David Sanchez errugabea dela probatuko den itxaropena agertu du Espainiako Gobernuak
Erreakzio soka luzea eragin du Espainiako Gobernuko presidentearen anaiari ezarri dioten zigorrak. Enplegu publikorako bederatzi urteko inhabilitazioa ezarri dio epaileak, prebarikazio administratiboko delitu baten egilea izateagatik.
David Sanchez, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Badajozko Auzitegiak David Sanchezi, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen anaiari ezarritako zigorraren berria zabaldu ondoren, erreakzioak bata bestearen atzetik hasi dira iristen. Enplegu publikorako bederatzi urteko inhabilitazioa ezarri dio epaileak, prebarikazio administratiboko delitu baten egilea izateagatik.
Bere iritzia ematen aurrenetakoa Espainiako Gobernua izan da. Elma Saiz bozeramailearen hitzetan, Badajozko Auzitegiaren gainetik dauden instantziek Sanchezen errugabetasuna probatzea espero dute. Ziurtzat eman du akusatuaren defentsak helegitea jarriko duela.
Saizek gogora ekarri du Pedro Sanchezen anaiaren aurkako auzibidea Manos Limpias eskuin muturreko taldeak abiatu zuela, salaketa batekin. Nabarmendu du hasieratik Fiskaltzak akusatua absolbitzea eskatu duela, eta inor ez dela akusazio partikular gisa aurkeztu prozesuan.
Bere aldetik, Patxi Lopez PSOEren bozeramaileak Kongresuan "astakeriatzat" jo du zigorra, eta Espainiako Gobernuaren aurkako "ehiza" ikusten du auziaren atzean. "Sententziak erakusten duen bakarra da ultraeskuinaren estrategiaren garaipena". Esan duenez, kasu honetan ez da delitu bat epaitu. "Pertsona bat epaitu da, Pedro Sanchezen anaia izateagatik", adierazi du.
Akusazioaren erreakzioak
Auzian herri akusazio modura aurkeztu ziren alderdiak eta taldeak, berriz, pozik agertu dira: PPk, Voxek, Manos Limpiasek, Hazte Oirrek, Abogados Cristianosek, Asociacion Liberumek eta Iustitia Europak jarri zuten salaketa.
Bere aldetik, Jose Maria Figaredo Voxen diputatuak uste du sententziak argi erakutsi duela David Sanchez "ustela" eta "lapurra" dela.
Halaber, Alberto Nuñez Feijoo PPren buruaren iritzian, gaur kaleratutako ebazpenak argi utzi du inor ez dagoela "legearen gainetik". Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak dimititu egin beharko lukeela esan du.
Jose Maria Bueno Manos Limpiasko abokatuak ere txalotu egin du epaia, argi geratu baita, haren hitzetan, "bidegabe" eskuratu zuela lanpostua Badajozko Diputazioan.
Zure interesekoa izan daiteke
Zenbat kobratuko dut hauteskunde-mahai batean parte hartu behar baldin badut?
Behin-behinean espetxera bidali ditu epaileak terrorismo delitua egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak
EAJren oinarriek asteazkenetik aurrera bozkatuko dituzte Batzar Nagusietarako hautagaitzak, Mendoza, Bengoetxea eta Gonzalez ahaldun nagusigai direla
Hondamendi eremu izendapena iragarri du Sanchezek Valentzian eta “herrialde mailako akordioa” eskatu du etorkizuneko larrialdietarako
Bizikidetzarako bidera batzeko deia egin die Jaurlaritzak "zor morala" dutenei
Anduezak ez du uste Irungo atxiloketen atzean "Euskadira indarkeria itzultzeko hazia" dagoenik