Jaurlaritzak gaur ekin dio urte politiko berriari, egonkortasuna, akordioak eta ongizatea lehentasun dituela
Sailburuak 10:00etan bildu dira Donostiako Miramar Jauregian, oporren ondorengo lehen Gobernu Bilera egiteko. Besteak beste, AEBren arantzelek, transferentziek eta etxebizitza-politikek hartuko dute protagonismoa hurrengo hilabeteetan.
Urte politiko berria gaur hasi du ofizialki Eusko Jaurlaritzak, Donostiako Miramar jauregian lehen Gobernu Kontseilua eginda, ohikoa den moduan. Helburu nagusien artean egonkortasunari eustea, eta lankidetza eta akordioak sustatzea izango dituzte.
Zerua ospel zegoela irisi dira sailburuak eta Imanol Pradales Miramar jauregira. Lorategietan egin diete harrera Eneko Goia Donostiako alkateak, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusien presidenteak.
Talde-argazki egin ondoren, betiko lez, barrura sartu dira, bilera egiteko. Amaitu ondoren, lehendakariak agerraldia egingo du hedabideen aurrean.
Duela egun batzuk hainbat gogoeta argitaratu zituen lehendakariak LinkedIn sare sozialean duen profilean. Bertan adierazi zuen, besteak beste, “Euskadi herri gisa eta ongizatean hazten jarraitzeko ilusioarekin” lan egingo dutela, “kalitatezko enplegua, segurtasuna, etxebizitzarako sarbidea eta zerbitzu publikoak indartzea” helburu hartuta.
“Eredugarri izatean oinarritutako kultura politikoaz” ere aritu izan da sarritan. Duela urtebete, “politikaren jardun eredugarrirako” dekalogoa eman zuen ezagutzera, eta Eusko Legebiltzarrean "kalitate demokratikoa" hobetzeko ponentzia bat bultzatu du. Era berean, Gardentasunaren Legea onartzea sustatu nahi da.
Pradales behin baino gehiagotan agertu izan da kezkatuta Estatuko “krispazio politikoagatik” eta autoritarismoak eta muturreko mugimendu politikoek Europan duten gorakadagatik. Bere ustez, ordea, Jaurlaritza “prest” dago “ziurgabetasunean nabigatzeko”, eta “indargune guztiak Euskadiren zerbitzura hedatzeko” asmoa agertu du.
TRANSFERENTZIAK
Gai nagusietakoa Gernikako Estatutua osatzeko falta diren eskumenen eskualdaketa amaitzea izango da. Ildo horretan, Jaurlaritzak “ekinean” jarraituko du eta, Pradalesek, Pedro Sanchezekin uztailean bildu ondoren, ziurtatu zuenez, eskumen horiei buruzko dokumentazioa bidaliko dio Estatuko Gobernuari.
Lehendakariak adierazi zuen lan gehiago egin behar dela transferentzien afera behar bezala eta garaiz ixteko, Sanchezen Gobernuaz ari zela. 2025a amaitu baino lehen aldebiko batzordearen beste bilera bat egitea aurreikusten da.
Izan ere, Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren kudeaketaren transferentzian aurrera egin ondoren, langabeziagatiko prestazioa eta hori amaitu ondorengo subsidioa erabakitzeke daude. Gai horiek Estatuko Gobernuan Sumarrek duen zatiaren menpe daude.
Orain arte adostutakoaren arabera, kotizaziopekoak ez diren lau prestazio (hiru familia-prestazio eta jaiotzagatiko laguntza berezia) Euskadiren esku geldituko dira, baita eskola-aseguruaren prestazio ekonomikoak kudeatzea ere.
Aireportu-azpiegituren azpibatzorde bat sortzea da falta den zereginetako bat. Batzorde horrek aztertu beharko ditu nola bideratu daitekeen Euskadin dauden interes orokorreko aireportuen kudeaketan, konektibitatean eta lehiakortasunean Jaurlaritzak parte hartzea. Horretarako konpromisoa uztailean hartu zen.
MUGA-ZERGAK
Eusko Jaurlaritzak esku artean duen beste gaietako bat da AEBk eta EBk uztailaren amaieran adostutako muga-zergek hemen izango duten eragin ekonomikoa sakon aztertzea. Akordio horrek 400 milioi euroko gainkostua ekar liezaieke euskal esportazioei.
Industria Saila irailean hasiko da sektoreko enpresekin bilerak egiten, apirilean iragarri ziren 2.150 milioi euroko laguntzez gainera, bestelakorik aktibatu behar ote den jakiteko.
Eusko Jaurlaritzak ziurtatu du Euskadiko industria-sarea defendatuko duela eta muga-zergen eragina jasan duten sektoreei lagunduko diela. Besteak beste, altzairuaren eta aluminioaren gainean % 50 zergak ezartzeak eragin handia du siderurgian.
BASQUE SEGURTASUN FOROA
Osasun Itunak laugarren eta azken fasean aurrera jarraituko duen bitartean, urte politiko berrian ekainean aurkeztu zuten Basque Segurtasun Foroak hartuko du protagonismoa.
Foroa segurtasun integralari buruzko partaidetza-prozesu bat izango da, eta urtebeteren ondoren, diagnostiko partekatu batekin amaituko da. Hiru lurralde historikoetan eta 24 eskualdeetan 31 saio egitea aurreikusten dute.
Izan ere, azken aldian areagotu egin dira segurtasunari buruzko herritarren kezkak. Etxebizitza da, gaur-gaurkoz, herritarren kezka nagusia, eta osasunak, aldiz, behera egin du zerrendan.
