Gerren aurkako eta askatasunaren aldeko deiak Eibartik, gaur Memoria Demokratikoaren Leku izendatua
Unzaga plazan, udaletxea dagoen lekuan eta duela 95 urte Alfonso XIII.aren plazaren ordez Errepublika plaza izendatu zuten lekuan, ekitaldia egin dute gaur, Espainiako Gobernuak Eibar Memoria Demokratikoaren Leku izendatu duela egiaztatzen duen plaka agerian uzteko. Herritar ugariz gain, bertan izan dira erakundeetako ordezkariak, tartean Pablo Bustinduy Eskubide Sozialen, Kontsumoaren eta 2039 Agendaren ministroa.
Eibar, 1931ko apirilaren 14ko goizaldean II. Errepublika aldarrikatu zuen lehen udalerria, astearte honetan, ofizialki, Memoria Demokratikoaren Leku izendatu dute, eta ekitaldian ugariak izan dira askatasunaren aldeko eta gerren aurkako deiak.
Unzaga plazan, udaletxea dagoen lekuan eta duela 95 urte Alfonso XIII.aren plazaren ordez Errepublika plaza izendatu zuten lekuan, ekitaldia egin dute gaur, Espainiako Gobernuak Eibar Memoria Demokratikoaren Leku izendatu duela egiaztatzen duen plaka agerian uzteko. Herritar ugariz gain, bertan izan dira erakundeetako ordezkariak, tartean Pablo Bustinduy Eskubide Sozialen, Kontsumoaren eta 2039 Agendaren ministroa.
"Memoria ez da iraganeko kontua, orainekoa baizik, eta gaur egun, oraindik, hemendik mundu osora igorri ziren hitzen oihartzunak entzuten dira. Justizia, berdintasun eta askatasun mezua. Eta mezu hori bereziki garrantzitsua da gaur egun, zabaltzen ari direlako munduan autoritarismoaren indar ilunak, indarkeria, gerra eta zibilen sarraskiak", nabarmendu du ministroak.
Bustinduyk Gregorio Bustinduy ekarri du gogora hitzartzea abiatzeko, birraitonaren lehengusua zen, eta apirilaren 14an II. Errepublika aldarrikatzeko akta sinatu zuten zinegotzi eibartarretako bat.
Jon Iraola Eibarko alkatearen, Arritxu Marañon Giza Eskubide, Memoria eta Bizikidetzako sailburuordearen eta Fernando Martinez Memoria Demokratikoko Estatu idazkariaren hitzaldien ondoren, ministroak adierazi du nahiko lukeela gizarteak "duela 95 urte, plaza honetatik bertatik, gure arbasoen ereduaren mailan egoten jakitea". Haren hitzetan, "demokrata guztien betebeharra da argi eta ozen esatea ez dugula etsi behar, ez dugula belaunikatu behar, botere-jokoen taula bere alde iraultzeko munduari su eman nahi diotenen aurrean", eta "inperioen eta gerren aurka berriz ere ahotsa altxatzeko" dei egin du.