Pertsona migratzaileen ezohiko erregularizazioa onartu du Espainiako Gobernuak
Bizileku baimena eskatu ahal izateko baldintza izango da 2025eko abenduaren 31 baino lehen Espainiako Estatuan gutxienez bost hilabete bizi izana.
Espainiako Gobernuak migratzaileen ezohiko erregularizazioa onartu du, Ministroen Kontseiluan, PSOEk eta Podemosek akordioa iragarri eta biharamunean.
Ezohiko erregularizazio prozesuak milioi erdi pertsonari baino gehiagori mesede egin diezaieke, Podemosen estimazioen arabera.
Erregulazio eskaera egin ahal izateko hainbat baldintza bete beharko dira: 2025eko abenduaren 31 baino lehen Espainiako Estatuan bizitzea, gutxienez bost hilabete bertan bizi izana eta aurrekari penalik ez izatea.
Espainian gutxienez bost hilabetez bizi izan direla erakusteko, errolda agiria, medikuen txostenak, argindar, gas edo ur kontratuak, alokairu kontratuak, jaioterrira bidalitako diruaren frogagiriak eta garraio txartelak aurkeztu ahal izango dituzte, besteak beste.
Eskaera tramiterako onartu orduko, automatikoki bertan behera geldituko da pertsona migratzailea bere sorterrira itzularazteko prozedura. Eskaera onartuz gero, urtebeteko bizileku baimena jasoko dute eta epe hori amaitutakoan, Espainiako Atzerritarren Legeak ezarritako ohiko baimena eskatu ahalko dute.
Ezohiko erregularizazio prozesua errege dekretu bidez onartuko du Espainiako Gobernuak, prozedura azkarraren bidez, eta, hortaz, ez du Diputatuen Kongresuak onartu beharko.
Erreakzioak
Espainian bizi diren pertsona horien bizimodua "duintzeko" prozesua da martxan jarri dutena, Elma Saiz Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroaren arabera.
Ester Muñoz PPren bozeramaileak, aldiz, legez kanpokotzat jo du erregularizazio masiboa deritzona.
Vox pauso bat harago joan da, eta iragarri du Auzitegi Gorenera joko duela neurriaren aurka egiteko.
Zure interesekoa izan daiteke
Sanchezek erantzunak eta neurriak eskatu dizkio Marokori, Ceutan muga-kontrolak huts egin zuelako
"Gogoak batzeko" deia egin du Sarek presoen aldeko urtarrileko manifestazioa "azkena" izan dadin
Arabak trenbide sektorea berritzeko zentro teknologikoa izango du Laudion
Kataluniara itzultzeko aukera zabaldu dio Puigdemonti Auzitegi Konstituzionalak, bidegabeko erabilera delituari amnistia eman dio eta
Kongresuak behin betiko kendu dio prentsa-akreditazioa Vito Quilesi
Akordio zabalak aipatu bai, baina gero ezezkoa bozkatzea aurpegiratu dio Estebanek Otegiri