MEMORIA HISTORIKOA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Gorpuzkiak desobiratzeko kanpainaren bosgarren fasea hasi da Amorebieta-Etxanoko hilerrian

Gorpuzkiak desobiratzearen helburua Gerra Zibilean desagertutako pertsonak aurkitzea da. Orain arte, 127 lagunen gorpuzkiak atera dituzte, eta horietako lau familiei eman dizkiete dagoeneko.

Bizkargiko hobiko exhumazioa, Amorebieta-Etxano, 2020. Iturria: Gogora.

Gaur, uztailak 7, hasiko da Amorebieta-Etxanoko hilerrian, Gogorak, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak bultzatutako ‘Gerra Zibilean Desagertutako Pertsonak Bilatzeko Programa'ren bosgarren eta azken fasea. 2003an abiatutako proiektua aste honetan da bukatzekoa, eta duela urte batzuk hasitako esku-hartze prozesua itxiko da.

Lokalizazio horretan egindako kanpainetan, 127 pertsonaren gorpuzkiak aurkitu dira oraingoz. Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak jakitera eman duenez, orain arte egindako analisien arabera, hezur-materialari zein lotutako objektuei dagokienez, herritik gertu dauden fronteetan hildako borrokalarienak dira aztarna gehienak, Bizkargikoa edo Barazarrekoa kasu, baita Zornotzako ospitale militarrean hildako zaurituenak ere. Gogora institutuak 300 hildako baino gehiago erregistratu ditu, eta litekeena da hobi horrekin lotura izatea. Orain arte, pertsona horietako lau identifikatu dituzte, eta gorpuzkiak familiek dituzte dagoeneko.

Gogorak garatu ditu hilerriko esku-hartze guztiak, Aranzadi Zientzia Elkartearekin, Amorebieta-Etxanoko Udalarekin eta Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Biomics laborategiarekin (analisi genetikoen arduraduna) elkarlanean.

Oraindik 123 pertsona identifikatzeke daudela, Gogorak inguruan senideren bat desagertuta duten familiei Institutuarekin harremanetan jartzeko deia zabaldu du. Gorpuzkiak DNA bankuarekin eta dokumentazio historikoarekin eta artxibokoarekin alderatzea funtsezkoa baita memoria berreskuratzeko prozesu horretan aurrera egin ahal izateko.

Gizarteari buruzko albiste gehiago

Gehiago kargatu