Gipuzkoak "plan estruktural bat" eskatu dio Espainiako Gobernuari Ceutako adingabeak hartzeko
Irune Berasaluze foru bozeramaileak adierazi du Gipuzkoa prest dagoela adin txikikoak hartzeko. Hori bai, baldintza batzuk ezarri dizkio Espainiako Gobernuari. Ezinbestekoa da, bere hitzetan, plan estruktural bat edukitzea, eta inprobisazioek ez dute lekurik izan behar.
Gipuzkoako Foru Aldundia prest dago Ceutan bakarrik dauden pertsona adingabeak hartzeko. Hori bai, baldintza batzuk ezarri dizkio Espainiako Gobernuari. Irune Berasaluze foru bozeramaileak ezinbestekotzat jo du "plan estruktural" bat edukitzea, eta nabarmendu du inprobisazioek ez dutela lekurik.
Bozeramaileak zehaztu duenez, lurralde historikoak gaur egun 900 adingabe ditu bere tutoretzapean, horietatik 200 inguru atzerritar jatorrikoak.
Alderdi Popularrak birkokapenen inguruan duen jarreraren aurka egin du Berasaluzek, eta erakundeen arteko elkartasuna aldarrikatu: "Ezin dugu onartu batzuek harrera egitea eta beste batzuek ez". Ildo beretik, lehendakariak esandakoa ekarri du gogora, mugan dauden lurraldeek presio guztia bere gain hartu beharrean, erantzukizuna guztion artean partekatu behar dela azpimarratuz.
Eskaera hau datorren ostegunean egingo den Haurren eta Nerabeen Konferentzia Sektorialarekin bat dator. Bilera horretan, Gazteria eta Haurtzaro Ministerioak eta autonomia-erkidegoek Ceutako krisia aztertuko dute lehen aldiz.