Idoia Mendizabali hirugarren gradua ematearen aurkako helegitea aurkeztu du Fiskaltzak
Sarek salatu du erabaki horrek "ez duela zerikusirik justizia irizpideekin"
Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak helegitea aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak Idoia Mendizabal Mujika ETAko presoari onartu zion hirugarren graduaren kontra. Sarek salatu duenez, erabaki horrek "ez du zerikusirik justizia irizpideekin".
Urriaren 1ean formalizatutako errekurtsoak etete-eragina du. Ondorioz, Mendizabal bigarren graduan dago berriro. Hala ere, zigor-araudiaren 100.2 artikulua aplikatuz, astean zehar zigorra betetzen ari den Zubietako zentrotik ateratzen da.
Helegiteari buruz jakin ostean, Sarek salatu du erabaki horrek "ez duela zerikusirik justizia irizpideekin", "mendekua" baizik.
Sarek argitaratutako ohar batean adierazi duenez, Mendizabal hirugarren gradura pasatu zuten "espetxeetako profesionalek proposatuta", eta helegitea jartzen dutenak "presoen bilakaeraz ezer ez dakiten" epaileak eta fiskalak dira.