Burlatako Udalak aho batez gaitzetsi du UPNko zinegotzi bati jaietan egindako erasoa
Pasa den larunbatean Carlos Oto UPNko zinegotziari eraso egin zioten alderdi erregionalistaren egoitzan, hainbat alderdikide eta beste hainbat pertsona bilduta zeudela.
Burlatako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak adierazpen instituzional bat onartu du astelehen honetan, UPNko Carlos Oto zinegotziak pasa den larunbatean jasandako erasoa kondenatu eta gaitzesteko.
Udal taldeek aho batez onartutako testuaren arabera, "iritzi desberdintasun batek ere ez du justifikatzen inoren osotasunaren eta eskubideen aurkako erasorik, ez Burlatan, ez beste inon".
"Herritarrentzat ezinbestekotzat jotzen duguna bereziki ezinbestekoa da Udal honetan herritarrak ordezkatzen ditugunontzat ere. Izan ere, Udal honetan iritzi desberdintasunak egotea berezkoa da, eta desberdintasun horiek Burlatakoa bezalako gizarte ireki, malgu, bizi eta errespetuzko baten irizpide aniztasun naturala islatzen dute. Horrenbestez, gizarte demokratiko batean, gertatutakoak ez du lekurik gure udalerrian", dio testuak.
Burlata udalerri "anitza" dela eta udalbatza aniztasun horren "isla" dela nabarmendu ostean, aniztasun horrek "bizikidetzaren eredu" ere izan behar duela aldarrikatu du Udalak. Hori dela eta, herritarrei dei egiten die jaiak "errespetuz, bizikidetzan eta tolerantziaz bizitzeko".
Halaber, Udalak babesa eta elkartasuna agertu dizkio Otori.
UPNko zinegotzi baten aurkako erasoa salatu dute Burlatako jaietan
UPNk asteburuan salatu duenez, larunbatetik iganderako goizaldean gertatu zen erasoa. Alderdi erregionalistaren arabera, gizon bat sartu zen UPNren egoitzan alderdikideak eta hainbat pertsona bertan zirela, eta Otori kolpe bat eman zion bularrean. Erasoaren ondorioz, osasun etxean artatu behar izan zuten.