Asensiok tonua apaldu eta "normaltasunaren barruan" kokatu ditu Mendozari egindako kritikak
Ayesa operazioa dela eta, buruzagi sozialistak "lidergo falta" egotzi zion Gipuzkoako diputatu nagusiari. Biharamunean, Asensiok esan du "gai zehatzetan" iritzi ezbedinak izatea "normaltasunaren barruan" dagoela.
Jose Ignacio Asensio eta Eider Mendoza, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
"Ezadostasun puntualak" . Hitz horiek erabili ditu Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Aldundiko Jasangarritasuneko diputatuak, atzo Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiari, Ayesa operazioa dela eta, egin zizkion kritikei garrantzia kentzeko. Ziurtatu du EAJ-PSE-EE gobernu bazkideen arteko harremana "osasuntsu" dagoela.
Ayesaren erosketan hartutako posizioagatik, buruzagi sozialistak "lidergo falta" egotzi zion Gipuzkoako diputatu nagusiari, baina biharamunean, apaldu egin du tonua. "Gai zehatzetan" iritzi ezberdinak izatea "normaltasunaren barruan" dagoela esan du, Ser irrati katean egin dioten elkarrizketan.
EAJk eta PSE-EEk legealdi honetarako Gipuzkoan izenpetutako akordioan eta horren betetze mailan jarri du azpimarra. "Akordioaren funtzionamendua zuzena izaten ari da", erantsi du.
Mendozak berehala erantzun zion atzo Asensiori, eta "desleialtasuna" egotzi zion, eta errespetua eskatu.
Gaur, bi buruzagiok bilera izan dute. Iturri sozialisten arabera, ohiko lan dinamikan kokatzen da goizeko hitzordua.