EITB Focusen inkesta
Gorde
Kendu nire zerrendatik

EAJ eta EH Bildu indartuta aterako lirateke, baina jeltzaleek aurretik jarraituko lukete

Foru eta udal hauteskundeetarako urtebete falta denean, EAJk eta, bereziki, EH Bilduk emaitzak hobetuko lituzkete, joera bipartidista sendotuz. Nafarroan, UPN izango litzateke lehen indarra, baina nekez izango luke gobernatzeko aukera; PSN eta EH Bildu lehian ariko lirateke bigarren indarra izateko.

EAJren eta EH Bilduren arteko lehiak estua izaten jarraituko du euskal politika munduan. Bi alderdiak sendotuta helduko lirateke datorren urteko foru eta udal hauteskundeetara, eta joera bipartidista finkatuko litzateke. Jeltzaleak koalizio subiranistaren aurretik geratuko lirateke, baina aldea murriztu egingo litzateke 2023ko hauteskundeetako emaitzekin alderatuta.

EITB Focus azterlanaren azken neurketak utzitako argazkitik atera daiteke ondorio hori. Inkestak euskal politikaren eta gizartearen inguruko hainbat gai aztertu ditu: etxebizitza, osasuna, segurtasuna eta Europak munduan duen rola, besteak beste. Halaber, datorren urteko udal eta foru hauteskundeetarako urtebete falta den honetan, boto asmoari eta buruzagi politikoen ezagutza zein balorazioari buruzko datuak ere bildu ditu.

Gizakerrek egin du inkesta, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako 4.250 herritarri galdetuta. Landa lana apirilaren 17a eta maiatzaren 13a bitartean egin zuten, PSOEren inguruko ustezko azken ustelkeria kasuak argitara atera aurretik.

Joera bipartidista

Boto asmoaren inguruko datuek erakusten dutenez, EAJren eta EH Bilduren indartzearen ondorioz, euskal politikak gero eta joera bipartidistagoa izango luke, EAEri dagokionez behintzat.

PSE-EEk indarra galduko luke, eta PPk babesa galtzen jarraituko luke. Voxek Araban soilik gaindituko luke % 3ko langa, eta ezker konfederalak, zatituta aurkeztuko balitz, garesti ordain lezake zatiketa hori.

Nafarroan, berriz, UPN izango litzateke berriro lehen indarra, baina gobernatzeko zailtasun handiak izango lituzke. Eskuineko indarrak —UPN, PP eta Vox— gehiengo osotik urrun geratuko lirateke.

PSNk eta EH Bilduk bigarren indarra izateko lehian jardungo lukete, koalizio abertzalearen hazkundeari esker. Geroa Baik eutsi egingo lioke bere posizioari, eta indar horiek guztiek, ezker konfederalarekin batera, gobernu aurrerakoia berritzeko aukera izango lukete.

Bizkaiko foru hauteskundeak

EAJk berriro irabaziko lituzke nagusitasunez Bizkaiko foru hauteskundeak, baina EH Bilduk goranzko joera sendotuko luke, eta tartea murriztuko luke. EITB Focus galdeketaren arabera, jeltzaleek botoen % 39,2 eskuratuko lituzkete, duela lau urteko emaitza bera. EH Bilduk, berriz, 4 puntu egingo luke gora, % 29,6raino. Bi indar horien artean botoen ia % 70 bilduko lituzkete.

PSE-EEk 2 puntu inguru galduko lituzke, botoen % 14 lortuko bailituzke. PPk ere zertxobait egingo luke behera, % 6,6raino.

Gipuzkoako foru hauteskundeak

Gipuzkoan ere joera bipartidista bera sendotuko litzateke, baina indarren arteko ordena alderantzizkoa izango litzateke. EH Bilduk babes gehiago lortuko lituzke, boto asmoaren ia % 40ra iristeko, eta lurraldeko nagusitasuna sendotuko luke.

EAJk ere hobetu egingo lituzke emaitzak, botoen % 33,7ra helduta, baina EH Bilduren eta jeltzaleen arteko aldea 6 puntura handituko litzateke.

PSE-EEk botoen % 14,5 eskuratuko lituzke, 1,5 puntu galduta, eta PPk botoen % 5,3 lortuko lituzke.

Arabako foru hauteskundeak

Araba izango litzateke botoa zatituen duen lurraldea, nahiz eta EAJk eta EH Bilduk azken urteetako goranzko joera sendotu. EAJk lehen indarra izango lirateke, baina EH Bildu 0,7 puntura legoke.

PSE-EEk eta PPk, berriz, 2 puntu baino gehiago galduko lituzkete; hain zuzen, EAJk eta EH Bilduk irabaziko luketen kopuru bera. Voxek Araban baino ez luke gaindituko % 3ko langa, % 4,8ra helduta. 

Nafarroako Parlamentua

Datorren urteko Nafarroako Parlamenturako hauteskundeei dagokienez, UPN izango litzateke lehen indarra, botoen % 26 inguru eskuratuta. Oso zail izango luke, ordea, gobernua osatzea.

UPNren, PPren eta Voxen batura gehiengo osotik urrun geratuko litzateke, eta PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta ezker konfederalak gobernu aurrerakoia berritzeko aukera izango lukete. EH Bilduk 2,5 puntu egingo luke gora, % 19,9raino, eta PSNrekin lehian ariko litzateke bigarren indarra izateko. Sozialistak % 20,5 inguruan mantenduko lirateke. 

