KORRIKA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Jaurlaritza AEKren ordezkariekin bilduko da, Korrikaren balorazioa egiteko

"Erakunde bati dagokiona egingo dugu: ebaluazio bilera bat egingo dugu Korrikaren arduradunekin, Gobernua parte den ekitaldi orotan egin ohi dugun bezala", azaldu du Ibone Bengoetxea lehenengo lehendakariordeak. 

Korrika Bilbon

Korrikaren amaiera-ekitaldia, Bilbon. Argazkia: EFE

Eusko Jaurlaritzak bilera egingo du AEKren arduradunekin, Korrikaren 24. edizioaren balorazioa egiteko. Gobernu Bileraren ondorengo agerraldian, Ibone Bengoetxea lehenengo lehendakariordeak eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak jakinarazi du "erakunde bati dagokiona" egingo dutela: "ebaluazio bilera bat egingo dugu Korrikaren arduradunekin, Gobernua parte den ekitaldi orotan egin ohi dugun bezala". 

Agerraldian, Fernando Buesa Fundazioak eta Covitek egindako eskariaz ere hitz egin du Bengoetxeak. Erakundeek Korrikari ematen dizkioten dirulaguntzak bertan behera uzteko eskatu dute gaur bi talde horiek, ETAko presoen irudiak erakusteagatik. Sailburuaren arabera, irudi horiek "gizarte osoarentzat dira mingarriak, ez bakarrik biktimentzat".

Berretsi du Korrikak "euskara babesten duten guztien topagune" izan behar duela, eta "zubiak" eraiki behar direla. Haren hitzetan, herritarrak "euskarara erakartzeko jarrerak eta erabakiak" behar dira, "ez harresiak".

Fernando Buesa eta Covite fundazioen eskaera

Fernando Buesa Fundazioak eta Covitek Korrikari dirulaguntzak kentzeko eskatu diete erakundeei, esan dutenez, "ETAko kideen 38 irudi" erakutsi direlako euskararen aldeko lasterketan. 

Ohar batean, bi elkarteok salatu dute AEK-k antolatutako ekimena "terrorismoaren legitimazioaren erakusleiho" gisa erabili dela, "euskararen erabilera aldarrikatzeko helburua" alboratuta. 

Voxen salaketa

Bestalde, Voxek AEKren kontrako salaketa jarri du Auzitegi Nazionalean, euskararen aldeko lasterketan terrorismoa goratu eta biktimak umiliatu direlakoan. Antolatzaileek eta zenbait parte-hartzaileek izan dezaketen ardura ikertzea eskatu du alderdi ultraeskuindarrak.

Salaketan, besteak beste, ETAko hiru kide ohik Korrikan parte hartu izana aipatzen da, eta Iruñean haur batek preso baten irudia zuen kamiseta eraman zuela, ere bai. 

Zure interesekoa izan daiteke

VITORIA, 31/03/2026.- La vicelehendakari y consejera de Cultura, Ibone Bengoetxea, ha informado este martes en Vitoria de los asuntos tratados en el Consejo de Gobierno. EFE / L. Rico
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Jaurlaritzak 'Jauzia Gara' Euskararen Plan Estrategikoa onartu du erabileran "jauzi kualitatiboa" emateko

Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azpimarratu duenez, "inoiz baino euskaldun gehiago dugu, baina erronka nagusia erabileran dago". Helburua da euskararen ezagutzan eta, bereziki, erabileran "jauzi kualitatiboa" ematea, hizkuntza eskubideak bermatzeko eta euskararen presentzia gizarteko eremu guztietan handitzeko.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X