Justiziak Ayusoren eskaria baztertu eta ez du Soleko kanpalekua hustea aginduko
Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota ditu Madrilgo Erkidegoko Gobernuak eskatutako kautelazko neurriak. Gainera, Espainiako Gobernuak Madrilen duen ordezkariari eskatu dio asteazkenerako (09:00ak aurretik), alegazioak eta arrazoiak azaltzeko idatzi bat aurkez dezan.
Soleko kanpaldia, Madrilen. Artxiboko argazkia: EFE
Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak (TSJM) ez dio etxebizitza eskubidearen alde Sol plazan egiten ari diren kanpaldia berehala husteko eskatuko Espainiako Gobernuak Madrilen duen Ordezkaritzari, eta Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidenteak pasa den astean egindako eskariari erantzun dio, horrenbestez.
Astelehen honetan emandako autoan jakinarazi duenaren arabera, "premia bereziko inguruabarrak" egon arren, ezin da erabakirik hartu "Estatuko Administrazio Orokorra entzun gabe".
Gaiaren mamiari heldu gabe, auzitegiak kontuan hartu du kanpaldian parte hartzen ari direnen "biltzeko eskubidea" eta aginduaren eragina, are gehiago, indarra erabiliko balitz.
Magistratuen ustez, plaza husteko "pertsonak fisikoki jotzeko" aukera "benetakoa" denez, aurretik beharrezkoa da Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak zer iritzi duen jakitea. Halaber, asteazkenera arteko epea eman dio, 09:00ak arte, alegazioak eta arrazoiak aurkezteko.
Madrilgo Erkidegoak epaitegietara jo zuen pasa den astean, Espainiako Gobernuari Soleko kanpalekua husteko emandako 48 orduko epea amaitu baino ordu batzuk lehenago.
Espainiako Gobernuaren ordezkariak erantzun zion kanpaldiak "ordenamendu juridikoa erabat errespetatzen" duela.