Hiriburuetako alkateak

EITB Focus inkestak ez du hiriburuetako boto asmoari buruzko daturik jasotzen, baina bai alkateen ezagutza eta balorazioari buruzkoak.

Bilbon, galdetutako herritarren % 96,2k ezagutzen dute Juan Mari Aburto (EAJ) alkatea; horren kudeaketak % 66,4ko onespena du, eta 5,5eko nota jarri diote. Donostian, Jon Insausti (EAJ) alkateak % 96,3ko ezagutza maila du, karguan zazpi hilabete baino ez daramatzan arren; % 66,9ko onespena eta 6ko balorazioa lortu ditu. Gasteizen, Maider Etxebarria (PSE-EE) alkateak % 95eko ezagutza du, eta % 48ko onarpena, eta 4,8ko nota lortu du.

Nafarroako datuei dagokienez, Joseba Asiron (EH Bildu) Iruñeko alkateak % 96,7ko ezagutza du, % 66,1eko onespena eta 5,7ko balorazioa lortu du.

Beste udalerri batzuk

Beste udalerri batzuetako datuak ere aztertu dituzte: Barakaldo, Getxo eta Basauri Bizkaiko udalerrietakoak; Irun, Eibar eta Tolosa Gipuzkoako udalerrietakoak; eta Laudio, Amurrio eta Agurain Arabako udalerrietakoak. 

18:00 - 20:00

Alkate guztiek ezagutza maila handia dute herritarren artean, baina alde handiak daude onespenari dagokionez. Onespen handiena Tolosako alkate Andu Martinez de Rituertok (EH Bildu) lortu du: tolosarren % 81,9k ontzat jo dute haren kudeaketa. 

Ondoren geratu dira Basauriko alkate Asier Iragorri (EAJ), % 72,4ko onespenarekin, eta Eibarko alkate Jon Iraola (PSE-EE), % 72,2koarekin. 

Tolosako eta Basauriko alkateek lortu dituzte baloraziorik onenak: 6,9ko eta 6,1eko nota, hurrenez hurren. Hala ere, Aguraingo alkate Raul Lopez de Uralde ere podium horretan sartu da, 6,2ko puntuazioarekin.

Kontsultatu EITB Focusen datu guztiak 

EITB FOCUSen edizio honek berrikuntza garrantzitsu bat dakar: sistema berri bat ezarri da, eta horri esker, EITBren web korporatiboko Gardentasun atalean ikerketaren mikrodatuei sarbidea eman zaie, OPEN DATA nazioarteko formatu estandarrean. Datu egituratuak publiko espezializatuaren eskura jartzeaz gain, herritar guztiek ere datuak modu erakargarriagoan ikusi ahal izango dituzte, herria, hiria edo edozein aldagai soziodemografiko aukeratuta.

Datu-multzoak Europar Batasuneko administrazio-maila guztietako estandarren arabera sindikatuta daude (nazioarteko bertsio bat ere badute, ingelesez), baita Eusko Jaurlaritzaren eta Estatuko Administrazioaren estandarren arabera ere. Datuak hemen kontsulta daitezke.

Metodologia eta lagina

Ikerketa honetan erabilitako metodologia izaera kuantitatibokoa izan da, elkarrizketa-teknikaren bidez gauzatua.

Ikerketa-teknika horrek planteatutako helburu guztiak erantzuteko aukera ematen du, baliozkotasun eta fidagarritasun handieneko emaitzak lortuz. Azterlanaren unibertsoa 18 urte edo gehiagoko pertsonek osatzen dute, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan bizi direnek, eta landa-lana 2026ko apirilaren 17tik maiatzaren 13ra bitartean egin zen.

Laginketa estratifikatua egin da, kuoten araberako esleipen proportzionalarekin, metodologia kuantitatiboa erabiliz.

Lagina
4.250 inkesta egin dira guztira (950 Araban, 1.500 Bizkaian, 1.200 Gipuzkoan eta 600 Nafarroan). Inkestak honela banatu dira: 400 hiriburuetan —Gasteiz, Bilbo, Donostia eta Iruñea—; 200 Laudio, Amurrio, Getxo, Basauri, Barakaldo, Tolosa, Irun eta Eibarren; 50 Agurainen; 500 Bizkaiko gainerako udalerrietan; 200 Gipuzkoako eta Nafarroako gainerako udalerrietan; eta 100 Arabako gainerako udalerrietan.

Errore-marjina ±% 1,5ekoa da datu orokorretarako; ±% 3,17 Arabako Lurralde Historikorako; ±% 2,53 Bizkaiko Lurralde Historikorako; ±% 2,82 Gipuzkoako Lurralde Historikorako; eta ±% 3,99 Nafarroarako, % 95eko konfiantza-mailarekin.

Lagina ausazkoa eta estratifikatua izan da, lurralde-eremuaren, udalerriaren, sexuaren eta adinaren arabera.

Inkesten % 24 euskaraz egin dira, eta gainerako % 76ak gaztelaniaz. Emaitza orokorrak inkestatutako udalerrien biztanleria-tamainaren arabera ponderatu dira.

Landa-lana 2026ko apirilaren 17tik maiatzaren 13ra bitartean egin zen, telefono bidezko elkarrizketen bidez.

Inkestaren batez besteko iraupena 10 minutu eta 22 segundokoa izan da; laburrena 6 minutukoa eta luzeena 36 minutukoa.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X