ETXEBIZITZA
Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak hilabete honetan hasiko du babes ofizialeko etxebizitza gisa deskalifikatutako 1.000 etxebizitza berreskuratzeko prozesua. Erabaki hori "estrategikotzat" jotzen du, eta Euskadiko etxebizitza-parke babestua indartzea ahalbidetuko du. Aldi berean, 20 milioi euro inguru jasoko dira, eta horiek alokairu-erregimeneko etxebizitza publikoak eraikitzeko erabiliko dira. Etxebizitza-merkatuak bizi duen tentsioaren aurrean "premiazko" neurria da.
Azkenik, funtsezkoa izango da Eusko Jaurlaritzaren hurrengo urterako aurrekontu-proiektua. EAJk eta PSE-EEk Legebiltzarrean gehiengoa dutenez, onartzea bermatuta dago.
EUSKO LEGEBILTZARRA
Eusko Legebiltzarrean irailaren 18an hasiko da urte politikoa, orduan egingo baita politika orokorreko osoko bilkura, Imanol Pradalesek lehendakari gisa egingo duen lehendabizikoa.
Hurrengo hilabeteetan arreta berezia jarriko da EAJk enplegu publikorako sarbidean euskararen ezagutza bermatzeko egin duen lege proposamenean eta EH Bilduk euskararen ezagutza modu orokorrean eskatzeko egin duenean.
Horrez gainera, EAJ, EH Bildu eta PSE-EE autogobernuaren estatus berriari eta Estatutuaren itunaren erreformari buruz hizketan ari dira, eta ikusi beharko da elkarrizketa horiek zer ematen duten.
Euskadi nazio gisa onartzeko adostasuna dagoela ematen du, baina erabakitzeko eskubidea “marra gorria” da sozialistentzat.
Zure interesekoa izan daiteke
Correoseko presidente ohiak Leire Diezi kargu bat eman ziola uste du UCOk
UCOren arabera, Juan Manuel Serranok parte-hartze aktiboa izan zuen ikertutako gertakarietan, "bai SEPIren enpresa-eremuan etekinak lortzearekin lotuta, bai PSOEko kide jakin batzuen zein Espainiako Gobernuaren interesen defentsarekin lotuta".
Espainiako Gobernuak biktima gisa aitortu du Josu Zabala Erasun, duela 50 urte Guardia Zibilak tiroz hildako irundarra
"Arrazoi politiko eta ideologikoengatik jazarpena" jasan zuela, eta "aitortzarako eta erreparaziorako eskubidea" dio onartutako adierazpenak.
Fiskaltzak Begoña Gomezen absoluzioa eskatu du, deliturik egin ez zuela iritzita
Ministerio Fiskalak Gomezi pasaportea kentzearen aurkako helegitea aurkeztu du ere, eta Peinado epaileak hartutako beste erabaki batzuk "zentzurik gabekoak" direla adierazi du.
Jaurlaritzak "positibotzat" jo du Konstituzionalak euskarari buruz hartutako erabakia, eta Bilduk ohartarazi du "oldarraldia ez dela eten"
Ibone Bengoetxearen esanetan, EAEko Auzitegi Nagusiak oraindik erabaki behar du PPk eta Voxek Enplegu Publikoaren Legeari jarritako helegiteari buruz.
Sanchezek, Trumpen kritiken ostean: "AEBren eta Espainiaren arteko harremanak oso positiboak dira"
Espainiako Gobernuko presidenteak azaldu du Estatu Batuetako presidentearekin hitz egiteko aukera izan duela, azken horrek Espainia beste behin kritikatu eta gero. "Solasaldi informala" izan dela azaldu du, eta "adeitsu"jardun dutela.
"Ez litzateke lehen aldia presidente batek ihes egiten duena", erantzun dio Peinado epaileak Begoña Gomezi
Magistratuak ekainaren 30ean sinatutako auto batean defendatu du bere erabakia, bere ordezkoak gai horren inguruan beste erabaki bat hartu baino lehen. Azken horrek baimena eman dio Gomezi Londresera bidaiatzeko, baina ez Ankarara.
Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak legea aldatzea adostu dute, delituak errepikatzen dituztenak zigortzeko
Helburua da delituak egin dituzten baina oraindik epai irmorik izan ez duten delitugileek "ondorioak" ordain ditzaten.
PSOEk eta sindikatuek Feijooren aurka egin dute absentismoa "minbizi bat" dela adierazteagatik
Sozialistek kritikatu dute PPk lan eskubideak murriztea proposatzea, enpresen lehiakortasuna hobetzeko.
Transferentzien inguruko negoziazioak ez doazela ondo onartu du Ubarretxenak
Eusko Jaurlaritzako Autogobernu sailburuak onartu du materia zailak dituztela mahai gainean, baina "borondate politikoa" egonez gero oztopoak gainditzea posible dela uste du.
Pau Blasi legebiltzarkide sozialistak “pazientzia” izateko eskatu dio lehendakariari eskumenen negoziazioan
Pau Blasi PSE-EEko legebiltzarkideak jarrerak lasaitzeko eskatu dio Pradalesi, lehendakariak joan den astean salatu ondotik Espainiako Gobernuak transferentzien inguruko akordioa ez betetzea "errespetu falta onartezina" dela. Testuinguru horretan, Blasik azpimarratu du "hitz potolorik gabe" aritu behar dela eskumenen negoziazioa behar bezala bideratzeko.