea", "Mundu hobe, jasangarri eta baketsu batera irekia den Nazioa", "Bere Herriaren zerbitzura dagoen Alderdia", eta "Antolaketa demokratikoa".

Txosten politikoan jasotzen denez, nazio batek duen erabakitzeko eskubidea "besterenezinena da". "Herri batek gauzatu ahal izango du edo ez; bere historiako une bat edo beste aukeratu ahal izango du eskaera egiteko; plebiszitu bidezko erabaki-egintza bat aukeratu ahal izango du, edo erabaki hori mailaka eta jarraian hartu. Ezin zaio uko egin, ezta eskubide hori indarrez kendu ere", gaineratu du.

EBBk aurkeztutako dokumentuak euskal nazioa Europar Batasunaren marko politikoan integratzearen alde egiten du, "euskal subiranotasuna mundu globalean jarduteko gai den egitura batekin bat egitea" ahalbidetuko duena. Ildo horretan, "Europaren subiranotasuna sendotzeko eta gure Batasunaren pixkanakako federalizazioa lortzeko", Euskadik Europar Batasuneko organoetan parte hartzea defendatu du.

Halaber, entzute aktiboan, gardentasunean eta parte-hartzean oinarritutako gobernantza eredu modernoa nahi du EAJk. Horrez gain, "ekintza politiko pragmatiko eta solidarioa" bilatu nahi du, euskal gizartea etorkizuneko ikuspegiarekin egituratzen jarraitzeko.

Alor sozialean, euskal gizartearekin kontratu sozial berri bat garatzeko asmoa du, besteak beste, gizartearen ongizatearen oreka berrezartzeko. Pertsona migratzaileak gizartean integratzeko euskara ezinbesteko tresna dela ere jasotzen du txostenak.

Bestalde, barne antolaketari buruzko ponentziak egiturak garai berrietara egokitzeko premia azpimarratzen du. Edozein kasutan, azken hamarkadatan alderdia gidatu duten hainbat printzipio mantentzearen alde egin du zuzendaritzak, tartean, burubikotasuna edo bi buruen estrategia. Berritasun gisa, tokiko lidergoak sustatu nahi ditu, "kezkak atzemateko eta aditzeko eta horiei erantzuna emateko gai direnak, bai barne-mailan, bai erakunde-mailan, gizartearen eskaerei eta beharrei erantzutea lortzeko".

Zure interesekoa izan daiteke

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Marisol Iparragirre 'Anbotori' espetxe araudia aplikatu zaiola esan du Ubarretxenak

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu duenez, Iparragirrek beste edozein presoren tratamendu bera jaso du, eta ez da inolako neurri diskrezionalik hartu. Aipatu du ulertzen dutela ETAren biktimei eragin ahal izan dien mina. Hala ere, gogorarazi du neurri horrek birgizarteratzea duela helburu. Marisol Iparragirre Martuteneko kartzelatik atera da astearte honetan, erdi-askatasuneko erregimenean: astean zehar egunez irten ahal izango da espetxetik, lan egiteko, eta gauean itzuli beharko du. Asteburuetan ez da aterako.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Diez Antxustegik beharrezko ikusten du Tubos Reunidosen "zorra berrantolatzea", eta industria indartzeko deia egin du: "Gure babes soziala da"

EAJren Eusko Legebiltzarrerako bozeramaileak, Joseba Diez Antxustegik, Radio Euskadin azpimarratu du Tubos Reunidos enpresaren zorra “berrantolatzeko” beharra, irtenbidea emateko. “Merkatua badu, baina likidezia arazoak ditu”, adierazi du. Horrekin batera, nazioarteko egoera zailaren aurrean industria bultzatzearen beharra nabarmendu du: “Euskadin, gure babes soziala gure babes industriala da”. Azkenik, euskararen kudeaketaz enplegu publikoaren eskaintzetan, alderdi politikoek arau berri bat adosteko “ardura” dutela adierazi du, eta "segurtasun juridikoaren" beharraz mintzatu da.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X